argia.eus
INPRIMATU
Zuriketa arrosa, indarkeria medikoa eta psikiatrikoa eta Palestinako genozidioa salatu ditu LGTBIAQ+ mugimenduak
  • Kaleak bete dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Salatu dute erakundeek aurpegia garbitzen dutela keinu sinbolikoekin. 

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 01
Pertsona sexu genero disidenteen eskubideen aldeko manifestazioa Miarritzen (Lapurdi). Argazkia: Gehitu LGTBI+

Kolorez eta aldarriz josi dira Euskal Herriko karrikak ekainaren 28an. Gora borroka transbibollomarika, Harro ez da pride eta Genozidioan ez dago harrotasunik aldarriak entzun dira besteak beste Euskal Herriko kaleetan. Manifestazio jendetsuak egin dituzte Euskal herriko zenbait hiriburu eta herrietan. Iruñeko E28J plataformako kideek salatu dute kuir mugimenduaren borroka "merkatantilizatzen" ari direla: "Harrotasuna ez da saltzen defendatzen da". 

Gaineratu dute LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean agiriak plazaratzea, eraikin publikoak ostadarraren koloreez margotzea eta ikurrekin argazkiak ateratzea ez dela aski: "Erakundeek aurpegia garbitzen dute keinu sinboliko pare batekin". Horrekin batera, salatu dute zuriketa arrosa "indarkeria koloniala" dela: "Gure borroka eta historia erabiltzen ari dira sarraski etnikoa makillatzeko. Fikzio bat eraiki dute, non Israel herrialde zibilizatu, ireki eta inklusiboa den". 

Bat egin dute aldarri horiekin Bizkaiko E28 Koordinakundeak eta Queer Coalition for Palestine eragileak: "Gure askapena loturik dago kuir palestinarren askapenarekin ez ezik, palestinar guztien askapenarekin ere". 

Mobilizazioetan Palestinako herriari elkartasuna adierazteaz gain, Palestinaren inguruko ekitaldi ugari egin dituzte hilabetean zehar Euskal Herriko zenbait txokotan. Iruñean esate baterako, Palestinari buruzko solasaldi transfeminista bat egin du E28J plataformak ekainaren 21ean.

Pertsona transek pairatzen duten indarkeria ere mahaigainertu dute Iruñean: "Transfeministak eta antikolonialistak gara, eta gorputzak eta bizitzak patologizatzen dituzten osasun sistema jasaten dugu. Indarkeria biomediko eta psikiatrikoa saltzen ditugu eta harrotasun eroaren borroka babesten dugu".

Bizkaian, esate baterako, aspaldi salatzen dute Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean pertsona transen eskubideak urratzen dituztela; hala nola zalantzan jarriz nork merezi duen arreta eta nork ez, jarrera lodifoboen bidez eta heterosexualak ez diren pertsonak baztertuz.

Mehatxuak mehatxu argi utzi dute euren mezua: "Totalitarismoaren aurrean gure elkartasun sareak eta erresistentzia transbibollomarika aldarrikatzen ditugu". 

Presoen egoera

Ostiralero Sarek eta Etxeratek presoen alde egiten dituzten mobilizazioak bat egin du aurten LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin. 3.000 pertsona baino gehiago elkartu dituzte Euskal Herriko 63 txokotan sakabanaturik. Salatu dute espetxean daude pertsona sexu-genero disidenteak armairura itzuli behar izaten direla kartzelan: "Ezkutuan eta sekretuan bizi izan behar izaten dute". Horrez gain, salatu dute trans pertsonentzat "askoz gogorragoa" dela moduluak emakume eta gizon kategorietan banatuta daudelako: "Ez dituzten preso transen eskubideak aintzat hartzen eta gutxietsi egiten dituzte". Horregatik eskatu dute geroaren autodeterminaziorako eskubidea aintzat hartzea. 

Euskal LGTBI+ Lege Integrala

Euskal LGTBIAQ+ Behatokiak azpimarratu du EAEk Euskal LGTBI+ Lege Integrala propio behar duela. Salatu dute 2023ko Espainiako trans legea "osatu gabeko aterki orokor bat" dela. Legeak ez ditu aintzat hartzen zenbait pertsona; hala nola pertsona intersexualak, ez binarioak, asexuala, migratzaileak eta egoera administratibo irregularrean daudenak. 2023ko martxotik dago indarrean legea. "Guztiok babesten gaituen lege bat nahi dugu", nabarmendu du Behatokiak. 

Hau da,  sexu orientazioen, sexu eta genero identitateen eta adierazpenen eta gorpuztasun ez-normatiboen desmedikalizazioa eta despatologizazioa aurreikustea; gorputzaren autodeterminazio printzipioaren defentsan eta babesean oinarritzea eta pertsona asexual edo eta erromantikoekiko ezagutza eta errespetua sustatzea eta harremantzeko modua naturalizatzea.

Legea zalantzan jartzen duten eskuin muturreko alderdiak; hala nola Alderdi Popularra eta Vox, Espainiako Gobernura iristearen beldur direla adierazi dute: "Lege hau ahal bezain laster indargabetuko dutela iragarri dute: sexu eta genero aniztasuna ukatzen dute eta orientazio heterosexual eta generoaren kontzepzio binaristari erantzuten ez dioten pertsonen eskubideak ukatzen dituzten". 

EAEko azken hauteskundeetako programan, EHBildu, PSE-EE, Sumar eta Elkarrekin Podemos –ordezkaririk gabe gelditu den arren– alderdiek hauteskunde programetan Euskal LGTBI+ Lege Integrala aurre ikusi zuten. EAJ, Alderdi Popularra eta Vox aldiz kontra agertu ziren. "Pozik gaude lehendabiziko alderdiek kolektiboaren ordezkari diren elkarteekin eginako lankidetzagatik, eta lege hori prestatzeko eta adosteko benetako beharrizaneta eta sentipena adierazteagatik", nabarmendu du Behatokiak.

Gaineratu dute "ulergaitza" dela EAJak izan duen jarrera, eta kezka sortzen die PSE-EEk izan dezakeen jarrera: "EAJrekin ez haserretzeko hauteskunde programan agindutakoa ahaztu eta ezerezean utzi dezake legea".