"Gure alderdia estiloak bereziko du funtsean"


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Manuel Ibarrondo, EA-NVko buru
"Gure alderdia estiloak bereziko du funtsean"
Harriduraz ediren dugu Gasteiz hiriaren bihotzean bi pisutako etxez osaturiko auzo hau. Batzoki ondoan entsaiatzen duen talde rokeroaren burrundak kontraste polita egiten du. Gasteizko batzokiak irakiten dirudi. Alderdi berriaren prentsaurrekoek ezaguna bihurtu duten Larreinak hartu gaitu, eta komentatzen digu kostatu dela zenbait alderdikideri lokal honen giltzak entregatu behar direla buruan sartzea; PNVren izenean dagoelako. Laster dator Manuel Ibarrondo, batek daki zenbakarren bileratik. Ollorak jeloskor egon behar du honen popularitatearekin.
ARGIA.–Nondik datorren eta nola sortu denaz aparte, nora doa Eusko Abertzaleak – Nacionalistas Vascos alderdia?
Manuel Ibarrondo.–Eusko Abertzaleak ez da betiko nazionalismoaren agerpena besterik. Euskal nazionalismo garbia, zentzu honetan: ez dute mugatzen gaurko alderdi politikoen estrategiek, edo pragmatismo politiko batek, edo oinarri nazionalistez PNVk egin duen utzikeriak. Horregatik esan daiteke gurea alderdi nazionalista klaroago bat dela.
A.–Zatiketa ezinbestekoa al zen, inola ere konponezina?
M.I.–Bai, bai. Plazaratu dugun agiri horretan esaten da krisiaren arrazoiak ugariak izan direla, baina gauza bat izan dela krisia konponezin bihurtu duena: alderdiaren zuzendaritzaren jarrera moldakaitz, despota eta harroa. Negoziatzeko gai ez da izan, eta egin duen bakarra izan da beren ikuspegitik apartatzen zirenentzako disziplina-espedienteak, zigorrak, barne auzitegiak, espultsioak, purgak...
Honek edozein bakeratze ezinezko bihurtu du. Zeren, gainera, nere ustez erabat antidemokratiko diren oinarrietatik abiatu bait dira. Ez dadila pitokeriekin etorri Arzalluz adiskidea, alderdi hori guztien artean demokratikoena dela argudiatuz. Nik ez dakit gainerako alderdietan nor den nor baino demokratikoagoa, baina PNV demokratikoa ez dela esan diezazuket. Araban, zehazki.
A.–Krisiaren oinarrietan arakatuz LTH famatua etabar aipatu dituzue, baina horiek gaur egundik begiratuta joera ezberdinak zeudeneko garalak dirudite. Krisia, benetako krisia, noiz ikusi zenuen konpondu ezinezko gauza bezala?
M.I.– Emeki aurreratuz etorri den prozeso bat izan da. Hala ere nik aspalditik uste nuen krisi honek irtenbiderik ez zuela, baina askok zioten bazegoela eta barruan lanean segi behar zela. Baina nere eritziz konpontzerik ez zegoen, gutxienez orain dela bi urte baino lehenagotik. Horretaz konbentzitua nengoen Gasteizko Uri Buru Batzarraren zuzendaritza eman zidatenean. Gauzak konpontzeko gogoak bai, denok geunden horren irrikaz, baina nere barnean hori oso zail ikusten nuen.
A.– Beti arazoak Bizkaiarekin sortzen direla dirudi.
M.I.–Ez, bai zera. Ez da Bizkaiaren arazoa, zeren, gauza bitxia da, Bizkaian agintzen daudenak bi gipuzkoar dira. Herri kontzepzioa dago erdian. Antzinatik foralista izan den Herri honetan, probintzialismoa bultzatzeak herrialdeen arteko lehia gogortzen du. Norbera bere herrialdean itsutzen bada, azkenean gertatzen da bizkaitarrak gero eta bizkaitarrago direla, arabarrak arabarrago, gipuzkoarrak gipuzkoarrago eta nafartarrak nafartarrago. Eta Herri honetan gertatzen dena da euskotarrak falta zaizkigula, hori da Herri honetako trajeria: gipuzkoarrak, bizkaitarrak, arabarrak eta nafartarrak badira, baina euskotarrak dira falta direnak.
