argia.eus
INPRIMATU
Zurrumurru arrazista eta xenofoboen aurkako kanpaina abian
  • “Ez hadi endreda, zurrumurru arrazista eta xenofoboekin” kanpaina abiarazi du CEAR-Euskadik, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna –martxoaren 21a– probestuz.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 03a
Kazetari ezagunek hartu dute esku ekimenean. (Arg: CEAR-Euskadi)

Bideo bat sortu dute kanpainaren baitan. Azaldu dutenez, kazetari ezagunek hartzen dute esku ikus-entzunezkoan, tartean Jordi Evole, Iñaki Gabilondo, Pepa Bueno eta Gran Wyoming. Gizarteari mezu bat helaraztea da horien xedea: “Ez daitezela endreda kutsu xenofoboa duten zurrumurruekin, aurreiritziak sustatu edota atzerritarren aurkako beldur edo gorrotoa bultzatzen dutelako, pertsona errefuxiatuen eta etorkinen duintasunari kalte eginez”.

Kanpainaren harira, Kazetariak xenofobiaren kontra liburua ere aurkeztu du Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeak. Rosabel Argote elkarteko kideak Info7 Irratian esan duenez, lanak 19 aholku eskaintzen dizkio gaia jorratu behar duen kazetariari, “mezu arrazista eta xenofobo hutsala hedatzean eror ez dadin”. Aurten, kazetarien inplikazioa bilatu nahi izan dute ekimenaren bultzatzaileek, “komunikabideen garrantziaz jabeturik”.

Formazioa prebentziorako

Gaia jorratzeko formakuntza saioak ere antola ditu CEAR-Euskadik, laugarrenez. 30 pertsonek eman dute izena; jendea kanpoan gelditu da toki faltagatik. Zazpi egun irauten ditu formazioak eta hainbat gai jorratzen dira, norberak bere burua zurrumurruen aurrean kokatzen jakiteko eta estereotipoek xenofobian duten eraginaz hausnartzeko, besteak beste.

Bultzatzaileek garrantzia berezia eman diote informatzeari. Getxon antolatu dituzte gaia jorratzeko jardunaldiak. “Zurrumurruak oztopo dira elkarbizitzarako. Ez jakiteak beldurra eragiten du eta informazioak, beldur hori deusezta dezake”, azaldu du Kultur Artekotasuna eta Immigraziorako zinegotzi Elena Coriak Bizkaia Irratian.