Zintzilik-ek W. Allen-en "Jo ezak berriro Sam" estrenatu (1)
Ramon Agirre-rekin solasean
Jatorrizko izenburua bat da, pelikularena beste bat, Artechek bertsioa "Aspirina para dos" bataiatu zuen, Angel Valdes-ek jatorrizkoa euskaratu du.
Arrakasta lortu zuen Zintzilik taldeak bere, eta uda ondorengo lehenengo, estrenaldian. Baina honetaz eta izenburu nahasteaz aparte montaia honen inguruan bada interesgarriak diren beste alderdi batzu, zerikusi handia dutelako, gure ustez, antzerki munduan ematen ari diren aldaketekin. "Talde inpendiente"en egiturak berritzen dira, sortzen diren berrien etorkizunaz inor oso baikor azaltzen denean, eta horizontean entrepresari bakarraren itzala: Instituzioak. Hala ere pozik daude estrenatu berriak. Honetaz eta bestez elkarrizketa desberdinetan arduratuko gara. Datorren astean Zintzilik-eko arduradun batekin eta gaurkoan aktore eta obran protagonista den Ramon Agirre-rekin.
ARGIA.- Antzerti eskola utzi huenetik hona hau duk hire hirugarren lana. Ikuspuntu horretatik zer berri du honek, lankideen arteko harremanetan eta bestetan ere?
RAMON AGIRRE.- Ba, nik uste dut, profesionaltasunerako bidean dagoela edo, horrek dituen gauza on eta txarrekin. Onak, ba nik, lehenengo aldiz edo lehen baino askoz gehiago behintzat, behar bada pertsonaiak eskatzen zuelako edo, ba nere lanera dedikatu naizela gehien bat, beste gauzak besteen eskutan zeuden bitartean, baita beste aktoreak ere. Hori ona da. Gero... ba, modalidade berri honekin, jende desberdinekin lan egitea ere oso aberasgarria da, aldatzea, zuzendaria aldatzea ere bai.
Eta gero alde txarrak. Bai, ez dago, nik orain arte ezagutu ditudan talde estableetan zegoen tentsio berezi bat, hemen antzerkia zure lana da baina ez da zure bizitza osoa, eta bolada batean guretzat izan da pixka bat gure bizitza guztia bustitzen zuen zerbait, beti buruan, ensaiatzen edo hitzegiten. Hijienea eta, ondo baina batzutan ez dago egon behar lukeen tentsio hori. Orain ez dauden ardura batzuk zeuden zer egiteaz eta nola, norentzako teatroa, behintzat hitzegiten zen, nahiz eta gero inoiz ados ez egon. Hori falta da eta, nik uste, garrantzia kentzen diola antzerkiari eginkizun bezala.
A.- Kritika batzuren eta jendearen komentarioak hi eta Woody Allen-en arteko antzak eta diferentziak aipatu dituzte. Zelan hartu dituk, eta zelakoa izan zen pertsonaia, hain irudi argiko Allen bera, lantzeko era? Ezen hi arriskuaz jabe hintzen, ez?
R.A.- Bai, luzea da. Bueno, nere prozesoa... hasteko bazeuden gauzak gustatzen zitzaizkidanak, bereak eta bere pertsonaiarenak, nahiko autobiografikoa, eta beste batzuk ez, ez nuen erabat maite, testoari dagokionez gauza bera, kenduko nituzken esaldiak eta ez, maila diferenteetan funzionatzen duela tipoak. Gauza oso sinesgarriak eta gero erabat desmadratu egiten da. Horren aurrean nire aukera izan zen zineko W.A.-a, antzerkikoa ikusi izan banu ez dakit, baina zineko pertsonaia hori kontutan ez edukitzea. Beti ikusita daukazu eta ezagutzen duzu, baina bueno..., obsesionatu gabe. Testoa hartu eta testoko pertsonaia egin, hori izan zen aukera.
A.- Hori izan huen hire aukera, baina orain erretsultatuari begira, pentsa daiteke bilatua izan dela parekotasuna, jarri dizkiaten betaurrekoak eta jantziak, etab.
R.A.- Hor beharbada erdibide batean gelditu gara, ez? Ze betaurrekaok esaldi batek eskatzen zituen. Jantziak? Bai, jantziak beharbada bai. Baina bestela ez da hori bilatu, ez dugu horretaz hitzegin, antza fisikoaz eta, neri behintzat ez zitzaidan interesatzen, damutu egin nintzen bigotea mozteaz, ze pentsatu nuen, ea gero erdibide batean geratzen garen, baina azkenean geratu da erdibideko gauza batean ez guk nahi izan dugulako. Eta jendeak esan duenaz ni, harrituta gelditu naiz. Eta agian piskat tontoa izan naizela ze esan nezakeen kriston estudioa egin dudala eta... buelta eman asuntuari. Nik uste dut inebitablea zela, nahiz ez karakterizatu ez naiz hain desberdina fisikoki. Nik zer esango dizut, ez zan nire asmoa. Hasieran inportantzirik eman ez nion neurrian.
Bi galderetan agortu dugu aste honetako espazioa, datorrenean Juan Mari Segues, Zintzilik taldeko arduradunetako bat, eta R Agirre berarekin sarreran aipatutako gaietaz eta bestetaz arituko gara.
E.O.
44