"Bestaldera pasatzen Saiatu Behar Dugu Hola Gaudenok"


2021eko uztailaren 23an
Joxe Alberdi "Donibane", Ipar Euskaditik Bi Aldiz Espultsatua
"Bestaldera pasatzen Saiatu Behar Dugu Hola Gaudenok"
13 urte Ipar Euskadin errefuxiaturik pasa eta gero aurtengo otsailean ekarri zuten hona. Hemen sei hilabete egin ondoren muga pasa eta berriro ekarri dute, Arnegiko fronteran polizia frantsesek detenitu ondoren. «Argilo»k plazaratutako «Pitxu» pertsonaiari bizia eman dion artista honek, batzuek «Donibane» eta askok «Sanjuan» deitzen diotena, bere buruaz gutxi kontatu nahi duela diosku.
Joxe Alberdi.– Grafikoki esateko, hau duk niretzat bigarren exilioan egotea, ze ezin diagu orain jada pasa bestaldera.
ARGIA.– Ipar Euskadira saiatu haiz joaten, eta saiatu haiz mugatik pasatzen. Horrek zerbait esan nahi dik, ezta?
J.A.–Bai, noski. Orain arte ez zidaten eman karnetik. Orain dela hilabete edo eman zidaten eta nik esan nuen pasatu behar nintzela. Bi haurrak han dauzkat, emaztea ere bai, eta bueno, ni ere pasa behar naiz. Nere papera duk saiatzea bestaldera joatea. Eta nire egoera berean daudenek ere salatu behar dute bestaldera joaten.
Aurre eman behar diogu gobernu frantsesari, zeren hona espultsatu gintuztenean akusazioa zen «pertenencia a bandas armadas» eta atentatuak prestatzen ari ginela. Lehengoan, hara joan nintzenean eta polizia frantsesak hartu ninduenean, nere artean pentsatzen nuen: ea pasatzen nauten juezarenganik. Zeren eta galdetuko nion ea non dauden frogak. Eta gero gobernu espainolak ez baldin badu akusazione konkreturik gure kontra, ea zergatik gobernu frantsesak mantentzen duen postura hau.
Espulsioak barne ministeritzatik datoz zuzenean, Pandraud-en eskutik. Baina justizia frantsesaren aurrean guk ez daukagu deusik. Judizialki karpeta garbia daukagu, baina dezisione politikoa duk.
A.–Zer esan ditek orain mugan harrapatu hautenean?
J.A.–Deusik. Pasatu ginen seiretan eta hamarrak bitartean eduki gintuzten Arnegiko mugan, paperak egiten, eskuak lotuta eta horrela. Hamarrak aldean jaitsi ninduten Hendaiara. Arnegin esan zidaten hurrengo goizeko hamarretan juezaren aurretik pasa behar nuela, eta prest nintzen ni. Prest eta kontent. Jakingo nuen zergatik bidali ninduten Hegoaldera. Hurrengo egunean ordea pasa ziren hamarrak, hamaikak... eta azkenean etorri zen tipo bat eta esan zidan aske utziko nindutela ez bait zeukaten fitsik nere kontra.
Uste diat ni bezala jendea prest dagoela Iparraldera joateko eta juizioa eskatzeko, gaur egun dagoen dezisione hori anulatzeko. Ea non diren frogak, eta frogarik ez badago–guk badakigu ez dagoela–bada dezisione hori haustea. Saiatuko gara hara joaten.
A.–Nola ikusten duk hire burua hemen, Hego Euskal Herrian?
J.A.–Azken hamahiru urteak bestaldean pasa ditudalarik nere bizitza guztia han zegok. Projektu guztiak, burua, familia, lagunak... han zeukeat dena. Hemen ondo nago. Ezagutzen diat hau, baina nere azken 13 urteak, inportanteenak, han pasatu dizkiat. Bi haurrak, emaztea, lagunak, lana...
A.–Eta poliziarekin?
J.A.–PAFekoak harrituta geratu ziren. «Nola atrebitzen da hau berriro etortzen?» esaten zuten. Nik karneta erakutsi nien eta eskubidea neukala esan nien. Telefonatu zuten segidan Baionara, juezarengana. Han libre utzi nindutenean polizia espainolaren eskutan jarri ninduten. Esan zieten legalki pasa nuela muga espainola baina ezin nuela bestaldera pasa. Polizia espainolak hartu zuen karneta, sartu zuen makinan eta berehala utzi ninduen.
