Subrogazioa eskatzeko greba ekainaren 15ean hasi zuten sorosleek, eta geroztik egunero 8:00etatik 20:00etara Zurriolako hondartzan izan dira protestan. Atzoko eguna, aldiz, desberdina izan zen. Greban dauden Donostiako sorosleek jakinarazi dutenez, 12:00ak aldera udaltzainak gerturatu ziren protestan ari ziren bi sorosleengana. “Kontatu zigutenez, agindua zuten aurreko egunetan bezala eguzkitakoa jarrita bagenuen isuna jarriko zigutela, baita ere pankartekin bageunden eta kendu nahi ez bagenituen”.
Sorosleek pankartak ez kentzea erabaki zutenez, isuna jarri zieten, “baimenik edo emakidarik gabe espazio publikoa okupatzeagatik”. Era berean, pankartak kentzeko agindua eman zioten FCC garbiketa enpresari, eta 16:00ak aldera azaldu ziren lan horiek egiteko. Udaltzainak ere berriro bertaratu ziren, eta berriz ere galdetu zieten ea pankartak kenduko zituzten. Ezezkoa ematean, sorosleak berriz ere identifikatu zituzten. “Oso modu txarrean hitz egin ziguten arratsaldean, eta beraiek nahi izanez gero beste salaketa bat jarriko zigutela esan ziguten, nahiz eta azkenean ezer ez egin”, azaldu dute.
Ekainaren 15ean baimena eskatu zuten protesta egiteko eta pankartak jartzeko. Hori dela eta, protestarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela azpimarratu dute. IRUTXULOKO HITZA Jon Gorospe eta Jon Ibarguren sorosle ohiekin elkartu zen grebaren arrazoiez eta sorosleen egoeraz hitz egiteko.