argia.eus
INPRIMATU
Zuriz margotu dute Txantreako eremu urdina
  • Gaur sartu da indarrean Txantreako, Arrotxapeko eta Sanduzelaiko eremu urdin berria. 10.800 aparkaleku ordainpeko bihurtu dira.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko irailaren 01
Argazkia: Euskalerria Irratia

"Txantrean ez dugu aparkatzeko arazo handirik, eta halere aparkatzeko ordaintzera behartu nahi gaituzte, bai auzotarrak eta baita dendariak ere: auzoko dendentzat hondamendia izanen da". Hala azaldu du egoera Txantrean eremu urdinaren aurka sorturiko plataformako eledun Birjiñe Albirak, Euskalerria Irratiko mikrofonoen aitzinean. 

"Udalak bizkarra eman digu"

Plataformak eremu urdinari buruzko prozesu parte hartzailea eskatu dio Udalari, eta horren aldeko 4.500 sinadura bildu ditu txantrearren artean. "Baina Udalak bizkarra eman digu, eskaeran forma akats bat zegoela argudiatuz", azaldu du Albirak. 

Udaleko langileek Txantreako karriketan eremu urdineko marrak margotu dituzte azken egunotan. Asteartean, baina, marrok atzera bueltan zuriz margoturik azaldu dira. "Ez gara gu izan, baina bizi dugun egoeran ulergarria iruditzen zaigu zenbait auzokidek halako neurriak hartzea. Egoeraren sintoma bat da", baloratu du Albirak.