argia.eus
INPRIMATU
ZuriƱe Hidalgok eraso egin diotela salatu du
“Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausarta”
  • Gizon batek eraso egin dio Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslariari ostiral gauean, kontzertu batetik etxerako bueltan, sare sozialetan eta irratian salatu duenez.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 07a
(Argazkia: Saioa \"Gauilunak\")

“Ez zidan eskurik gainean jarri”, hori argi utzi nahi izan du Eitb irratiko Gaztea Box saioan egindako elkarrizketan. “Baina horrek ez du esan nahi eraso bat izan ez zenik”, adierazi du.

“Zenbait hitz entzun behar izan nituen, zenbait begirada jasan, eta atzetik jarraitu zidan”. Horrela kontatu du Beasaingo kontzertutik bueltan gertatutakoa, eta azpimarratu nahi izan du ez dela kasu isolatu bat eta “emakumeok egunero bizi dugun egoera dela”. “Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausarta”. Hitz horiekin hasi du sare sozialetan bere posta. Idatzia, dio, gertatutakoaren salaketa da, eta horrelako edo antzeko egoerak jasan dituzten guztiak animatu ditu pasatakoa kontatzera, “erasorik gera ez dadin erantzunik gabe”.

Hidalgok sare sozialetan zabaldu duen mezua osorik jarraian:

Gauean, kontzertu bat ematetik nentorrela, etxerako bidean, gizonezko baten aldetik erasotuta sentitu nintzen (esandako hitzengatik, begiradengatik, jarraitu ninduelako...). Ze demonte, erasotuta sentitu nintzen ez, erasotuta izan nintzen. Goazen behar bezala hitz egitera, kontuari larritasuna kendu gabe. Tipoak ez zidan eskua gainean jarri baina horrek ez du esan nahi eraso bat egon ez zenik.

Egoera horren aurrean, beldurtu nintzen, nola erreakzionatu jakin gabe, eta horregatik, gero, etxera iristean, sekulako amorrua sentitu nuen, inork ez duelako hori jasan behar, eta momentuan, ez dakizulako zer egin eta nola jokatu. Gau horretan gertatu zitzaidana emakumeoi egunerokoan gertatzen zaigun errealitatea da, eta benetan... nazkatuta gaude! Atzo ez nuen nire burua ausartzat hartu, ez... guztiz kontrakoa, ez nekien non sartu, beldurtuta nengoen. Baina kontua da, kalean, ez dugula ausartak izan nahi, libre izan nahi dugu!

Bizitako egoerak, post horiek idaztera animatu ninduen, izan ere, DENOK kontatu eta salatu beharko genituzke halakoak.

"La calle y la noche tambien son nuestras, libres de agresiones y ninguna sin respuesta!" Erantzunik gabeko erasorik ez! Gogor neskak!! ERASO SEXISTARIK EZ!!!