Iñaki Anasagastik azken urteetako egoera politikoaren azterketa egiten du
Iñaki Anasagasti: «Europarentzat Franco garantia bat izan zen»
Iñaki Anasagastik Bilboko PNV-eko egoitzan hartu gaitu, bere alderdiaren ikuspegitik azken urte politiko hauei errepasua emateko asmoz. Luze egin genuen berarekin berba eta minutu askotako berbaldiaren ondotik hauexek izan ziren gure grabagailuan jaso ahal izan genituen eritzi eta datu interesgarrienak. Hementxe uzten dizkizuegu, beraz.
ARGIA. -Zein izan zen diktadoreadoren heriotzaren ondoren geratu zen panorama politikoa?
IÑAKI ANASAGASTI. - 1975eko udaldian mundu guztiak ba zekien zerbait gertatu behar zela, baina lehenagotik ere bageunden Europako Demokrazia Kristauarekin harremanetan. Heurekin batera, Ruiz Gimenez-en Izquierda Democratica, Gil Robles-en Partido Demócrata Popular, Partido Nacionalista Valenciano (geroago deseuztatua) eta Unió Democratica de Catalunya ari ziren.
Europa mailan planteatzen zuten galdera zera zen, Francoren ondoren hemen ea zer gertatu behar zen, eta guk gure kexa azaldu genien, Franco hilzorian ikusi arte ez bait zuten gure arazo politikoetaz inolako interesik adierazi. Uzturrek berak azaldu zion ardura hau politikari aleman bati, eta honen erantzuna zera izan zen, Europarentzat Franco garantia bat izan zela.
Azaroaren 20an bertan, multikopistari ordu estrak sartu araziz, "Euzkadi" izeneko orritxoa atera genuen, klandestinoki, Xabier Arzalluzek egina, eta ordutik aurrera astero aterako zen. Franco hilda bazegoen ere, aparailu errepresiboak zutik zirauen, eta Donibaneko Axular inprentan egiten segitu behar izan genuen, aurrerago.
ALEMANIAKO IKASKETAK ETA PROZESU ESTATUTUGILEA
A.– Franco hil eta berehala hausturaren gaia planteiatu zen, eta horrekin batera alderdi politikoen sortzea edota sendotzea. Zuek nola bizi zenuten hori guztia?
I.A.– Garai hartan, Plataforma Democratica zein Junta Democratica apurketaz, rupturaz, mintzatzen ziren, eta gu ere bai, baina belatuki. Alemanian alderdiak antolatzeko eta hauteskundeetarako teknikak ikasi genituen. 1976an Ruiz Olabuenaga, Mikel Estabillo, Xabier Agirre, Iñigo Cavero eta beste batzu han egon ginen. Baina egia esan handik ez zen ezer etorriko, ez bazen komunismoaren kontrako prebenzioa. Guri interesatzen zitzaiguna prozesu estatutugile batetan beharko genukeen laguntza aurkitzea zen, 193136eko esperientzia bait geneukan, eta orduan ikusi genuen inork ez gintuela estatu mailan horretan lagundu, nahiz eta hasieran eskuma alde eduki genuen.
A. - 19 76an bertan, eta oraindik ilegalak izanik, PNVk ETAren kontrako lehen komunikatu gogorra atera zuen, apirilean hain zuzen. Aurreko martxoan ETAk Berazadi bahitu zuen, eta errepresioari beldur, PNVk apirileko Aberri Eguna deskonbokatu zuen, Irañuan ospatu behar zena. Zer esango zenuke garai haietaz?
I.A.– Anekdota modura, zera esango nuke, komunikatu hori ateratzen geundela, poliziak harrapatu gintuen. Orduan Gobernazio Ministraria Fraga zen, Basaurira sartu nahi izan gintuzten, baina orduko egoera oso ezegonkorra zenez, azkenean bakarrik hiru egunetan eduki gintuzten barruan.
PNVk garai hartan jasan zuen arazoetariko bat, beste indar politikoen kritika izan zen. Alderdi historiko eta kadukotzat hartzen zuten, eta ez zioten etorkizunik ikusten. Beste sigla batzuren artean planteatu behar omen zen borroka politikoa: ESB, ESEI, ORT, PTE...Orduko PSOE ez zen orain dagoena. Ordukoa: errepublikanoa zen, rupturazalea eta askoz ere baskoagoa: Euskal Gobernuko bere kontseilaria exiliaturik mantentzen zuen. Bera da aldatu egin dena, berak aldatu ditu bere presupuestoak.