Ez bait da nazio kontzepziorik. Eta Herri honek behar dituenak dira instituzio sendo batzuk, dituen arazo gogorrak konpontzeko. Begira BEZ edo IVA horrekin zer gertatzen den: Bizkaiarentzako ona da gaurko eredua, inportatzaile handia delako, petrolio eta beste; baina Araba eta Gipuzkoarentzako, esportazioak direla medio, askoz txarragoa da. Euskadirentzako, bere osotasunean, zer da ona? Horri eutsi behar zaio, eta aurrera. Zeren bestela hasten gara probintziaka, gero eskualdeka, eta azkenean herrika hitzegiten hasten gara. PNVn, LTHrekin ikusi den bezala, atzera jo da Herri projektuaren ikuspegian.
A.– Zenbaterainoko garrantzia izan du krisian PSOErekin sinatutako legealdi tratuak?
M.I.– Tratu kojuntural bat da, eta Jaurlaritzari balio izan dio presupostu batzuk aurrera ateratzeko. Dena dela, begibistakoa da prezio oso garestia eduki duela: Estatutoaren kontra atera diren lege guzti horiek, eta irentsi behar izan ditugunak. Prezio latza presupostuak aurrera atera ahal izateko, eta hain denbora laburrerako gainera.
A.–Arzalluzek, beste gauza askoren artean, behin eta berriro esana du alderdia kontrolatu nahi izan duzuela, eta ez lortzean eszisioa antolatu duzuela.
M.I.– Lelokeria handi bat da hori. Guk proposatzen genuen bakarra zera zen, Araban ordezkaritza demokratikoa izatea, Arabako zuzendaritzan gehiengoa ordezkatua egotea, minoriak bere erizpideak ezartzea bukatuz. Formula bezala, Gipuzkoako egitura eskaintzen genuen. Arabako militanteen erdiak baino gehiago gehiagok eskatu zuten honi, ABBk ez bakarrik ez onartu, erantzun ere ez zion egin.
Gehiengoak nahi zuen zuzendaritzan parte hartu, eta erantzun ere ez zaio egin. Arzalluzek esango du gero alderdi hau dela guztietan demokratikoena. Nik esan dezaket ezetz, ez dela demokratikoa, eta Arabari dagokionez are gutxiago.
A.–Hori Arabari dagokionez...
M.I.– ... Eta pentsa hasten bagara Nafarroako kasuarekin. Hori el kolmo da. Afiliazioaren ehuneko bata izatea erakundea kontrolatzen duena, ezin sinistua da. Erotzekoa. Baina nahiago dut Arabakoaz hitzegitea, hau da-eta ongien ezagutzen dudana.
A.– Alderdi berriaren sustraia PNVko sektore kritikoa da. Ezaguna da sail horretan jende eta joera ezberdinak daudela sartuta.
M.I.–Ez da organizatua egon, egitura eta erizpide batzuen arabera, gehiago izan da sentimentu bat, sentimentu nazionalista bat, zuzendaritzaren jokabide autoritario eta ia kastrensea onartzen ez duena. Begira barne auzitegiek nola erabakitzen duten: ze erizpiderekin, ze ariera antijuridikoa duten, auziperatuari entzun ere egin gabe kondenatzen dutela, inolako frogarik ekartzen utzi gabe... Ezin onartuzkoa da.
A.–Asuntoa da azkenean partidu berria sortu duzuela. Zertan bereziko da PNVgandik?
M.I.–Diferentzia handiak dira. Funtsean estiloan bereziko da, talante horretan, jokatzeko moduan, pertsonen honestitatean. Azken finean hautesleak pertsonei begiratzen diete, azkenean ideologiak oso gauza zehazkabeak bait dira. Estilo hori, iharduteko modu hori da neretzako inportanteena.
Hori alde batera utzita, PNVgandik gure kontzepzio nazionalistak bereizten gaitu. Euskadiri "país" bezala garrantzia handiagoa eman nahi diogu probintziei baino, bakoitza bere lekuan utziz. Azpimarratu nahi dugu Euskadi bi Estatuk zatitutako Herri bat dela eta bateratzea nahi dugula, Iparraldeko eta Hegoaldeko lurraldeei garrantzi bera emanaz.
Bestalde, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugu, garantia bezala, hemendik aurrera Euskal Herriaren eta Estatu Espainolaren artean sinatuko diren hitzarmenetan Estatu Espainolak berea kunplituko duela ziur egoteko balioko duen garantia, horiek kunplitu gabe gure Herria eskuak lotuta aurkitu ez dadin.
A.–PNVk ez al du autodeterrninazio eskubidea defenditzen?
