argia.eus
INPRIMATU
Gabriel Aresti: "Poesia, populua hezitzearren zaigu baliozkoa"
2021eko uztailaren 23a
Gabriel Arestiri egindako azken elkarrizketa
Hil aurretik egin zitzaion azken elkarrizketan , esan zuenez
Gabriel Aresti: "Poesia, populua hezitzearren zaigu baliozkoa"
Bistan da ezin izan diogula Arestiri elkarrizketarik egin. Hemen dakarguna seguru aski bilbotar idazleari egin zitzaion bakarra dugu, baina.
Akaso elkarrizketa idatzi bakarra izateaz gain, oso gutxi ezagatua izan zen bere garaian. "Triunfo" aldizkarian argitaratu bait zen Aresti hil eta egun gutxitara. Luis Haranbaru Altunak 1975eko maiatzean jaso zizkion erantzunak, eta berariek agertzen duten interesagatik eta gutxiegi ezagunak direlako, hementxe bertan birrargitaratzen ditugu.
TRIUNFO.– Egungo euskal kulturaz mintzatzean, eta areago egungo euskal poesiaz, topiko bilakatu da Gabriel Aresti euskal iteratura modernoaren oinarri dela esatea. "Harri eta herri" liburuaren argitalpen urtea, 1964.a, euskal literatura modernoaren sorreraren data izango litzateke zenbaiten ustetan.
GABRIEL ARESTI. - Halaxe da, bai, topiko bat. "Harri eta herri" nere sorketaren ildoan sortzen den akzidente bat baino ez bait da, nere lehen poema liburua. Ordurarte euskal idazleok aldizkaritan plazaratzen genuen batipat, eta beraz, gure obren zabalkundea minimoa zen. Mila bederatzirehun eta hirurogeitalauak ez du ezer adierazi nahi. Idazle gisako nere lehen obra "Tobera" izan zen, 1960an argitaratua, eta huraxe da nere aurka kritika erreakzionarioak sortzen hasi ziren data, funtsean gerraurreko abiapuntu ideologikotatik zetozenak. Bilboko "La Gaceta del Norte" izan zen hain zuzen kritika hauek ekarri zituena, beste zenbait gauzen artean, Victor Hugo plagiatzeaz salatzen ninduelarik. Gerora, tankerako kritikak ez dira gelditu, inteligenteagoak izan diren arren.
T.–Zuzendu dizkizuten kritikak zure poema zenbaiten gaien inguruan ere gauzatu dira gainera. Biktimatzat jotzen duzu zeure burua?
G.A.–Biktimatzat ez. Euskal kulturako "muturrekoen pailaso" papera jokatzea tokatu zait, León Felipek esango lukeen bezala. Eta aitortzen dut batzutan gogoko izan dudan papera dela.
T.– Euskal Herritik kanpo, euskal literatura ezezaguna da ala sistematikoki aintzat ez hartzen saiatzen dira. Euskaraz idazterakoan marginaturk sentitu zara inoiz?
G.A.–Hobe litzateke Euskal Herriaren marginazioaz mintzatuko bagina, eta ez bere literaturaren marginazioaz bakarrik. Espainiar latinoa ez da batere eroso sentitzen euskalduna espainiarra ez dela pentsatzerakoan; Madrilgo lagun batzurekin gertatu zait adibidez. Kulturalki hitzeginez, periferiarekiko marginazioa esistitzen dela esan liteke...: kastillanoak katalana ulertzen du baina ez ordea euskara.
