Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea ahoan.
Gai ordena aspaldi zehaztu genuen: gure 3. Alea, ARGIAko zutabeen eragina, sentimendu erronda, apirilaren 10ean arratsaldeko 19:00etan Liburutopiako irakurle kluba (jeje, jan duzue publizitatea), alearen aurkezpena (¿?¿?) eta aurrez aurrekoa (¿?¿?¿?).
Esateko asko eta lana are gehiago, denbora gutxi. Ohartu orduko pasa dira hilabeteak eta dagoeneko egoera, paradigma edo dena-delakoa, zeharo da ezberdina. Eskola izaten hasi ginen baina orain hippiak gara, ez dugu sinesten azterketetan, ezta ariketetan ere. Horrek ere irakatsi dizkigu pare bat lezio:
- Hobe da erronka nolakotasunetik abiatzea, denok baitugu eskura zeresanik.
- Kontatzea merezi dutenei berezkoa zaie edukia, karga eta esanahia.
- Idazle ez bagara, idatzi duguna ez da bakarrik gurea.
"Zaharberritzeko idaztea ez da filosofia eskasa, modus operandi zaharrak albo batean utzi eta eraikitzeko forma berriak topatzean datza askotan lana"
Esatekoak topatzea, beraz, ez da lan zaila, baina bai nola esan deskubritzea. Zaharberritzeko idaztea ez da filosofia eskasa, modus operandi zaharrak albo batean utzi eta eraikitzeko forma berriak topatzean datza askotan lana. Esatekoak esatea, dirudien xinplea bezain zaila gertatzen da sarri, eta ARGIAko lubaki honetatik hamaika dira kargatu ditugunak. Hautsa kendu beharrik gabe, bala eskopetan sartu, eta… Pum!
Txoriak isildu dira momentu batez… eta hasi dira denak oihuka aldi berean. Ohiko isiltasuna amaitu dela esan genezake, beste gauza askoren artean hau ere aldatu da. Oraindik bageneuzkan horiei dirdira atera diegu; seigarren eskopeta bat erosteko aukera izan dugu, baita punto de mira bat ere.
Zutabea ere jar zekiokeen, Karga ipini bagenion ere, zutitu berri den aleari. Hirugarrena atera “berri” dugun honetan, WhatsApp-a zorion mezuz (erdi)bete zaigun honetan, esatera ausartzen gara beste bi aleekin alderatuta desberdina izan dela azken hau, eta gauzak behar den bezala esan ditugula, eta musika egiten genuela pentsatzen zutenek onartu dizkiguten gauza positibo horiek denak.
Eta badirudi berriro iritsi dela egiten dugu horri buruz hausnartzeko momentua. Zer datorren, zer egingo dugun gero. Oraingoz, badakigu zuzenago apuntatzea, hatzaz bada ere seinalatzea, gustatzen zaigula eta horretan saiatzen garela, hori bada zerbait. Balorazio bileraren balorazioa ere positiboa delakoan gelditu gara, beraz.
Beharrak deitu ahala, banan-banan joan gara deitik ateratzen, “gero arte” eta “esango didazue!” artean, hurrengoa ere etorriko baita. Ordenagailuaren tapa jaitsi dugunerako desegina da aspaldi ahoan karamelua.