Josetxo Lizartza:"Jendeak ez ziok inportantziarik eman nahi kirol kazetariari"


2021eko uztailaren 16an
Josetxo Lizartzari elkarrrizketa

Josetxo Lizartza:"Jendeak ez ziok inportantziarik eman nahi kirol kazetariari"
Josetxo Lizartza, 32 urte, leitzarra. Gaztetatik ekin zion komunikabideetan lan egiteari, Herri Irratian hasita azken bi urteotan ETBn kirol kazetari gisa lortu duelarik sona puskat. Hamaika plaza korritu ditu pertsonalitate herrikoi honek honezkero, futbola, pelota, txirrindularitza eta beste bere euskara ederrez haizatuz. Estatu mailako Antena 3 kate pribatuan hasi da berriki, Donostian eraiki behar duten irrati emisorako arduradun bezala. Guzti honen inguruan mintzatu zaigu luzez.
GALDERA: Nolatan hasi zinen komunikabideetan lanean?
ERANTZUNA: Hasi, hasi egin ninduan Ilazki euskaltegian lanean ari nintzela. Ilazkin bahituen orduan Herri Irratian ari zirenak, Iñaki Zubizarreta eta hauen bitartez lantxo batzuk egiten hasi ninduan eta gero hor tartean gertatu huen egin zela Euskal Irrati Telebistarako eskola bat, kursilo batzuk egin nizkian eta horien amaiera aldera beka bat eskeini zigutean lau lagunei edo, eta horietako bat huen Donostiako Herri Irratian lan egiteko. Pako Sagartzazu eta hauekin hasi ninduan goiz parteko lanak egiten sasoi hartan, normala denez ikasten eta laguntzen.
GALDERA: Herri Irratian ikasita Euskadi Irratira aldegin zenuen hau martxan jarri bezain pronto, ezta?
ERANTZUNA: Nolabait Herri Irratiko ekipoa izan huen Euskadi Irratiko aurrenekoa. Oterminek hasieratik hitzegin zian gurekin, aurkeztu eta lanean hasi gintuan. Gertatu huen neri eskaini zidatena egingo nuela irratian eta gero egiten hasi nintzena ez zela gauza bera. Hasieran proposatu zitzaidaan goizeko programa bat zuzenduko nuela eta kiroletan ere izango nuela aukera, eta gero hasi hituen kuadrikulatzen, "hik hemen egon behar duk" eta horrela. Gertatzen duk gu ez geundela hala ohituta eta nik ez nuela hori nahi eta baneukala beti Herri Irratiaren eskaintza, soldata ere ondo samar segitzeko modukoa huen eta hara jo nian berriz. Ez huen izan oso traumatikoa aldegitea Euskadi Irratitik.
GALDERA: Hau honela, ze asmoz itzuli zinen Herri Irratira?
ERANTZUNA: Bazegok irratian betidanik desaprobetxatu samarra egon den ordu bat, audientzi potentziala haundiena jeisten deneko hori, eta beno nik horrela planteatu nian garai hartan, aprobetxatu zitekeela, hor egin zitekeela lan polit bat eta hori huen ahalegina piskat, audientzia gutxi galdu zedila ahal balitz. Orduan egin genian "Herriko Taberna" delako hori, kultura oso zentzu zabalean hartuta, asmoa hori huen, kultura programa izan zedila baina jendea konturatu gabe kultura programa bat zela. Nik uste poliki ateratzen zela, hori huen kontua, lasai samar egina, konplikazio haundirik gabe, programa atsegin bat. Geroago hasi ninduan kiroletan, futbola, pelota...
GALDERA: Kirol kazetari bezala ezagutu zaitu jendeak azken bi urteotan ETBn. Zer dela-ta espezializatu zara kirol kontutan?
ERANTZUNA: Kirol zaletasuna edukitzea ez duk arritzekoa herri honetan. Beti izan nauk kirolzale eta batez ere pelota munduan oso sartuta ibili nauk. Hortaz aparte, nere aukera izan ez balitz ere hor jarriko ninduten zeren neri esan zidatean beharrik haundiena momentu horretan hor zegoela.
GALDERA: Kirolari ekingo diogu beraz. Nolakoak dira ETBren berrirratsaioak?
