argia.eus
INPRIMATU
Anuntxi Arana Sineste Zaharretan Aztarrika
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 23a
Anuntxi Arana idazleari elkarrizketa

Anuntxi Arana Sineste Zaharretan Aztarrika
Bi Liburu Ditu Jadanik Idatziak Anuntxi Aranak Ipar Euskadiko Mitologia Eta Sineste Zaharren Inguruan.
Laster plazadu hirugarrena, "Ipar Euskal Herriko ipuin eta legendak" lanaren bigarren zatia izango dena. Baionan topatu dugu, berez arabatarra den emakume gaztea.
ARGIA.- Bigarren liburua kaleratu duzula-eta gatoz zure bila.
Anuntxi Arana.- Egia esan ez dira osoko eneak, baina esplikatuko dizut. Lehendabizikoa, "Ipar Euskal Herriko ipuinak eta legendak" abenduan argitaratu zen, Haranburu argitaldariaren "Antropologia" sailean, eta horrek argitasun pittin bat behar du.
1875etik 1885a artean lau artikulu argitaratu ziren Paueko aldizkari batean, "Bulletin de la Societé des Ciences, Lettres et Arts de Pau" delakoan. Horietan Ipar Euskal Herriko ipuinak agertzen dira, Jean Francois Gerquand izeneko batek bilduak. Gizon hori bordaleko akademiako inspektorra zen Pauen, eta haren pean zituan Amikuze, Garazi eta Zuberoako errient edo maisu guztiak. Errient guztiei eskatu zien entzuten zituzten ipuin guztiak idatz zitzaten, entzun bezala, eta berari bidal ziezazkioten.
A.- Garai hartarako harrigarri ere egiten da.
A.A.- Esan behar da orduan entzute handia zuela Tylor eboluzionistak, beste hainbatek bezala, eta aski modan zen zaharkeriak bilatzea. Euskal Herrian, ordukoak ziren Julien Vinson, eta jende horiek.
Hala ere, esan behar da Cerqand-en metodoa aski modernoa zela: ipuinak entzun ahala; diktatu gisa, hartzeko agintzen zien errientei. Ikusten da beti ez zela hpla egin, batzuk landuak direla nabari da. Gaur egun oso liburutegi gutxitan aurki daitekeen bilduma hartan akats bat nabarmena da: ortografia eredurik batere ez dute, eta idazle bakoitzak berak derizkion gisan ipintzen du. Nere lan bat, beraz, ortografia bateratzea izan da. Zalantza ugari izan dut, askotan ez zenekien-eta garbi zein erizpideri jarraitu. Azkenean nerea jarraitu dut, eta testuak batere aldatu gabe eman ditut gaurko ortografiaz, ipuin bekoitzaren bukaeran hiztegi ttipi bat ere ipiniz.
A.–Paueko boletin horretan pentsatzekoa da ipuinak frantsesera itzuliak emanen direla...
A.A.–Cerquanden lana bi partetan osatua zen. Batetik itzulpena frantsesez, eta horri ematen zion handiena hain zuzen, ipuinen bidez euskal eta mitologia ikertu nahi zituelako. Harentzat funtsezkoa zen jendeak ezagut zezan gure mitologia, eta itzulpenen ondoan sekulako nota piloa inpintzen du, beste mitologiekin gurearen pasarteak alderatuz, hainbat autoreren aipamenez... eta eraskin gisa eskaintzen zuen jatorrizko bertsioa, euskarazkoa. Notei nik hainbeste garrantzia ez dieta eman, eta laburpenetan ipini ditut.
Ipuin horiek sailkatu ere egin ditut, zeren hamar urtetan zehar bilduz doan ipuinak Cerquandek heldu-arau argitaratzen ditu. Beraz, 1aminei buruzko ipuinak elkarrekin ipini ditut, basajaunei buruzkoak beste sail batean, eta hola.
A.– Eta zenbat izango dira denetara?
A.A.– Cerquandek 117 ematen ditu, baina denek ez dute beren euskarazko pasartea, eta azkenean 110ean geratu dira. Frantsesez hutsik zeudenak batzuk laburtuta eman ditut, euskaraz. Esan behar da Cerquanden bilduma hori osatzen dutenak direla Euskal Herrian bildu diren lehen ipuinak.
A.–Zu ez zara unibertstiateko irakasle eta holakorik, nola iritsi zara lan honetara7
A.A.– Ez nabil, ez, unibertsitari giroetan. Esan behar dut orain hiru urte egin nuela «Harpeto Saindua» delakoari buruzko lana urte hasiéran honetan argitaratua izan dena. Euskaltzaindiaren "B" mailako titulua eskuratzeko lan bat egin behar da, eta horretarako Ipar Euskal Herriko mitologia arakatzen ari nintzela aurkitu nituen ipuin horiek.
«Txertoa»ko Luis Jimenez Aberasturik bazekien holako gauzetan nenbilela, eta proposatu zidan ea ez ote nuen bilduma bat egin nahi Iparraldeko ipuinekin, egile ezberdinenak batuz, Barandiaranenak, Barbierrenak, etabar. Baina Cerquandenak biltzea hobeki izanen zela pentsatu nuen, jende gutxik ezaputzen zituelako.
A.– Aizu, eta zergatik ez dituzu ipuinak euskara batuan argitaratu?
A.A.–Iruditzen zitzaidan ipuin horiek monumentu batzuk direla, ikutzen baldin badituzu nolabaiteko bandalismo bat egiten duzu. Asko gainera ez dira orijinalak Hegoaldeko bildumetan ere antzekoak aurkitu daitezkeelako, eta duten xarma neurri handi batean duten euskarak ematen die. Beste batzuk, aita, orijinalak dira, edo nik bederen beste inon ez ditut aurkitu.