A.–Bestela nola habil hemen, lasai samar edo
J.A.–Bai, lasai samar... badakik nola diren gauzak hemen. Hemen denak gaude «libertad provisional»ean. Aski da edozer gauza berriz ere juezaren aurrean aurkitzeko. Hemen, fitxatuta gaudenak, eta besteak ere bai, denak gaude libertad probisionaleko egoera batean. Ni saiatzen naiz pertsekuzio sindromerik ez izaten eta lasaiki bizitzen, ze bestela...
A.–Bestaldean, GALekin eta estradizinekin ere izango da halako zerbait.
J.A.– Bai, baina azkenean markatzen duzu gauza bat, edo bizitzen dituzu dauzkazun egunak... edo badakizu egunen batean edo bestean harrapatuko zaituzte GALekoek, edo PAFekoek... Egiten duzana da bizi dauzkazun egunak eta harrapatzen bazaituzte kitto. Jendea horrelako moralarekin bizi duk bestaldean.
Dena dela harritzen nau presoen morala eta erresistentziak. Hori duk... mutua gelditzeko modukoa. Izugarria duk. Fabrikatu behar dute moral hori ze inork ez die ematen. Fabrikatu behar dute hemen gertatzen diren gauzekin. Inguruarekin e.a. Kolektibo horren batasuna eta erresistentzia.
A.–Beti esaten da gogorra dela bestaldean errefuxiaturik daudenen egoera baina are eta gogorragoa dela barruan daudenena.
J.A.–Bestaldean gogorra duk baina jendeak botatzen dio botatzen zaion morala. Azkenean gordeta edo erdi-gordeta egiten duzu zure bizitza pribatua eta publikoa, ze bestaldeko jendeak ere laguntzen dizu, eta ez dira beti zulo batetan egoten. Bueno, egon behar direnak bai, baina beste jendea gordeta baina tira... Eta horrek izorratzen dio poliziari, ez dute lortzen jende hau isolatzearik.
A.–Hi libre utzi haute baina beste asko gartzela espainoletan sartu dizkitek.
J.A.–Utzi gaituzte libre ez dakit zenbat jende, hogeita hamar edo horrela. Horrelako egoera batetan norbaitek pagatu behar ditu "los platos rotos" eta beste erdia baino gehiago barruan daukate. Gehienetan frogarik gabe. Entrega hauek justifikatzeko beti eduki behar dute baten bat barruan. Eta gartzela tokatzen zaionak «a pagar los platos rotos».
A.–Ze giro ikusten duk Ipar Euskal Herrian?
J.A.–Nik ezagutzen dudan giroan bai bestaldean, bai hemen, bestaldean nahiko giro ona ikusten diat. Ez duk txantxetan aritzekoa, noski, baina jendeak aguantatzen dik eta aguantatuko dik. Gainera Iparraldean gero eta larriago zegok egoera politikoa, bertako jendearentzat ere. Eta nik uste diat problema ez dela ari ttipitzen, jendea gero eta gehiago ari dela inplikatzen. Bertakoen laguntza gero eta handiagoa da.
A.– Orain hego eta iparraldekoen artean harreman hobeak daudela diok.
J.A.–Bai, bai. Noski. Hobeto gainera, ez manifestaldietan bakarrik. Errefaxiatuei denetan laguntzeko.
A.–Hamahiru urte Ipar Euskal Herrian pasa ondoren, nola aurkitu duk Hegoaldeko egoera hilabete hauetan?
J.A.–Hamahiru urte han baina beti ere hemengo gauzatan fijatzen. Dena dela pentsatzen nuen aldaketa handiagoa ikusiko nuela. Eta ez dut ikusi hain handia. Ez dakit justu zergatik, ez delako eman, edota nahiko hurbiletik jarraitzen genuelako. Politika mailan aldatu dira gauza batzuk, baina aldatu diren gauza horiek inportanteak al dira guk dauzkagun egiazko problemak soluzionatzeko? Nik uste dut ezetz. Aldatu dira azaleko gauzak, eta ez barnekoak. Eta gero eta zailagoak izango dira konpontzen gauzak, ez badira atzotik bideak jartzen horiek konpontzeko.
