argia.eus
INPRIMATU
Eguzkilore: Euskal Herriko lehen euskal ludoteka Irunean
IƱaki Mendibe 2021eko uztailaren 23a
Iruñeako Eguzkilore ludotekan elkarrizketan.
KASIK URTEBETE SORTU ZEN ETA INDAR HANDIZ ARI DA IRUÑEKO PARTE ZAHARREAN
Eguzkilore: Euskal Herriko lehen euskal ludoteka Irunean
Orain hamar hilabete inguru, urte honen apirilaren 4ean hain zuzen, Iruñeko Alde zaharrean Eguzkilore deituriko ludoteka jarri zen martxan. Iruñean ematen horrelako lehen esperientzia izateaz gain, Euskal Herri mailan sortu den estraineko ludoteka euskalduna da.
Fenomeno honen gaurkotasunak akullaturik beraiengana jo genuen argitasun zenbait jakin asmoz. Hemen dituzue esan zizkiguten gauza aunitz, halabeharrez laburbildurik.
ARGIA.–Ludoteken fenomeno hau berria da, horregatik, ludoteka bat zer den argituko al diguzue?
EGUZKILORE.–Beno, jostailu, joku eta ludotekariek prestatzen dituzten ekintzen bidez haurrek jolasleku gisa eduki dezaketen leku ireki bat. Bai Nafarroan, nahiz Euskal Herri zein Estatu mailan ematen hasi den esperientzia berria da. Jendeak ez du oso argi zer den, askok eta askok haurtzaindegi bat dela pentsatzen dute eta. Gauza ez da horrela, ez eta hurrik eman ere. Guk ez ditugu haurrak zaintzen, haiek jolastera etortzen dira eta gu haiekin iharduten gara jolasean.
A.–Noiz eta nola bururatu zitzaizuen ludoteka bat egitea?
E.–Batez ere Iruñean aisiari dagokion arloa nahiko bazterturik zegoela ikusi genuelako. Eguzkilore Taldean geunden eta zerbait gehiago egin behar zela pentsatu genuen, eta ekin egin genion lanari. Udalari projektu bat aurkeztu genion eta 2.200.000 pezetatako diru-laguntza eman zigun lanean has gintezen. Horrela, joan den apirilaren 4an jarri zen martxan jaialdi handi bat zela medio.
A.–Baina zuek zer lortu nahi duzue ludotekaren bidez, zeintzu dira zuen helburuak?
E.–Arrisku guztietatik kanpo dagoen lekune bat eratu diegu haurrei, bertan haurrek gustora jolastu eta ongi pasa dezaten, trebetasunak eta beraien ahalmenak garatuz, eta modu honetan beraien nortasuna aberas dadin.
Bestalde, euskara ikasgela batetako lau horma artetik atera nahi dugu, jokuaren bidez hizkuntza tresnakomunikagarri batetan bilakatzeko. Modu honetan egoitza hau Alde Zaharreko animazio gune bihurtu dugu, bide batez auzo honetan euskarari bultzada bat emanez. Hemen, jolastera datozen neska-mutilek lagunarteko giroa bizi dezaten lortzen saiatzen gara. Lau eta hamalau urte artean dauden gaztetxoek dituzten hutsune, akats zein urritasunak zuzentzeko ahaleginak egiten ditugu joku eta jostailu berezien bitartez. Era berean, eskolan nahiz etxean gutxiegi edo oker landutako jokaera eta trebetasunak eragin eta indartzen ditugu.
Baina helburu guztien gainetik ongi pasatzea da inportanteena, eta horretarako arriskutik kanpo dagoen txoko eder bat eskaintzea haurrei.
A.–Hori lortzeko bitarteko batzuk beharrezko izango dira. Nola egokitu duzue zuen egoitza?
E.–Jokuak jostailuen erakusketa apal eta mahaietan egoten dira, eta egoitzan txoko diferenteak daude: eraketarako txokoa, landareen txokoa, disfrazen txokoa, txabolen txokoa, adierazpen txokoa, e.a. Horretaz gainera, bi modulo daude pasarela batekin.
A.–Zenbat haurrekin ari zarete lanean?
E. - 240 haur inguru etortzen dira, baina denak ez dira beti etortzen, bakoitza gogoko duenean azaltzen da. Hori bai, 9-11 urtetakoak dira gehien etortzen direnak.
A.–Zuen ludotekan euskara hutsean hitzegiten da. Zergatik hori?
E.–Lehenengo hilabetetan haur erdaldun batzuk etorri nahi izan zuten ludotekara, eta ondorioak ikusteko bat hartu genuen, baina esperientzia ez zen batere positiboa izan, haur euskaldun guztiak segituan erdarara pasatzen ziren eta. Guretzako elebitasunarena tranpa da, hemen ezin ezarrizkoa bait da. Horrela, erdara hutsean egiten duzu ala euskara hutsean. Gure jarrera hau ez da politikoa, praktikoa baizik.
A.–Zeintzuk dira zuen oztopo edo arazo nagusienak?
E.–Bai, orain dugun egoitzatik bota egin gaituzte. Abendua amaitu bezain laister jostailuekin bakarrik geratu gara, eta lokal berria topatzen hasi beharko dugu. Subentzioa ere berriro eskatu beharko dugu.
INAKI MENDIBE
51

GaiezKulturaBesteak
EgileezMENDIBE1Kultura