ALDERDI BERRI BAT GARAI BERRIETARAKO
A.–PNVk ere gutxienez imajina aldaketa bat egin du. Aldaketa hori nola etorri den jakin nahi genuke.
I.A.– PNVk imajina aldatzea eta egunean jartzea lortu bazuen, Xabier Arzalluz-i esker izan zen. Bi lan paralelo burutu ziren orduan, informazioa alde batetik, eta antolakuntza bestetik, eta honen fruitu, pertsonalitate politikoak sortzea izan zen.
Xabier Arzalluz ahalmen eta karisma handiko pertsona zen, eta euskal gizartearen arlo desberdinetako jende askorekin kontaktatu zuen, maila politiko, profesional, ekonomiko eta eklesiastikoan ere... Berak, PNV iraganeko errelikia zelako imajina desmuntatzea lortu zuen. Honekin batera, beste prozesu bat eman zen orduan; 1977eko otsailean eskualde batzordeetarako hauteskundeak konbokatu ziren, eta honela partiduko karguak berriztu ziren, 1935tik aldatu gabe zeudenak.
Hauteskunde hauetan Ajuriagerra, Arzalluz, Anton Ormaza, Sabin Zubiri, Pujana, Iñigo Agirre eta Anasagasti bera irten ziren Bizkaian. Hautatutako talde berri honek partiduaren ponentzia politikoak atera zituen. Iruñeako batzarrean PNV legalizatu behar zenentz eztabaidatu egin zen, eta azkenik, eta oso programa anbiguoaz legalizazioa lortu zen, 1977eko hasieran.
1977eko martxotik ekainera, borroka handiena Gestorek zeramaten, kalean, amnistia eskatuz. Orduan sortu zen eztabaida hauteskundeetara aurkeztea ala ez izan zen; batzuk presoak kalean egon arte ez ginela aurkeztu behar esaten zuten, eta besteek presoak kalera ateratzeko bertan parte hartu behar zela zioten. Baina egia esan inork ez zekien zein zen bidea. Beste gai garrantzitsua Nafarroako arazoa zen. 1932an Nafarroa Estatututik aldendu zen, eta 1977an PSOErekin akordio bat egin genuen honetaz, oso kritikatua izan zena. Akordioaren bidez hurrengo prozesu estatutugilean Nafarroa barnean sartu behar zela paktatu genuen. Orduko hauteskunde haietan ez genuen erresultatu txarrik lortu, nahiz eta gero hobeak lortu ditugun.
Argi ikusi zen gauza zera izan zen, ESB eta ESEI, paper abertzalea edo hartu zutenak, ez zirela horrenbesterainokoak, eta heuren erresultatuak espero zitekeena baino askoz ere eskasagoak izan zirela.
PANORAMA POLITIKOAREN ARGITZEA
A.–Eta azken hamar urte hauetako balantzea eginez...?
I.A.–Hamar urte hauetako ezaugarri nabariena politika mailan, panorama politikoa argitu dela izan da. Sigla maremagnum hartatik partidu perfilatuak atera ziren, eta aukera nazionalista sendotuz joan da.
ESB eta ESEI hemengoak ziren, bertakoak, eta PSOE sukurtsalista. Horixe zen garaiko hizkuntza. Denboraz desagertu eta heuretariko gehienak PNVra sartu ziren. Beste batzu HBra, baina orain jadanik ez da ESB eta ESEI ere existitzen.
Nabaria denez, oraingo balore eskala eta ordukoa ez dira berberak. Gaur egun gaindituta dauden hainbat gai, orain zortzi edo hamar urte politikaren "life motiva" ziren, eta horretan erabiltzen ziren hainbat indar.
Orain puntual edo garrantzia gutxiko gaia iruditzen zaiguna, orduan lehen planuan egoten zen; ikurrinaren legalizazioaz ari naiz. Ez zen hori ordea gai bakarra. Beste ardura bat, kalean egunero agertzen zena, presoen egoerari zegokiona zen. Gu alde geunden arren, horren zama handiena Gestorek eraman zuten.
L.M.
49-50
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazANASAGASTI2