argia.eus
INPRIMATU
“Zuzendaritzaren kudeaketa negargarriek ekarri gaituzte gauden lekura”
  • Edesa Industrial-eko eta Geyser Gastech-eko langileek, bizi duten egoera salatzeko, elkarretaratzea egin dute asteazkenean Arrasateko Herriko Plazan. Ez dute esperantza larregi bihar aurkeztuko dieten bideragarritasun planaren inguruan: "Gure susmoa da plan horrek murrizketa gehiago ekarriko dituela".

Goiena @goiena 2017ko uztailaren 20a
Geyser Gastech-eko langile batzordeko ordezkari Jesus Lasa komunikatua irakurtzen, Arrasateko Herriko Plazan egindako elkarretaratzean (argazkia: Goiena).

Langileen ordezkaritza zabala elkartu da Arrasateko Herriko Plazan, eta Edesa Industrialeko langileen batzordeko buru Rikardo Perezen arabera ia plantilla guztiari eragiten dion suspentsio lan erregulazio baten aurrean aurkitzen dira: "Zuzendaritzaren azken erabakiek ziurgabetasun eta babesgabetasun egoera baten aurrean utzi gaituzte, etorkizunak zer ekarriko digun ez dakigula. Horrez gain, 30 langileren aurkako kaleratze kolektibo baten tramiteak abiatu dituzte".

Murrizketa gehiago ekarriko dituen susmoa

Perezek langileen aurrean irakurri duen oharrean argi utzi du langileek zein iritzi duten: "Zuzendaritzaren kudeaketa negargarriek ekarri gaituzte gauden lekura. Oraindik ezagutzen ez dugun bideragarritasun plan baten inguruan hitz egin digute, baina susmoa dugu plan horrek murrizketa gehiago ekarriko dituela langileontzat. Ez dugu onartuko langileak kontuan hartuko ez dituen eta irteera faltsuak ekarriko dizkigun planik". Perezek Goienari adierazi dionez, ostegun honetan 16:30ak aldera emango du zuzendaritzak bideragarritasun plan horren berri.

Ordezkari politikoen presentzia

Hainbat izan dira elkarretaratzearekin bat egin duten ordezkari politikoak. EH Bilduren Gipuzkoako politika arduradun Unai Larreategi, Ezker Anitzako diputatu eta koordinatzaile nagusi Isabel Salud eta Elkarrekin Ahal Duguko Jon Hernandezekin batera, Arrasateko zinegotzi Eneko Barberena eta Itxaro Artola (EH Bildu), Victoriano Fuentes (PSE-EE), Igor Urizar eta Eva Abuin (Baleike) eta Juan Luis Merino (Irabazi) izan dira, besteak beste.

Albiste hau Jokin Bereziartuak argitaratu du Goienan eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.