argia.eus
INPRIMATU
Arantza Urretabizkaia: «Literatura ez da telebista bezain beharrezkoa»
2021eko uztailaren 23a
Arantza Urretabizkaia, ETBko langile ohiari elkarrizketa
Telebistako lanak utzi berri dituela eta
Arantza Urretabizkaia: «Literatura ez da telebista bezain beharrezkoa»
Azkenaldian pantaila aurrean agertu izanagatik da aipatua Arantza Urretabizkaia; orain lan horiek utzi eta literatura idazten eman nahi du bere denbora. Egoera aldaketa hori aprobetxatuz Urederrak eginiko elkarrizketa eskeintzen dizugu, bertan Arantzak telebista, zinea, literatura eta abarrei buruzko eritziak agertzen dituelarik.
Alabaina, bera agurtzearekin batera ustegabeko sorpresatxo batekin topatu gara, pantailan agertzen den baino txikiagoa eta meheagoa inbaditu bait zaigu. Horregatik, eta gure elkarrizketari horri barazko garrantzi gabeko galdera batekin hasiera ematen diogu. Honabada, Arantza Urretabizkaiak ihardetsi diguna:
ARANTZA URRETABIZKAIA.–Bai arrazaoia daukazue. Teleak gizendu egiten du irudia zabaldu egiten du, erreliebearen ezagatik. Eta jakina, jendea, lehendabiziko aldiz pertsonalki ezagutzen zaituenean, harritu egiten da. Hala ere, "Gaztetandik" telesaioa utzi eta gero bost kilo gizendu naiz.
ARGIA.–Konta ahal zeniezaguke nola jaio zen programa hori?
A.U.–Ni behin baino gehiagotan egon nintzen ETB-n lan bila eta halako batean O.H.O.-ko bigarren zikloan zeuden haurrei zuzendutako lan bat egin nezan proposatu zidaten. Baietza eman nien. Enkarguko lan bat zen. Ez da nik haurrekin aldez aurretik esperientzia neukalako, ez eta ere niri haurrak izugarri gustatzen zaizkidalako, eskaini egin zidatelako baizik. Zaharrei buruzko lan bat egin nezan eskatu izan balidate baietza emango niekeen eta gainera gustora.
ARGIA.–Hasierako gusto edo ilusio hori galduz zihoakizulako edo uko egin diozu programarekin aurrera jarraitzekoari?
A.U.–Denboraren poderioz martxa eta ordutegia pixkat aldatuz hasi zitzaizkiguten. Pentsa ezazu lehen gaueko bederatzitan hasten ginela ilunabarreko zortzitara pasaerazi zigutelarik, etxeko antolamenduak horrela eskatzen zuelako. Horrek programaren entzulegoa aldarazi zigun eta beharturik sentitu genuen gure burua programaren filosofia aldatzera.
A.–Zertaz oinarritzen zara halako baieztapena egiteko, entzulegoaren aldaketarena, batez ere sondeo zehazturik egin ez denean?
A.U.–Eskutitzengatik badakit hori. Hasieratik lortu genuen gutun pila bat eta jende askorekin harramanetan ezarri ginen. Beste aldetik ikastolaz ikastola genbilenez ea programa ikusten zuten galdetzen genien eta haurrak hain zuzen diren esker zor dugu dato fidagarriak edukitzea. Orduketaren aldaketak hondatu zigun entzulegoa erabat. Eta beno, lehendabiziko itaunari erantzuteko, esango dizuet ni ez naiz etxe horren edozein bezalakoa. Nik ez nuen mugagabeko kontraturik sinatuta, horrenbeste astetakoa baizik. Gehixeago luzatu nuen eta nire asmoa izan zen kontrato hori bete eta gero horko diruarekin bizi beste bolada lanik egin gabe.
A.–Honek zer esan nahi du, diru bukatzearekin batera berriro telebistaren bulegoz balego hasiko zarela lan eske?
A.U.–Dudarik gabe. Hurrengoan ere lana eskatuko diet. Baina nik idatzi egin nahi nuelako ere utzi nuen eta oso zaila egiten zitzaidan bi lan horiek konpajinatzea.
A. - «Zergatik Panpox» liburua horrela idatzi zenuen.
A.U.–Bai, halaxe da...
A.–Orduan...