Zergatik idazten dudan euskaraz? Euskaraz idazten hasi nintzen, baina ez dakit zergatik. Nik gazteleraz hitzegiten dut, ostera ez dakit gazteleraz idazten, ez dut sekula probarik egin. Azken finean, uste dut nere herriarekiko solidaritatez idazten dudala euskaraz. Nere familia euskalzalea zen, baina nere etxean ez zen euskera mintzatzen: hamabi urte nituenean hasi nintzen gramatikak hartu eta euskara estudiatzen (posgerrako garai haietan Bilbon ez zegoen euskara irakaslerik). Hildako hizkuntza bat bailitzen ikasi nuen euskara, eta bapatean, herriarekiko harremanarengatik bizten hasi zen nere baitan. Familiako lagunak izan ziren nere euskara irakasleak, Bilboko portuko langileak eta herriko senideak.
T.–Poeta malditotzat jo izan zaituzte.
G.A.– Masaren heziketarako bide didaktikoa baino ez da neretzat poesia. Beraz, sarritan poetikoa ez den lengoaia moeta bat erabili behar izan dut, eta baita gerra hizkera bortitza ere; poesia moeta honen oinarrizko erizpide estetikoak gizarte "bien pensant"aren atsegin eza eragiten du.
T.– Mitxelena, Txillardegi eta Kintanarekin batera, azken hamabost urteotan euskarak bizi izan duen iraultza linguistikoaren liderretariko bat izandu zara.
G.A.– Euskaldungoarentzako hizkuntza erabilkor eta ulerkorra egin behar zen. Berreraiki egin behar zen hizkuntza baten aurrean topatu ginen. Nik, nere poemetan, hizkuntz poetiko aproposa sortu behar izan dut, eta pintore baten egoeran kausitu naiz, erabili behar dituen materialen konponente kimikoak deskubritu behar dituen pintore baten egoeran.
T.– Baikorra al zara euskararen etorkizunari buruz?
G.A.–Ez baikor ez ezkor; zera jakin arazten dut soilik, euskarak jasaten duen oztopozko egoera sozio-kulturalak jarraitzen baldin badu, euskararen heriotzera eraman gaitzakeela. Hala ere ez dut uste euskaldunek hau gerta dadin utziko dutenik... Euskara hizkuntza galanta da. Hizkuntza latinoekiko abantaila batzu baditu, ingelesak, adibidez, profitatzen jakin izan dituen abantailak. Kultur latinoaren ekarpen linguistiko guztien erabilpena egin ahal izatea, erdi aroko nola modernoarenak, eta bete betean hizkuntza horietan integratu gabe, hori da euskararen abantailetariko bat.
Lengoaiaren bi mailataz mintza gintezke. J. Joyce ingelesez irakurri dutenek eta Joyce eta Hemingway konpara ditzaketenek ulertuko didate. Horrexegatik da ia ezinezkoa Joycen "Ulises" gaztelerara itzuli ahal izatea Joycek erabilitako ñabardura guztiekin. Eta haatik, euskarara itzul daiteke halako ñabardurarik galdu gabe.
Euskararen etorkizunari buruz, bizi dadineko desioa baino ezin dut aditzera eman, eta horregatik lan egiten eta idazten dut, beste gauza askoren artean.
T.– Euskal Herrikoak izanik, euskaraz idatzi ez duten idazle oso onak badira... Baroja eta Unamuno, adibidez. Eta gaur egun nabarmentzen diren beste zenbait: Blas de Otero eta Gabriel Celaya aipa nitzake. "Euskal idazle" lirateke hauek?
G.A.– Euskal idazle euskaraz idazten duen idazlea da; beraz, "euskal idazle" ez dagokio Pio Baroja bezalako idazle bati. Blas de Otero eta Gabriel Celaya, poeta handiak dira biak, baina ez dira euskal poetak, poeta kastillanoak dira azken ondoriotaraino. Euskal Herrian jaio diren poeta hauek badituzte bestalde euskal gaiak ukitzen dituzten poesiak.