ERANTZUNA: Nere iduriz asko aurreratu da teknika aldetik batipat, lanerako gogoa bazegok eta gauzak ondo egin nahi dituk. Hor bazeudek akatsak eta hutsuneak, errealizadore batek zerbait egin nahi duenean ez bait dik izaten beti nahi duen hori. Hilabete hauetan berrirratsaioen buru ibili naizela eta, jabetu nauk horretaz. Errealizadoreak estimatzen bazian bi talde mugikor behar zituela esaten zitzaioan batekin moldatu behar zuela. Hirugarren mailako ekipo batek eskatzen dik igoal 500 mila pezeta partidua eman ahal izateko, eta seguruenik ekipo horrek ez dik urte osoan hainbeste irabaziko. Hor zegok prezioen problema. Ekipo bakoitzarekin negoziatu behar duk, Liga Profesionalarekin, askotan ezin baita pagatu. Gero, hor bazegok jende bat, brigada bat, mendietan eta ibiltzen dena saltoak eta enlazeak prestatzen. Egun batetik bestera ezin dituk bi berrirratsaio eman adibidez, denbora behar delako bezperako trasteak menditik jaso eta besterako prestatzeko. Berrirratsaio asko utzi dira egitear horregatik, enlazeetako jende problema dagoelako. Hori, dena dela, beti onartu beharreko gauza bat duk ze herri txiki batetako telebista txiki bat bait duk gurea eta bitartekoak halakoxeak dituk. Nik uste diat halere, asko aurreratu dela eta ahalegin pertsonal ikaragarriak egin direla kiroletan ari den jendearen aldetik kasu. Seguruenik ahalegintasun hori beste departamentuetan ez duk nabari.
GALDERA: Asko kritikatu izan zaio betire ETBri ez diola kasu haundirik egiten hemengo kirolari. Nola ikusten duzu zuk hori?
ERANTZUNA: Hau honela, ni kirol arduradun egon naizen bitartean, bi faktore izan dizkiat beti kontutan erretrasmisio bati baietza ala ezetza emateko. Batetik, jendeak izan dezakeen horren egarria eta hori neurtzen ez duk zaila izaten ze badakik futbolak kasu beti zango duela harrera ona, pelotak maila piskat baldin badu ere, eta beno kirol minoritarioak direnean klasifikazio bat egiten duk gure kirolari lehentasuna emanez kirol hori bultzatu nahian dabilen jendeari laguntzeko tresna izan behar dugulakoan hain zuzen.
GALDERA: Indar haundia du kirol kazetariak egun; zergatik?
ERANTZUNA: Izan zitekek indarra baina nik uste diat indar faltsoa dela. Herri honetako jendea ez duk tontoa eta gainera zera, behe samarrean jendeak ez ziok inportantziarik eman nahi kirol kazetariari, jendeak pentsatzen dik kirol kazetaria ez dagoela hain prestatua edo ez dela hain listoa politikaz eskribitzen duenarekin konparatuz. Kirol kazetariak oso bokazionalak dituk denak eta hori profesio askotan ez duk gertatzen. Ez diat uste bestalde inongo aginterik duenik ze azken batean kirola zer duk? Ez dik halako eraginik jendearen bizimoduan.
GALDERA: Ze maila erakusten dute ETBko aurkezleek?
ERANTZUNA: Ez diat uste ikusgarria denik hor aritu garenon maila. Ez zegok ikasteko modurik ere. Zer aukera eman zaiguk ikasteko? Batez. Orduan, ez diat uste aritu behar dugunik "bai txarra dela hori!" esaka, akaso txarra izango duk baina inork ez ziok esan nola egin behar duen eta arazoa hori duk. Gero, arduradun bakoitzaren erantzunkizuna duk zein aukeratzen duen. Ez zekiat nik beti egokienak aukeratu diren baina aukeratu izan diren horiek ez ditek izan ikasteko modurik. Beste batzuk berriz, eta hori salatzekoa duk, ez ditek ondo menderatzen hizkuntza eta beharbada hori larriagoa duk. Ez diat uste komunikazioetan lan egiten ari den jende onena ETBn ari denik. Beharbada garai batean hala pentsatu zitekeen, "hemen bazegok jende bat eta horiek eraman behar ditugu Euskal Herrian euskarazko komunikabiderik inportanteenera". Orain etzegok holakorik.