M.I.–PNVk baztertu egin ditu hainbat oinarri nazionalista. Lehen aipatu ditudan pragmatismo eta afera horiek direla medio, azkenean bukatu du alderdi errejionalista baino ezer gutxi gehiago izaten. Gu egiazko nazionalistak gara, beti izan garen bezalakoak. Zeren eta gu ez gara aldatu ezertan, guri besteek kanbiatu digute asuntoa. Ardanzak esan zuena, alegia Estatutoa bera helburu ez dela esan duenak Herria engainatu duela... edo independentziari uko egitea... Beste gauza bat da ikustea ez dela posible, ikus dezagun zein formula aplikatu ditzakegun, baina nola ahaztuko dugu independentzia?
A.– Printzipioetan, beraz, asko hurbiltzen zarete PNVrengana.
M.I.–Ez, ez. PNVk izan beharko lukeenera bai.
A.–Behar beda eguneroko praktikan errezago iziango duzue elkarlana. Hor dago Jaurlaritzaren dimisioaren gaia eta beste.
M.I.–Baina oso gauza diferentea da hori. Gobernuak dimitituko du, aurkeztuko gara hauteskundeetara eta tira aurrera. Horrek ez du berriz adiskidetzearekin-eta zerikusirik.
A.–Zerikusiren bat izan dezake. Zuen parlamentariek erabaki beharko dute gobernuari laguntzen dioten ala ez
M.I.– Segun eta nola. Bakoitzaren gobernu programaren arauera erabakiko dira gauza horiek.
A.– Herri Batasunarekiko zein antza eta zein diferentzia duzue?
M.I.–Nazionalistak diren indar guztiekin antza ematen digu gure kontzepzio nazionalistak nolabait. Gero, HBn denetik dago. Bada jende bat oso radikala, badira biolentziaren alde direnak, badira alde ez direnak, badira marxistak baina guztiak ez dira... Badakizu, gero hain zaila da gaur egun "marxismoa" edo "sozialismoa" zer diren zehaztea, zeren leku bakoitzean "sozialdemokrazia" hitzak berak esanahi ezberdina du...
A.–Zuek alderdi berria "aurrerazale" bataiatu duzue. Hori sozialdemokrata hitzaz itzuli behar al dugu?
M.I.–Esan behar da orain artean ez ditugula lerro nagusiak baino zehaztu. Urrian egin nahi dugun biltzarrean finduko dira eritzi eta erizpideak. Sozialdemokrazia? Ez dakit. Gure progreso kontzeptua, edo gaur esaten den bezala modernitatearena, hasteko askatasunean oinarritzen da, beti esan bait dugu gizaki askez osatutako Euskadi libre bat nahi dugula. Baina gero baita ere nahi dugu berdintasuna, Herri honek produzitzen dituen ontasunekiko berdintasuna.
A.– Autodeterminazioa aipatu dugu lehen, eta oker ez banago Garaikoetxeak bere artikulu batean aipatu zuen horretarako Konstituzio espainiarra aldatu beharra.
M.I.– Autonomi Estatutoak berak ere ametitzen du aldaketa, ez bait da zerbait estanko eta aldaezina, une bakoitzeko baldintza historikoei egokitu behar zaie. Horregatik guk nahi duguna da Konstituzio espainiarra aldatu gabe, edo aldatuz, beharrezkoa bada, Gernikako Estatutoa aurreratzea: Eboluzioa posible da Estatuto barruan, eta autogobernu maila zabalagoak posible egiten ditu.
Estatutoa orain bertan baliagarria da. Egia da esan daitekeela "halako autonomia maila askoz hobea litzateke". Baina posiblearen artea da politika, eta gaur ezin baldin bada ez gara hasiko gaur urrea eta bihar eguzkia eskatzen. Ez daude-eta gure esku, gaur.
A.–Esan izan da zuen alderdi berria Euskadiko Ezkerratik gertu kontsideratu daitekeela.
M.I.–Gerta daiteke bat baino gehiago izatea pentsatuko dutenak "zergatik nago ni juxtu hemen eta ez hor" edo alderantziz. Askotan hauteskundeetako joerak izaten dira, halako pertsonei botoa ematea etabar. Baina, printzipioz, EE Euskadiko Alderdi Komunista izateko sortua zela dirudi, edo zirudien, zeren eta gaur ez dago argi...
A.–Edonola ere, zuen sorrerarekin mapa politikoan aldaketak datoz. Nolako eragina izango du horrek askok aldarrikatu duten "ingobernabilitatearen" bidean?
M.I.–Herri honen ingobernabilitatea orain batzuek guri aurpegiratzen digute, hondamendi honen errudunak berak direnean. Baina garbi dago gu PNVtik irten ez bagina ere basea ez zegoela ejekutibaren jokabidea onartzeko prest, eta hauteskundeetara lasai joaterik ez zutela izanen.