A.U.–Nere buruari zera esan nion, urte betean egingo nuela lana baina gero etorriko zitzaidala gerokoa eta geroko hori 1985. urtea da hain zuzen ere. Orain badaukat lanik gabe bizitzeko haina eta gero "Dios dira".
A.–Orduan idezteari ekingo diozu berehela?
A.U.–Telebistan nengoela ez nekien zertaz idatz nezakeen. Nuen inspirazio eskasak ihes egiten zidan: nolabaiteko bildurra sentitzen nuen zeren eta ez nekien zertaz idatzi telebistaz izan ezik. Une honetan askoz ere hobeto ikusten dut panorama nahiz eta hogei orrialde jarraian idazteko bat bateko inspiraziodun horietakoa ez izan. Telebistak eskatzen dizu egun osoan jendearekiko harremana izan dezazun, idazteak berriz boli eta paper bat besterik ez.
A.–Dena den, ETB-ren etorkizuna nola ikusten duzu, antolaketaren aldetik eta gizartean duen harrerari dagokionez?
A.U. Ni gauza batek kezkatzen nau eta zera da, gehiegi dela. Euskaldunok gizarte honetan 25 izango gara eta ETB egiten da denon diruarekin eta euskaraz bakarrik. Horrek eskatzen du borondate politiko argia eta publizitariok ondotxo dakite jendeak zer ikusten duen. Telebistan egiten diren iragarkiak oso mugatuak dira. Orduan diru publikoa behar da hori soportatzeko, bestela gehiegizkoa da eta guk nolahala ez dugu merezi. Beldur naiz, noraino borondate politiko hori irits daitekeen eta noraino izango da trinkoa hemendik urtebetera edo. Telebista honek orain ordu erdiko programa dauka erderaz, herri honi dagokiona baina erabat alderantzizkoa.
A.–Zer adierazi nahi duzu «ez dugula merezi» horrekin?
A.U.–Beno, telebistak ez du derrepentean euskaldunon kopurua bikoiztuko hemendik bi urtetara. Lehenengo egunean esan zidaten Unibertsitateak haina kostatzen zuela telebistak -eta jakina, Unibertsitatea, Unibertsitatea da. Orduan baten batek erabakitzen badu diru guzti hori jartzen dela bakarrik euskararen zerbitzurako, ez dakit gaur egunean erizpideak markatzen dituztenek noraino izango duten indarra hori mantentzeko, zeren eta kontrakoak badatoz eta razonableak dira esaten dutenean «aizue, gehiegi ari zarete, hau ez da gizarteari dagokion portzentaia».
A.–Erderaz badauzkate beste bi kate eta guk ordaindu egiten ditugu ezer gutxi jesotzen dugularik horren truke.
A.U.–Baina... ee... Niri askotan gertatu izan zait lanera joan eta beno ikastola batetara bazoaz ez dago problemarik baina behin hospital batera abiatu nintzen erreportaia bat egitera, eta segituan leporatu zidaten «y por qué solamente a los que hablan en euskara». Nik esan nien «pues llamad a Telenorte». Baina ez da hori. Begira, ETB-k eskaini diezaioke Euskal Herriko jendeari espainiar telebistak ezin ahal izan duena: hurbiltasuna. Eta hemendik gutxi barru denok paseak izango gara pantailatik era batera edo bestera.
A.–Beno, Arantza, argi dezagun, zure ustez merezi ala ez dugu merezi euskara hutsezko telebista?
A.U.–Beharbada ez naiz ondo espresatu. Merezi, merezi... Hori kriterio morala da. Historiari begiratuta bai, merezi dugu baina ez inola ere soziologiari kasorik egiten badiogu. Hala eta guztiz ere, ahal dudan neurrian borrokatu egingo dut horrek aurrera segi dezan, ez bakarrik lana ematen didalako baizik eta uste dudalako ETB-k euskerarentzako duen garrantzia literatura berarena baino askoz ere haundiagoa baita. Telebista gaur-gaurko gizartean beharrezkoa da eta literatura ez da horrelakorik.
A.–Hain pesimista azaldu zarenez, zer deritrozu euskararen beraren geroari?