GALDERA: Aurkezleena baino akats haundiagorik ez al dago ETBn?
ERANTZUNA: Akatsak haundiagotzen zihoaztek organigraman gora egiten dugun neurrian. Zera esan nahi diat: hemen idazlari soil batek izan zitzakek bere falta eta hutsuneak baina neri iruditzen zaidak, herri honetan beste gauzetan gertatzen den modura, organigraman gora egiten den heinean akats horiek nabariagoak direla. Ez jendeak borondaterik ez duelako baizik eta beharbada orain arte ez delako aukerarik izan, kasu honetan telebistarako koadro on batzuk muntatzeko aukera. Koadro intermedio dezente falta dituk. Pertsona egokienak ez zeudek idazlaritzan, kamaretan... baina gora eginda ere hutsunea nabaria duk oso. Gero, ETB mundu guztiak erabili egin nahi dik, partidu politiko zenbaitek, agintea dutenek beren zakura eraman nahi ditek eta erabiltzeko aukerarik ez dutenek erabili nahi ditek ezin erabili dutelako salatzeko. Uste diat kontsentsu bat behar dela ETBn partidu politiko eta euskal munduaren artean.
GALDERA: Egia al da ETB2k praktikan ETB1 jan egin duela?
ERANTZUNA: Nik uste diat poliki-poliki gertatzen ari dela. Nik beti begiratzen zioat Euskadi Irratiaren adibideari, eta jendeak esan zezakek "hi, euskara hutsez nahi duten irratia horzegok", konforme. Baina askoz ere bitarteko gehiago dizkik Radio Euskadik. Hasiera batean esan zen jarriko zutela hura bi hizkuntzetan aditzeko moduan baina hizkuntza bakarrez aritzen duk eta horrek bazeuzkak bitartekoak. Eurokopara ez zen joan Iñaki Elortza Euskadi Irratitik, eta bai Patxi Alonso Radio Euskaditik. Dirurik ez zutelako edo, aitzakia behintzat hori huen eta beno, euskara beti izan duk eskekoa baina behin instituzioetan eta diru baten jabe izanez gero ez dut uste eskekoa behar duenik izan.
ETBn, poliki-poliki, hori gertatu duk, nahiz eta presupuesto gehien ETB1erako den, gertatzen dena duk ETB2k erabiltzen duela ETBren azpiegitura guztia eta gero bere gauza batzutarako beste presupuesto batzuk dauzkala. Nik ikusten diat ETB2ko programa batzuk indartzen ari direla eta horrek kalte egiten diola azkenean gure telebistari. Nik ez zioat ukatu nahi Euskal Herrian bizi den erdaldunari telebisioaren aukera, baina nik uste euskararen aldeko erdaldunek garbi edukiko dutela zer egin nagusiena hemengo telebista batean euskaraz egitea dela. Nik nahiago diat askoz ere kanal bakar bat bitarteko guztiak hor erabili ahal izateko eta kanal bakar horretan bi edo hiru programa onak erdaraz egitea. Bestela, ETB bitan zatitzea tranpa demagogiko bat duk.
GALDERA: Disgustorik edo izan al duzu telebistan?
ERANTZUNA: Beno, batzutan disgusto batzuk izan dizkiagu. Adibidez, kontseilari batek hau esan duela eta egin beharra. Hori ote duk kontseilari baten funtzioa? Ez zekiat non estropadak daudela eta nahi ta nahiez eman behar dela guri esatea? Horretarako gu gaudek.
GALDERA: Irratia eta telebista alderatuz gero, non aritu zara gustoago?
