P. Iribarne, T. Lerenboure... Iparraldeko arte hitzak
Euskal Herriko artistak Baionan...
Iragan irailaren 5ean eta 7an, Eushal Herriko Artixtak batasunekoak, Baionako Eliza Nagusiko kalastrapean bilduak ziren, beren azken obrak publikoari erakusteko.
Hile honen 4ean ere, Euskal Erakustokian Baionan, mahai inguru bat muntatua zen, euskal arteaz mintzatzeko. Hor ziren hizlari bikain: Etxamendi, Maite Idirin, Laurendeau de Juniac, René Gelos, Julian Ugarte eta "Deia"ko arte kritiko den Edorta Kortadi, Eugene Goyhenetxe historiaria; moderatzaile, Ramuntxo Camblong... Hasteko Kanblong-ek Sistiagak (aitak) duela hamar bat urte, Baionako kultur astekari erran hitz harrigarri batzuk errepikatu zituen: "Iparraldeko gizonak ez du arte plastiko beharrik, ingurumen natural miresgarria daukalako". Moderatzaileak erantsi zuen, badagoela zinez, euskal estetika bat...
Nolaz, batzuren arabera, artekritika egiteko gai ez garen, laborari alaba pobre sortu garelakoan, arazoa konpondu dugu, elkarrizketa zenbait papereratuz. Eta azkenean, guk ere artista zintzo eta langile horien obrak ikusirik, "badute merezimendu oixu!" etsitu bat luzatuko dugu. Berdin du...
P. Iribarne: "Bihotzean zoriona eta bakea dut"
ARGIA.- Paxkaline Iribarne, berrogei bat urte dituzu, zure taulak, Baionan daukazun pelukerian erakusten dituzu, zuk zer tindatzen duzu?
PAXKALINE IRIBARNE.- Maite dut ainitx egitea, bistan dena, paisajea; bai eta ere, jendeak lanean, lanetan: aitatxi eta amatxi arto xuritzen, arto bihikatzen, eskuz, gizonak zarien egiten, artzainak gasnak biltzen. Horiek biziki maite ditut, eskulanak. Eta paisajeak: tindatzen hasten garelarik, horiek dira ene idurikoz, lehenik ikusten diren gauzak, aisenak dira egiteko. Bistan dena Euskal Herria xoragarria da, izigarri maite dut. Orduan...
A.- Nostalgia bat esprimitzen duzu zure obretan?
P.I.- Bai, nostalgia bat eta ene bihotzeko urostasuna, Euskal Herria hainbeste maite dut, eta hola erakusten dut, ahal dudan bezela...
A.- Ze teknita erabiltzen duzu?
P.I.- Akuarela... Urezko pinturak kasik beti...
A.- Zure lana euskal kalifikatiboaz janzten duzu ala ez?
P.I.- Maite dut bistan dena, gehienak Euskal Herriaren gainean dira baina... maite dut ere, biziki urrun joaitea, Indietan izana naiz ainitzetan, Indonesian eta horietan, eta gustatzen zait tindatzea, imaginazionez, alderdi horietako gauzak...
A.- Beti zoriona eta bakea presentatzeko?
P.I.- Horixe... ene bihotzean hori dut, zoriona eta bakea, eta nahi nituzke horiek denei, ahal bezainbat erakutsi...
Edozein maneratan, salbuespen bahar batzurekin, Frantzia hiperzentralizatu honetan, Baionan, pintura probintzialista baizik ez daiteke egin, carte postale garestia.
T. Lerenboure: "Betidanik maite ditut itsasoa eta mendia"
ARGIA.- Terexa Lerenboure, zure margoetan, gehienetan agertzen den gaia Euskal Herria da?
TEREXA LERENBOURE.- Zer nahi duzu, hemen sortua naiz, hemen bizi izan naiz beti, zer eginen dut besterik, ez dut bertzerik ikusi. Bertze es kualdeetan denbora guti pasatu dut, eta ez margolari bezala. Nik maite dut jakitea aintzinetik zer eginen dudan. Horretarako...
A.- Kolore aldetik eta, iduri du, udaberrian tindatzen duzula?
T.L.- Egia errateko, azken hauek denak udaberrian pintatuak dira, eta gero hondar horiek, udan. Bertze "Zugarramurdi" hura, joan den astean egin dut, bertzeak bai, udaberrian edo neguan egin ditut. Egia...
A.- Erraten ahal dea zuretzat, tindalari paisajista bat zarela?