Bestalde, esan dezagun gauzak dauden bezala baldin badaude besteren artean HB instituzioetara joaten ez delako dela. Zeren eta HB instituzioetara joango balitz ez dakit zer pasako zen baina gauza segurua da 32-32 enpate hori ez zela izango. Herri honetan ingobernabilitatea baldin bada arazo larri bat, ez diezazkigutela erru guztiak guri bota.
A.–Abertzale bat baino gehiagok agertu du Ajuria-enean PSOEko lehendakari bat sartuko ote denaren kezka. Honek, gainera, Araban beste dimentsio bat edukiko luke, zeren eta Diputazioa bera legoke auzitan.
M.I.–Bueno, hori posibilitate bat da, joko politikoa hola izaten da. Gu behintzat hori pasa ez dadin ahaleginduko gara.
A.– Fundazio biltzarrean zehazteko plazaratu duzuen programa horretan, Nafarroarekin Hegoeldeko markoa integratzeko beharra aipatzen duzue.
M.I.–Ponentzia egiterako, noski, nafartarrekin hitzegin beharko da horretaz, ea ze bide ikusten diren horri buruz. Nafartarrak berak izango bait dira bide posibleak nondik joan daitezkeen argiena ikusten dutenak...
A.–Gasteizko gobernua eta Iruñekoa harremanetan jarriko lituztekeen Mankomunidadea, Konbenioa etabar aipatu izan dira.
M.I.–Biltzarrean aztertu beharko dira urratsak, eta biltzarraren ondoren gehiago gainera, zeren azken finean estrategia arazoak dira.
A.–Biolentzia-bakeratzea, negoziaketa, reintsertzioa, KAS alternatiba... gai edo multzo guzti hori dago gero.
M.I.–Gure idatzian ez dugu ikutu gai hori. Bakarrik esan dezakegu gu baketsuak garela, bide baketsu eta demokratikoetan sinesten dugula, eta elkerrizketa defenditzen dugula. Bide horretatik jo behar dugu mundu guztiarekin, denekin, zeren prolemak elkarren artean hitzegiten ez denean sortzen dira hain zuzen. Horretan dakien jendeak egin beharko ditu proposamenak, eta bideak zehaztuz joango dira. Ez ditugu oinarri ideologikoetan sartu, hor bakarrik gure printzipioak markatzen ditugu, bakearen aldekoak garela baina ez bakarrik hemengo arazoetan, baita Eki eta Mendebaldeen blokeen arteko harremanetan ere.
A.–Eusko Abertzaleak izango al da kritiko guztiak biltzeko gai?
M.I.– Kritikoak eta jende gehiago ere bai. Aukera erakargarria da gurea, eta jendeak ondo hartu duela uste dut.
A.–Arazoa Gipuzkoan egon daiteke.
M.I.– Gipuzkoakoa arazo ezberdin bat da. Kritikoak agintean bait daude han. Gipuzkoarrena kontzientzitze gauza bat ere bada. Araban erabat kontzientziatuak gaude, hala behartu gaituztelako; burua jasotzen genuen bakoitzean jipoitzen gintuzten, eta gehiengoak minoriari obeditu behar genion, eta jendea amorratua zegoen. Gipuzkoa eta Bizkaian gauza diferentea da, zeren eta han batean batzuek irabazi dute eta bestean besteek baina metodo demokratikoen arauera, ez gurean bezala. Eta horregatik Gipuzkoa eta Bizkaian dagoen sentsibilitate maila Arabakoagandik oso ezberdina da.
Gipuzkoan konturatuko dira azken finean berek hau edo bestea eginda ere berdin dela PNV barruan, zeren partidu agintzen dutenak aginte faktiko batzuk direla.
A.– Bukatzeko, historian aurkitzen dugu jelkideak PNV eta Comunión taldeetan banatu zireneko garai bat. Urte batzuen buruan NV eta PNV berriro elkarrengana bilduko direla pentsatu al dezakegu?
M.I.–Hemendik urte batzuetara gertatuko dena abisatzen duen kristalezko bolarik ez daukat. Dena dela, hori gertatu ahal izan dadin, aldaketa handiak etorri beharko dira PNVra. Gaurkoz, eta gauzak dauden bezala, berriro elkarrekin topo egiteko espektatibarik ez dut.
Iñaki ZUBIONDO
Manuel Ibarrondoren ustez NV ez da PNVren antzekoa, PNVk izan beharko lukeenarena baino.
"Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugu, Euskal Herriaren eta Estatu Espainolaren arteko hitzarmenak kunplituko direla ziurtatzeko".
14-17