Lehengo batean esaten nion beste bati, gu eta gu baino zaharragoak multikopistak-eta lapurtzen hasi ginen afitxak egiten, propaganda ilegala egiten. Gu horrela esnatu ginen. Ni konkretuki Burgosko Prozesuan. Gaurko gaztea ordea politikara esnatzen da kotxe-bonba batekin. Trajedia handiago batekin. Eta azaletik ematen du aldatu dela baina barnetik ez da gauza handirik aldatu. Kontradizio handiagorekin sortzen da horrelako jendea.
Orain ematen ari diren negoziazio edo kontakto horiek ez dute deusik emango. Ez da ilusione handirik egin behar. Momentuz puntu bakarra irabazi da eta da publikoki egitea kontakto horiek. Eta organizazioak beti esan izan du du kontaktoak ematekotan publikoki eman behar zirela. Hori lortu da. Baina ez dakit esperantza handirik eduki behar den. Galdetu behar da ea zergatik gobernuak nahi dituen kontaktoak eduki. Nik ez dut uste hemengo arazoa konpontzeko asmoarekin denik. Uste dut gure artean kontradizioak sortzeko eta geure batasuna hausteko dela. Baina ez konpontzeko arazoa. Beraz, erne!
A.–Hire egoerara etorriaz berriro, eta hori horrela ikusita, ez duk epe laburrera Iparraldera bueltatzerik izango, kontaktoak direla eta, edo beste zerbaitegatik gobernu frantsesak jarrera aldatzen ez badik behintzat.
J.A.–Edozein gerratan bezala negoziaketak ematen ari diren bitartean inor ez da gelditzen bere gerra aurrera eramatearekin. Frantzia eta Aljeriaren arteko gerran errepresioa ez zen geratu negoziatzen ari zirenean. Aljeriako erresistentzia ere ez zen geratu. Bakoitzak bere lana egiten du.
A.–Kaleko giro alala... hik bizi eta ikusitako gauzekin, ez al duk arin samarra aurkitu?
J.A.–Bai, baina nik jakin nahi nuke beste tokietan ere zenbat jendek hartzen duen parte erresistentzian. Nik uste dut hemen portzentaia nahiko handia dela beste herriekin konparatuta. Egoera honetan. Jendea armekin baldin badabil kalean, jendea sartzen da. Baina hemen giro espeziala duk eta nahiko herri burgesa gara. Nik uste ematen den borroka nahiko dexentea dela. Hemengo renta per capita nahiko handia da eta horren ondorioz ematen da nahiko lasaitasun moduko bat. Horretaz aparte nik uste badela nahiko erresistentzia politikoa.
Guk eskatzen duguna ez da muga jartzea Hendaian eta listo. Eskatzen duguna muga hori kentzea duk. Sinplea duk. 4 + 3 = 1. Gure helburua herri bat izatea da. Europa barruan beste edozein desgraziatu bezala bizitzea. PAFeko komisarian irakurri nuen paper bat eta haiek uste dute garena baino askoz ere prosobietikoagoak garela.
A. - Politika utzita, Zuberoako "Pitxu" pertsonaiarekin marrazki bizidunetan egin duzuen bertsioak egin hau ezagun.
J.A.–Geneuzkan medioekin eginda egoteko ondo dagoela uste diat. Baina zailago duk egoera honetan marrazki bizidunekin filme bat egitea Libanon filme bat egitea baino. Pentsa: Ramonek behin tailerreko atea ireki eta GALekoari enkaskilatu zitzaioneko hura esaterako. Edota beti egoten haizela detenituko hauten zai. Ramoni esaten nion ezin zuela gaisorik gelditu ze bestela ez genuela pelikula bukatuko. Eta bukatu genuen.
Egoera kaskarrean utzi gaituzte baina badugu beste proiekturik ere. Aldizkari bat egitea pentsatzen dugu. Handientzako. Materiala bildu eta publikatu. Literatura, gauza grafikoak. Iparraldeko eta Hegoaldeko jendearen artean.
Iñaki ZUBIONDO

Ipar Euskadin dituen emazte eta haurrekin bildu nahi du Alberdik; juezak bere kontra deus ez du baina poliziak...
Presoen espetxe espainoletan daukaten moralari harrigarri derizkio Joxe Alberdik.
15-17

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakErbesteaErrefuxiatu
PertsonaiazALBERDI2
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Migratzaileak delinkuentziarekin lotu eta mugen kontrola areagotzearen alde egin du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]


Kanibalismoa bizirauteko

Poloniako Maszycka kobazuloan duela 18.000 urteko arrastoak topatu zituzten XIX. mendearen amaieran. Baina berriki giza hezurrak teknologia berriak erabiliz aztertu eta kanibalismo zantzu garbiak aurkitu dituzte. 

Ez da ikerlan bat ondorio horretara iristen den lehen... [+]


Aliatuen errekorrak

Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago,... [+]


Zer gertatu da DBH 2n? “Ezohiko bi jaitsiera handi” nabarmendu ditu ebaluazio diagnostikoak zientzia eta gaztelanian

Matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa konpetentzietan EAEko ikasleek duten maila neurtzen duen ebaluazio diagnostikoaren emaitza festan, 13-14 urteko ikasleek zientzia eta gaztelanian izan duten deskalabrua "zuhurtziaz" gogoetatzeko beharra adierazi... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Donostiako emakume batek salatu du Ertzaintza bere aurka oldartu ostean ZIUan amaitu zuela, konorterik gabe

Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.


La Furia. Mimoa eta indarra
“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.


Pantailen erabileraren inguruko hausnarketak

Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.

Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]


Hidrodukto batek zeharkatuko du Aiaraldea?

Petronorrek adierazi du asmoa duela hidrogenoa ekoizteko lantegia abiatzeko Bilboko Portuan eta erregai mota hori Tubacex, Tubos edota Vidrala enpresetara heltzeko, beharrezkoa izango dela hidroduktoa eraikitzea.


Hirigintza araudia malgutu eta etxebizitzen eraikuntza sustatzeko dekretua sinatu du Jaurlaritzak

Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.


2025-02-19 | Nicolas Goñi
Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak

Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu zuen. Baina Afrikan egitekoa zuen "inoizko inbertsio pribaturik... [+]


Izena duenak badu izena

Bai, bai, holaxe. Ez naiz harago joatera menturatzen. Pleonasmo bat dela? Tautologia bat agian? Baliteke, baina egia-oste deitzen dioten garai honetan, oinarri-oinarrizko egitateak beharrezkoak dira. Begira, bestela, “Ez da ez!” lelo indartsuari. Bagenekien hori... [+]


2025-02-19 | Castillo Suárez
Porcelana Irabia

Baneukan lagun bat Porcelana Irabian lan egin zuena itxi zuten arte, eta jatetxe edo taberna batera joaten ginen aldiro kikara eta plateraren ipurdia begiratzen zituena pieza non egina zegoen jakiteko. Gauza bera egiten dut nik gauza zaharren azoketara joaten naizenetan:... [+]


Eguneraketa berriak daude