Xabier Narbarte bertsolariari elkarrizketa
Aurtengo Zaldibiako Artxanberri Eta Patxi Errota Sarian Lazkaotarra Txapeldun
Narbarte: Eskola Zaharreko Bertsolari Berria
Aurretik ere bagenuen Zaldibian bertsolari gazteen artean txapela irabazi zuen goierritarraren berri. Asko gustatu zen mutikoa.
Zaldibian irabazitako txapel galanta ikasi nahian eta bazkal ostean bertsoez kontu kontari aritzeko asmotan edo, Xabier Narbarteren etxera jo genuen lehengoan, Lazkaoko paraje polit horretara.
ARGIA.– Konta ezak nondik detorkian bertsotarako afizioa eta nola hasi hintzen.
XABIER NARBARTE.– Lehen ere, erdaraz abestea gustatzen zitzaidan eta gero ere etxean bazegoen bertsotarako giroa. Aita, arreba, anaia eta, bertsotan mugitzen ziren, saiotara joanez... Baziren bertsolarien diskak etxean eta behin Manuel Lasarterena hartu eta afizioa etorri zitzaidan. Gero idatziz, berehala bapatekora pasa nintzen.
A.– Konta itzak hire hastapenak.
X.N.– Hasieran nire kasan ibiltzen nintzen. Azkeneko bi urtetatik hona lagunekin biltzen gara Ordizián, Goierriko bertsolari gazte batzurekin, Zeberio gaztea, Ataungo Munduate eta, Beasaingo Aranbururekin; hemen Lazkaon ez dago besterik.
A.–Kanpoan aritzen al zarete bertsotan?
X.N.–Iaz, udan, bastante. Lopategik Bizkaia aldera eramaten gintuen eta bestela Ataungo festetan, afaritan...
A.–Bertsolaria bapateko senaz jaiotzen da ala ikasiz egiten da?
X.N.–Nik lehengo bertsolariengana jotzen dut. Uztapidek esaten zuenez, bertsolariak berezkoa behar du gehiena, halere ikasi egin daiteke. Iritsi zaitezke bertso bat botatzera: teknika, errimak, doinuak...ikasiz baina bapateko berezko grazia ezin da lortu, txixpa hori; bai sentimentalezko bertsotan bai farrezkoetan.Gaur egun bertso eskolak modan daude, jende mordo bat ari da bertsotan baina horietatik bakar batzu besterik ez dira aurrera aterako.
A.– Garai bateko bertaolaritatik gaurkoetara zer nolako diferentziak ikusten dituk?
X.N.–Teknika aldetik, askoz hobeto dabiltza gaurkoak eta erriman baita ere Zaharrek gai librean saio ederrak egiten zituzten, ateraldi bikainak ziren haienak.
A.–Zer iruditzen zaizkik txapelketak?
X.N.–Txapelketetan, dugun guztia ematen dugu. Irabazten baduzu oso ondo, hi, baina galduz gero, askotan animoa ere galtzen da, egun batean dena jartzen duzulako, ezta?. Gaur egun gazteentzat txapelketa gehiegi dago. Zaldibiakoa ederki dago bi urtetik bi urtera baina bestela pilo bat dugu, jaietan eta festetan. Bestetik, txapelketan bertso ona egitera joaten zara eta askotan saio txarragoa egin. Teknika haundia behar da gainera txapelketatan.
A.– Gaiekin eta nola moldatzen zarete. Xelebrerik edo topatzen al duzue?
X.N.–Zaldibian ere izan genituen gai xelebreak. Jartzea ere nahikoa egiten dute. Azken batean bakoitzaren eritzia izaten da, batzurentzat onak direnak besteentzak txarrak eta badakizu...
A.– Zer moduzko bertsolariak hituen Zaldibian hirekin aritutekoak?
X.N.–Oso onak. Respaldiza, Lezea bera, ez nituen ezagutzen eta hau adibidez oso ona dator. Besteak lehendik arituta eta, ezagutzen nituen: Arantxa Loidi Aristorena, Anatx, Goikolea. Anatx bera, aparteko bertsolaria da, kristoren piparra!
A.–Goizetik arratsaldera pasa zinetenen artean diferentzia nabarmenik ba al zen?
X.N.–Arratsalderako zortzi geratu ginen eta hau dela ta gustorago kantatzen da, denok lan gehiago egiteko aukera dugu eta bertso hobeak botatzen dira.
A.–Ba omen ditek bertsolari helduek zuek ez duzuen zerbait.
X.N.– Txispa. Beraiek txispa izugarria dute; jendeari arraroa egiten zaio, 18 urtetako gazte bat txispaz aritzea. Esan beharra dugu, Anatx hortan espeziala dela, aparta. Zaharrek berriz, egunorokoa dute txispa, gazteok ezin duguna. Jendea poztea ere ona da eta hor ikusten dut diferentzia, batipat. Bestetik, gazteak doinuetan eta, ondo ikasita daude.
A.–Bestetik nola kontsideratzen duk hire burua, bertsolari bezala?
X.N.– Neri lehengo bertsolarietatik datorkit gustoa. Haien antzera izaten saiatu nahi dut.
A.–Zein bertsolari duk gustoen?
X.N.–Asko ez dut entzun baina neri Manuel Lasarte bat gustatzen zait. Ni bere diskarekin hasi nintzen pixkat eta bueno, horregatik asko maite dut eta gainera bertsotan entzuna dut eta Lasartek daukana ere ahotsa ederra da. Gero Lazkao Txiki eta horrelakoak.
Txapelketa amaitu dela aste pare bat pasa da baina oraindik egunero jasatzen omen ditu bospasei dei telefonoz, Goierriko neskatxon eskutik. Ez da harritzekoa, hain baita gozoa Xabier. Bukatzeko, bertso bat eskatu diogu, eguraldiaz edo...
Bertsolaritza utzi ezkero
nerea ere akabo
eta sarritan jarri izan naiz
bertsolaritzan esklabo.
Txapelketa irabazi nun
hori gerora hor dago
baina saiatuz egin nahi nuke
aurrera ere gehiago,
aurrera ere gehiago.
Eutsi goiari,Xabier!
J.J. PETRI
39-