ERANTZUNA: Irratitik telebistarako aldaketa ikaragarria duk, nik banekian hala izango zela baina ez nian uste hainbestekoa izango zenik. Nik irratia oso nerea sentitzen diat, oso gustokoa. Askoz ere zuzenagoa duk irratia, oso hire mende daukak, egin nahi baduk programa on bat hire ahalmenen arabera egingo duk, ez hago beste inoren mende. Telebistan ez duk hori, mila lagunen mende hago: hasi makiladorearekin, kamarak, operadoreak eta produktorearekin bukatu arte. Kate luzea duk eta kate maila batek huts egitea erreza duk hain luzea izaki. Hori duk problema nagusiena eta gero zera, imaginak askoz ere inportantzia haundiagoa zeukak hitzak baino, konturatzen haiz hire rolla bigarren mailakoa dela. Nik uste diat halere, herri hau hitzen sorgin zera horren mende dagoela eta ez dakigula igoal gehiegi imaginekin lan egiten. Lehengora itzuliz, telebistak abantaila haundiak ere badizkik, oihartzun haundiagoa zeukak, baina eguneroko lanerako langilearentzat askoz ere atseginagoa duk irratia. Telebistan agertu egin behar duk, eta nik behintzat ez nian oso gustoko, dezente sufritzen nian.
GALDERA: Irratira itzuli zara berriz oraingoan. Antena 3era. Asetu egin al zara orain bitartean eginiko lanaz Estatu mailako kate pribatu batera jotzeko?
ERANTZUNA: Aspaldian etorri zitzaidaan neri eskeintza Donostiako emisora zuzentzeko eta buelta asko eman nizkioan eta azkenean holako erabaki bat hartzen duzunean ez da izaten arrazoi batengatik, arrazoi pila zegok, batzuk pertsonalak eta besteak profesionalak. Neretzat atseden bat izan zitekek ETBren martxa haundi horretan. Inorrek ez zidak ezer agindu eta beno etzekiat nik komunikabide instituzionaletan noizbait izango dudan zerbait zuzentzeko aukerarik, beste zerbati ere behar bait duk profesionala izateaz aparte.
Nik erantzun osoa izango diat Antena 3en Donostiatik egingo dugun produkzioan, ezin dut izan erantzunkizunik Madriletik egingo dutenarekin. 5 ordu t'erdiko emisio lokala egingo diagu, gurea. Hor bazegok helburu bat, emisora txiki bat maneiatzeko eta zuzentzeko gauza naizela demostratzea nere buruari, honek dituen helburuekin, irrati komertzial eta txukun bat egitea alegia, inguruko entzuleak kontutan izanda. Honezaz gain aukera izan diat hutsetik hasi eta ahal den neurrian jendea aukeratzeko eta pauta batzuk segituz nere modura programazio bat osatzeko eta beno, aukera polita duk.
GALDERA: Eta euskararekin zer gertatzen da, Antena 3ek ze leku utziko dio euskarari?
ERANTZUNA: Antena 3 pentsatua zegok erdaraz egiteko Estatu osoan. Hau honela, bazeudek elebidun kontsideratzen diren zonalde batzuk, Catalunya kasu, eta horietan filosofia duk erdaraz egitea baina beti entzuleari bere hizkuntzan egiteko aukera emanez. Honezaz gain, Antena 3n ni egongo ez banintz baino gehiago egingo da euskaraz ni egonda. Guk egingo dizkiagu gauza batzuk euskaraz, ez seguraski nahi genukeen adina. Neretzat hoberena izango hukek hemendik urte gutxitara irrati hau izango balitz cadenarekin oso lotura gutxi daukana, guretzat egoera ideala hori hukek eta guk egin abal izatea askoz ere ordu gehiago eta haiekin ez loturarik izan ezertarako.
Ni euskararen aldeko pertsona bat kontsideratzen nauk eta beno, orain erdarazko komunikabide batean aritzeak zer ekarri dezakeen? Nik argi ikusten diat euskarak oso errespetuko tratua izango duala gure emisio lokalean eta ez zekiat hala izango lukeen beste jende batekin. Euskaraz ez diagu egiteagatik egingo, ez dizkiagu portzentaiak planteatuko garai batean Diputazioaren laguntzaz egiten huen modura. Bestetik, euskararen alde lanean diharduten guztiek izango ditek bere tokia gurean, ze azken batean Euskal Herrian sentitu daitekeen fenomeno bat da, hemen bazegok erdaldun asko euskararen alde dagoena. Hemen batez ere komunidade bat zegok, euskaraz mintzatzen den jendea eta mintzatu nahiko lukeenak osatzen duena. Gure entzulea hor zegok.
LOREN ARISTI
38-41


GaiezKomunikabidKazetariak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazLIZARTZA1
EgileezARISTI2Komunikabid

Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


Eguneraketa berriak daude