Pantxoa Etxegoini elkarrizketa
Pantxoa Etxegoin: "Antzerki Idaztea Ez Da Egun Batetik Bestera Ikasten"
Aurtengo Galarrotsak hauetan izan diren berrien artean, antzerkigile berri baten plazaratzea ez da garrantzi gutxien duena. Pantxoa Etxegoin da Daniel Landartekin batera Baionako Xirrixti Mirrixti taldearen azken obraren egilea. Pantxoa "Gazteluko Muxurdinak" antzezlanaren egiletariko bat izateaz gain, antzezlari ere bada bertan. Bere lehen obraren estreinatzeaz mintzatu ginen Hazparnen.
ARGIA.–Dudarik gabe esperientzia berria izan duk estreinatze hau hiretzat, paperean idatziteko pertsonaia batzu taula gainean bizi ikusi dituk. Nola pasatu duk esperientzia hau?
Pantxoa Etxegoin.–Bai, lehen aldia da antzerki bat idazten dudala, eta biziki kontent naiz, zeren eta aspalditik nahi nuen zerbait idatzi. Testo ttipi batzu egiten nituen niretzat, eta Daniel Landartek proposatu zidalarik lan bat berarekin egiteko, pozik naiz bide batean sartu nauelako, niretzat bakarrik egitea arras zaila bait zen. Antzerki baten idaztea ez da testu baten idaztea bezala, teknika batzu ezagutu behar dira.
A.– Aurrerantzean elgarrekin segiko duzue?
P.E.–Beharbada bai, baina agian indarra izanen dut lan bat bakarrik egiteko. Ez oraino, lehenik behar bait da hobetu, ez bait da egun batetik bestera antzerki baten idaztera ikasten. Oraino badut anitz lan egiteko maila horretan. Ideia berririk ez dugu, baina zerbait berri elgarrekin egiteko bai. Orain arte biziki hartuak izan gaituk antzerki honen estreinatzearekin.
A.– Nola lan egin duzue?
P.E.– Hastapenean ez duk erraza izan, norberak bere gustoko esprezioneak sartu nahi izaten bait ditu. Baina azkenean, ontsa akomodatu gaituk. Gero idatzi dugu pentsatuz antzezleetan, bait bagenekien Xirrixti Mirrixtirentzat zela. Hunkigarria izan duk izkiriaturiko esprezioak beste pertsona batzuk esaten entzutea.
A.–Jendearen erantzuna?
P.E.– Jendeak irri egin du. Hori inportantea da. Baina antzerki hori parabola bat duk. Hiru muxurdin horien barneko beldurra jende askok bizitzen duela uste dut. Azken finean argi-joko batzuz elgarturiko esketxa batzu dituk, galdera batzu dituk eta erantzunak norberak barnakorki eman behar ditu.
Mikel ANTZA
39
GaiezKulturaEkitaldiakJardunaldia
GaiezKulturaAntzerkiaJardunaldiaGalarrotsak
PertsonaiazETXEGOIN1
EgileezANTZA1Kultura