Esan dezadan, dena den bi tomotan argitaratzekoak direla ipuin guzti horiek, eta lehendabizikoan dira Euskal Herriko pertsonaietatik urrunen direnak, eta Europako tradizioan zerikusia dutenak.
A.– Zerk harritu zaitu gehien ipuin guzti horien artean?
A.A.– Batetik narrazio tekniketan agertzen duten biluztasuna, aho tradizioko ipuinek duten biluztasun hori, funtsezkoena kontatzen dute, floriturarik gabe. Beste alde batetik, Euskal Herriko antzinako bizimodua ere adierazten dute. Eguneroko bizimodua esplikatzen duten agiri etnografiko batzuk dira.
Bada ipuin bat bi ahizpaz mintzo dena, bata zintzoa eta bestea oso gaiztoa. Zintzoa oso ederra da eta eskilar,apean uzten dute, eta dio ipuinak gaiztoa sukaldera eramaten zutela. Sukaldea zen etxearen zentroa, eta gure mentalitatean ez litzateke horrela, gure "Mari Errauskin" beti sukaldean da, gaisoa, lanean... eta besteak saloian. Holako gauzak.
A.–Zure beste liburua «Harpeko Saindua» da, arestian esaten zenigunez «zureago» kontsideratu dezakezuna. Hegoaldean Harpeko Saindua ez genuen ezagutzen.
A.A.– Bon, Bidarrai herrian bada harpe bat, eta harpean bada saindu bat Mendira pasatzerakoan handik pasatzen zara, bide aski inportante bat pasatzen bait da, eta han ikusten dituzu loreak, argizariak, errosarioak, haur jantziak, mokanes edo sudurzapiak... eta «zer demontre ote dago hemen?».
Diploma bat eskuratzeko lan bat egin behar nuen, eta Harpeko Sainduaz egitea pentsatu nuen, zer den, zergatik doan jendea bertara eta abar. Magnetofoia hartu, Bidarraira joan eta han zaharrei galdezka hasi, zeren zoritxarrez zaharrekin egin behar dira gauza horiek, gazteek ez bait dakite kasik ezer.
Han bada harrizko saindu bat, sainduari ura dario eta ur horrek negalak eta ezemak sendatzen ditu. Hori turista liburuetan ere agertzen da. Lehen fertilitatearekin ere zerikusia ematen zitzaion, eta ezkonberri asko haruntza joaten omen zen, gero haur ederrak egin nahiz.
A.– Baina harria zer da, bertan forma horretan sortua, ala kanpotik ekarritako irudi bat ala...
A.A.– Sinestedunek esanen dizute neska gazte baten gorputz petrifikatu bat dela, sinesterik ez dutenek esango dizute estalagmita bat dela. Baina eskultura ez da, harri antropomorfo bat da, pertsona itxura du orohar, baina bururik gabe.
Eta jendeengana jo nuen, galdezka, ea sendatutako jenderik ezagutzen zuten, edo zigorturik... zeren sainduak zigorrak ere ematen bait ditu, trufariei. Oso normala da, zigorren artean, beheitiko edo kakaeria, baita mendian zangoa haustea ere, edo abere edo kabaletan eritasuna. Bada zigor bat behin gertatu omen dena, eta oso polita: hango sosak ohostu zituen emakume bati ez dakit zerk, batzuek diote deabru bat izan zela baina dena dela ere Sainduak igorritako zerbaitek, aztala edo opoa eraman zion, supazterrean zegoela, ekaitz gau batez.
A.– Eta nor da mesedeak bezala zigorrak ere banatzen dituen Saindu hori?
A.A.–Tradizioak dionez, jende goputzaren irudia duen harri hori neska artzain bat zela, eta mendian zegoela egun batean desagertu egin zela. Hori Barandiaranek ere bildua dauka.
Bilatu zuten, baina aurkitu gabe, eta denbora askoren buruan hotsak entzun omen ziren harpe horretan, argiak ere ikusi zirelarik, eta biharamonean haruntza joanez,. jendeek aurkitu zuten galdutako neska harri hori bilakatu zela.
A.–Jende asko joaten al da Harpeko Sainduarengana?
A.A.–Lehen askoz gehiago joaten omen zen, baina oraindik ere asko joaten da. Ni pasa naizen guztietan ia beti aurkitu dut norbait, poltsa eta botilekin ura hartzen. Inguruko herrietatik joaten da jendea, Baztan aldetik ere bai, Baionatik, Panetik... Duela urte batzuk «Paris-Match»en edo propaganda agertu zen, eta turista asko etorri zen. Kontatu didate hemendik Ameriketara joandako jendeak eskatzen dietela familiartekoei horko ura bidal diezaieten. Eta nik Bidarrain elkarrizketatutako guztiek ezagutzen zuten sendatutako norbait edo zigortutako norbait.
A.–Gauza horiek kontatzeko jendea errez ireki al zaizu?
A.A.– Esan behar da bidarraitar batekin egin ditudala elkarrizketak, eta izotza berehala hausten zen. Dena dela, sineste hori jendeak oso agerian du, ez du ezkutatzen, jendeak loreak eramaten ditu, ur bila joaten da, askotan inguruko baserriren batean galdegin behar du Saindua non den... lotsarik ez du, eta zertan edukirik ere ez du gainera.
Zaharrek, bestalde, ikusten dute ixtorio horiek nori kontaturik ez dutela. gazteek trufa egiten diete, ez diete sinesten, zaharrak konturatzen dira gauza horiek bukatzen ari direla, inork ez dituelako entzun nahi.
P.Z.
40-41

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakHistoria li
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakARANA2
PertsonaiazARANA2