A.U.–Arrazoitzen hasten baldin banaiz ez oso ona. Hala ere, nahiz eta oso baikorra ez izan itxuarena egiten dut. Hori da nire borroka eta iraungo dudan bitartean horretan jarraituko dut. Gaurtik hogei urtetara nola egongo denari ez diot kasori egiten. Egingo banio bertan behera utziko bait nuke dena.
A.–Gaur agertzen duzun pesimismoari jarraia emateko, konta iezaguzu zure bizitza profesionalaren pasadizo triste bat.
A.U.–Zinea da nere esperientzi profesionaletarik ilunena, gustorik txarrena utzi didana eta ez dit laga berriro zinean aritzeko bat ere gogorik, zinea eta biok ez bait gara ondo konpontzen.
A.–Zinearekin jarraituz, zer esan zenezake euskarara itzulita dauden pelikuletaz?
A.U.–Nolabaiteko kutsu artifiziala somatzen diet. Jakina, nik pantaila aurrean dudan esperientzia berbera daukate bikoiztaile horiek eta hori igartzen da. Behin galdetu zidaten ea zer pentsatzen nuen Euskal Telebistaren profesionaltasunaren ezaz eta nik ihardetsi nien ez zitzaidala iruditzen ETB gure politikoak politika mailan baino kaskarragoa zenik.
A.–Gala aldatuz, zer nolako zailtasunekin topatzen zara liburu bat idazterakoan?
A.U.–Hizkuntzaren aldetik begiratuta hasiko banintz idazten den bezala hitz egiten bada, esaldi bakoitzaren aurrean zalantzatan egongo nintzateke. Idazterakoan egin dezaket. Lehendabizi nere modura egiten dut eta gero txukuntzen dut, aditz taula badaukat eta horri begiratzen diot bestela galduta ibiliko nintzateke. Hau heziketa kontu bat du. Beste aldetik osa idazle eskasa naiz, ez naiz konpultsiboa. Hasteko eskuz egiten dut eta egun guztia pasa ondoren ez naiz iristen folio bat idaztera. Ez zait bat ere pozgarria idaztea. Hala ere gustoko gauza bat ateratzen bazait horrek ematen didan poxa ez dut inon eta inorengan aurkitzen.
A.–Inoiz pentsatu al duzu ea euskal irakurleak goxatzen duen liburu bat irakurtzerakoan?
A.U.–Irakurketan fenomeno bitxi bat gertatzen du. Goxatzeko irakurtzen duen jende gutxi topatu dut. Gehienok euskara lantzeko irakurtzen date, arrazoi extra-literarioengatik. Izan ere, irakurlearengandik jasotzen duzun lehendabiziko eritzia linguistikoa du, ondo idatzia dagoen ala ez, aditza ez dakit zer, perpausa ez dakit nola.... Eta nik esaten dut, ederki, ez diet halako faktoreei duten garrantzia kentzen baina beno liburua gustatu zaizu ala ez, emozionatu zara ala ez. Honi ematen diot benetazko garrantzia eta, egia esaten dizuet, asko gustatuko litzaidake horrelako irakurlegoarekin topo egitea, militantismorik gabeko jendearekin.
A.–Bukatzeko, Arantza, entrebista hau egiteko eman digun arrazoiari bueltatuz, zer esan diezagukezu zure deituraren aldatzeaz?
A.U.–Konturatu egin naiz sekulako efekto txarra sorrerazten duela «Urretavizcaia» deiturak. Hemendik aurrera aldatu egingo dut. Jende guztia hasi da bere deitura aldatzen eta nik beste horrenbeste egingo dut. Hala ere, ez pentsa, aldaketa izugarri haundia da niretzat, osa identifkaturik bait nago orain arteko grafiarekin. Egia esan lotsa ematen dit aldatzeak, iruditzen bait zait trabestismo egingo dudala.
Horrela, tankanpante, utzi gaitu pesimista bezain konformagaitza, graziosa bezain serioa, umea bezain heldua, hizjariodana bezain atsegina jaio berri zaigun Arantza Urretabizkaia. Ea denbora azkar pasatzen den eta laburra egiten zaigun bere hurrengo liburua argitaratua ikus dezagun.
UREDERRA
52-53


GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakURRETABIZK1
GaiezKulturaLiteraturaBesteak
PertsonaiazURRETABIZK1
EgileezUREDERRA1Komunikabid