T.L.- Holako izenik ez dut erranen, badakizu, merezitu behar da; ez dakit aski ongi den paisajista izateko (irriz), ez naiz horretaraino atrebitzen...
A.- Eta zer esprimitu nahi duzu zure kolore eta forma horiekin?
T.L.- Zer esprimitu? Betidanik maite izan ditut itsasoa eta mendiak, Euskal Herria den bezela. Ainitz ibili naiz, ttipirik ere, aita zena ihiztaria bait zen, mendietan barna. Horretan hasi naiz, eta gero, nik marrazkiak egiten nituen atxemaiten nituen leku guzietan, egun batez, hogei urte baino gehiagotan, sakondu nahi nuen eta Donibane Lohitzuneko margolari batekin aritu nintzen; ezkondu eta dena utzi nuen, seme bat banuen, eta pentsatzen nuen emazteki bat ez zitekeela kondizione horietan tindatzen aritzen ahal. Orain zahartu naiz, eta semea handitu da, orduan lan gutiago dut, eta eginahala behar nuela, berriz hasi naiz berrogeitamar urtetan. Denbora ainitz pasatu da deusik egin gabe...
A.- Taula asko saltzen duzu?
T.L.- Ni harritua naiz, zeren eta jendeak saltzen du... Ohore handi bat da margolari batentzat, taulak saltzea ez sosarengatik, bon, sosa ere on da, baina pentsatzea norbaitek bere sakelarik ateratzen duela dirua, zure lana pagatzeko eta etxera eramateko, ohore handi bat da...
Mahai inguruan, René Gelos tindalariak erraten zituen hitzekin bukatuko dugu, jakina, Baionako erakusketa honetan, Gelosen lanak zirela intimoenak eta hunkigarrienak: "Kreatzeko sufritu behar da pixkat. Liberazioan (45ean) paisaje euskalduna tindatzea utzi nuen, nere barnea mintzatzen entzuteko. Orduan, ikasi nituenak oro ahazten saiatu naiz. Ez dut beti ikusleen begiak laudatu baina ez zait sekulan damutu...".
Alain Sistiaga: "Ez dut kuadro bat ere saltzen"
ARGIA.- Materialki, nola bizi da hogeitahiru urteko pintore bat Zokoan?
ALAIN SISTIAGA.- Nire kasuan, ez dut kuadro bat ere saltzen, ez naiz sobera lanean ari; ez didate dirurik emaiten. Ordea bizi, askotan, txarto. Gero, girotik baztertzen zarenean, lanean hasiz, pintatzen, zure buruzko roiloan sartzen zarenean, orduan, ondo.
A.- Nola defini zenezake zure estilo propioa?
A.S.- Huste edo arraberritze bat bezala, nere buru barnean garbiketa sakon bat bezala. Pintatzea uzten duzunean, diferenki bizi zaitezen, ez normalean senditzen duzun pisu horrekin, airea baino arinago sendi zaitezen... Gero, bestela, astrakto bezala defini nezake, edo koloreei begira fauvistatzat joko nuke, figurazio librea, edo horrela. Direkzione hori luke ene lanak... Ondorioz nahi den bezala interpretatzen ahal da.
A.- Zure taula giganteak ikusirik, tormentu zerbait aurkitzen da zure lanetan?
A.S.- Ez dakit... Iluna? Beharbada, tindatzen duzularik momentu tormentatuetan pintatzen duzulako. Berdin, beste momentu batzutan tindatu beharko nuke, ez dakit, horrela emaitza desberdinetara helduko nintzateke. Horregatik lan egin beharko nuke gehiago, hainbeste denbora pintatu gabe...
A.- Zure azken obrak alaiagoak dira, koloreak kontrastatuagoak, zeri buruz zoaz?
A.S.- Beharbada, hainbeste denbora pasatu dut tindatu gabe... Ez, beste intentsidade baten bila nabil, kontrasteak xerkatzen ditut fermuki. Bilatzen ari naiz, baina baliteke, aintzinekoek zituzten ondorio berdinak emango dizkidala xerkatze horrek. Horretakoz, hemendik epe laburrera berriz hasiko naiz su ta ke lanean...
A.- Zure projektuak zein dira?
A.S.- Neri gustatuko litzaidako pinturazko happenin batzu muntatzea, ezker paretetan edo trinketetan, musikarekin parekatuz. Ilusiozko gauzak dira... Gero, pentsatzen dut hemengo roilotik eskapatzeko eta beste zibilizazio edo kultura batekin kontaktuan sartzeko, hegoko hemisferiora joatea, Australiara adibidez.
Itxaro BORDA
42-43