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEA-NV
PertsonaiazIBARRONDO1
EgileezUBIONDO1Politika

Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Arkaitz Zarraga Azumendi
#2
#3
Karmelo Landa
#5
Ane Ablanedo Larrion
Azoka
Azkenak
Duplak egin du aurtengo Herri Urratseko abestia

Azken dantza hau izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen. 


2025-03-06 | Haizea Isasa
Kasu, ez gitxu lo!

“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.

Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]


Eskuin muturrarekin lotura duen alemaniar batek egin zuen Manheim hiriko auto harrapaketa, ez etorkin batek

Alemaniako Poliziak asteleheneko gertakariaren arrazoiak "politikoak" zirela baztertu duen arren, 35 urteko Alexander Scheuermann Ring Bund talde neonaziko kide zen. Bi hildako eta hamar zauritu utzi dituen atentatuaren egileak sare sozialetan "gorroto mezuak"... [+]


2025-03-06 | Mara Altuna Díaz
Mary Kim Laragan-Uranga, AEB-etako euskalduna eta AEK-ko ikaslea
“Euskara ikasten dut AEBetara emigratu zuten nire aitona-amonen ahalegina eta sustraiak ohoratzeko”

“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]


Feminismo antimilitarista: ezinbesteko borroka Martxoaren 8an eta beti

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]


Manu Ayerdiren kontrako auzia behin betiko artxibatu dute, instrukzioa epez kanpo luzatu zelako

Geroa Baiko lehendakari eta Nafarroako lehendakariorde izandakoa enpresa bati 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik zegoen auzipetuta, Davalor auzia deiturikoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du auzia behin betiko artxibatzea, legalki... [+]


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


Bilgune Feministak Iratxe Sorzabal babestu du
“Indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urtez luzez estatuek babestua ”

Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]


Emakume bat lehen aldiz Lantzeko inauterietako Ziripot pertsonaia izan da

Lantzeko inauteri txikien kalejira ikusle guztien begietara urtero modukoa izan zen. Txatxoak, Zaldiko, Ziripot eta Miel Otxin herriko ostatuko ganbaratik jaitsi eta herritik barna bira egin zuten txistularien laguntzarekin. Askok, ordea, ez zekiten une historiko bat bizitzen... [+]


2025-03-06 | Gedar
Apirilaren 4an desalojatu nahi dute Bilboko Etxarri II Gaztetxea

Errekaldeko Gaztetxearen aurkako huste-agindua heldu da jadanik. Espazioa defendatzera deitu dute bertako kideek.


Vesubioren erupzioak garun bat kristalizatu zuela frogatu dute

79. urtean, Vesubio sumendiaren erupzioak errautsez eta arrokaz estali zituen Ponpeia eta Herkulano hiriak eta hango biztanleak. Aurkikuntza arkeologiko ugari egin dira hondakinetan; tartean, 2018an, gorpuzki batzuk aztertu zituzten berriro, eta ikusi zuten gizon baten garuna... [+]


Eskolak ematen hasi da berriz mezu arrazista eta transfoboengatik ikertutako EHUko irakaslea

Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.


“Hitzarmen duin bat lortzeko” mobilizazioak iragarri dituzte ‘Diario de Noticias de Álava’ko langileek

Lan baldintzen "prekarietatea" salatzeko kontzentrazioa egin zuten asteartean egunkariaren egoitzaren aurrean. Abenduaren 2tik sindaura greban daude langileak eta mobizlizazioak "areagotzea" erabaki dute orain.
 

 


2025-03-05 | Leire Artola Arin
Zaintza eskubidea aldarrikatuko dute sindikatuek ostegunean

Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez.


Eguneraketa berriak daude