Barojaren euskalzaletasuna adibidez, folklorezko euskalzaletasuna baino ez da, eta bere pertsonaiak kartoizko estereotipoak dira, eta ez euskaldunak. Santi Andia eta Tximista kapitaina abentura pelikulatako pertsonaiak dira. Baroja ez zen Euskal Herrian bizi. Pio Baroja Berako etxean egin zen euskalzale, Kruzadatatik itzultzen den jauntxo feudal baten antzera. Unamunotaz zera esaten da, "unibertsal" izateagatik utzi ziola euskaldun izateari baina hala ere absurdo samarra dirudi "unibertsal" izateko Salamancara joan beharra, makina bat salamankar Bilbora bizitzera etorri direnean.
T.– Baina badira Euskal Herrian jaiotako idazleak, nahiz eta euskara jakin ez, ezagutzen ez duten kulturaren bozeramaile eta ordezkari bihurtu nahi dutenak.
G.A.– Lehen Baroja eta Unamuno, Otero eta Celaya aitatu ditut, lau idazle handi, "ruedo iberico"an murgiltzeko, ausardia eduki dutenak. Baina badira horien arma berberak erabili nahi dituztenak ere, arma kamutsagoak ordea. Hala nola, bizkaitar idazle bat, Athletic de Bilbaok hamabi zenbakia emateko trukoa erabili duena, Gernikako beste arbola bat asmatu duena. Komertzialki esplotatzen dute horiek beren euskalduntasuna, benetako erantzun kulturalik gabeko inuzente asko engainatuz.
T.– Euskara batzearen zereginean, Leizarragak hamaseigarren mendean burututako lana defendatu duzu eredutzat.
G.A.–XVI. mendeko elizgizon hugonote bat zen Leizarraga, Nafarroako Koroeak finantzaturik eta beste bost lagunekin Calvino euskarara itzultzen saiatu zena. Horretarako, garaiko euskara mintzatua ezik, gaur egun zehaztu ezin ditzakegun beste iturri batzu ikertu behar izan zituzten, euskara hizkuntza kulto bat bilakatzeko, nekazal eta artzain giroa gaindituz euskal kultura moderno baten komunikabide bihurtzeko. Zoritxarrez, Euskal Herriaren berkatolizapena suertatzean, Leizarragak bultzatu iraultza linguistikoa desagertu egin zen. Dena den, bere ahalegina eredu da, beti ere ordudanik gaurdaino lau mende igaro direla kontutan edukiz. Euskara batua, helburu didaktiko, administratibo eta literarioz buruturiko euskararen heldutasun entsegu bat da, zoritxarrez Leizarragagan oinarritu ez den arren. Beste bide bat proposatu da, teknikoki horren baliozkoa ez baldin bada ere, soziologikoki efikazago dena.
T.–Zein da egungo euskal poesiaren egoera?
G.A.– Aintzinako euskal poesiaren tradizioa dugu, aberatsa oso, hamairu eta hamalaugarren mendekoa batipat. Gerora, 1545 urtean Etxeparekin aurkitu gara, lehen euskal liburu inprimatuaren egilea, zenbaiten eritziz idazlerik onena. Poesia kultoaren autoreen inguruan, joan den menderarte izan ez direla esan beharko genuke. Lizardirekin ailegatzen da unibertsaltasunera gure poesia. Gerraondoko poesiak, 1955. urterarte balio handirik ez duela uste dut. 1955. urtean Mirandek bultzada berri bat emango dio euskal literaturari. Eta segidan nator ni, arazo sozio-politikoak dakartzadalarik, zeinak egungo euskal poeta zenbaitengan eraginik izan duela uste dudan. Euskal poesia modernora hurreratu diren beste lagun berriak bertsolariak ditugu, nahiz eta, nere eritziz, orain artean poeta kultorik ez den ailegatu Udarregi, Txirrita edo Lasarte bezainbateko maila dramatikoa erdiestera.
Luis HARANBURU
1961.ean, Gabriel bere "piku melatua"rekin, Melirekin.
42-43

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakARESTI1
PertsonaiazARESTI1
EgileezHARANBURU1Kultura