Lagun batek, planetaren zaintzarekin konprometitutako emakume energetiko batek, esteka bat bidali dit: "Athletic eta Petronor energia berria. Ekintza honen helburua da energia-komunitate bat sortzea, athleticzaleei energia-kontsumo jasangarriaren eskaintza ziurtatzeko." Akordio honek abantailak dakartza Repsol enpresarekin, Petronorren akziodun nagusiarekin, alegia.
Jada denok entzun dugu greenwashing-ari buruz; hemendik aurrera, Bizkaiari dagokionez, whiteredwashing-ari buruz ere hitz egin ahal izango dugu, pena handiz.
Athleticen edozein jokalariri edo bere zuzendaritza-taldeari galdetuko bagenie Meatzaldea Bizirik-ek argitaratutako Vivir o morir bajo las chimeneas (Tximinien azpian bizi edo hil) liburua ezagutzen duten, ziurrenik ez genuke ezustekorik hartuko: inork ez luke jakingo zertaz ari garen. Era berean, ez lukete jakingo zertaz ari garen galdetzen badiegu hidrogeno berdea zer den edo zer dagoen Saudi Aramco enpresaren kapitalaren atzean, proiektuaren inbertitzailea eta, mozkinei erreparatuta, munduko konpainiarik handiena. Normaltzat jotzen dugu bai futbolariek bai futbol klubaren zuzendariek ezer ez jakitea errealitate horiei buruz. Baina horiek ezin hobeto bizitzeko aukera ematen diete, bizitzan gehien gustatzen zaien horretan, futbolean, jarduten. Tamalez, badirudi baloiari ostikoak hobeto ala gaizkiago ematea dela helburua, eta dirua egitea, zenbat eta gehiago hobeto, diru horren jatorriaz batere arduratu gabe.
"Badakit, nola ez, Athletic sinbolo bat dela. Baina, zeren sinboloa?, galdetzen diot neure buruari. Kezkatzen nau eskualdeko enpresa kutsatzaileenetako baten irudia garbitzeko publizitate-produktu bat izateak"
“Zein da zure futbol taldea?”, galdetzen didate eskolan. “Ez dut futbola gustuko”, erantzuten dut. “Baina Athletic bai, ezta?” galdetzen didate berriro, sinesgogortasunaren eta etsipenaren arteko keinu batez. “Athletic bai”, entzuten diot nire buruari esaten. Eta, esaten dudanean, burura datorkit jaio zen lurrean eraikitako harrobi-talde hori, izar handiei ihes egiten diena. Eta burura datorkit baita talde inklusibo hori, haurdun zegoela, etorkizun hobe baten bila, Melillako hesia gainditu zuen emakumearen semea jokalari duena. Nik badakit, nola ez, Athletic sinbolo bat dena. Baina, zeren sinboloa?, galdetzen diot neure buruari. Kezkatzen nau eskualdeko enpresa kutsatzaileenetako baten irudia garbitzeko publizitate-produktu bat izateak: liburuko protagonisten kontakizun urratzaileak eragin dituen estatuko findegirik handienaren irudia garbitzeko, hain zuzen ere. Liburuko protagonisten borroka, berriro ere David Goliathen aurka, bizitza kapitalaren aurka. Sentitzen dut taldearen balioen perbertsio bat dagoela, batere zerikusirik ez duena Petronorren %86aren jabe den Repsolen irudiarekin.
Futbol-klubetan apustuen publizitateari uko egitea aldarrikatzen duen artikulu bat irakurri dut gaur. "Irabazten duenak erraztasun harrigarria izaten du dena normaltzat jotzeko”, dio kazetariak, “normaltzat hartzen dugu ere eliteko futbol-jokalariak periferietako txaletetan sartzea eta errealitatearekin ez jabetzea"
Beste errealitate batetik, kaletik eta maitasunetik, familia zuri-gorriari esan nahi diot baditugula kontsumo jasangarriko energia-kooperatibak. Athletic bezala, bertokoak gara, energia garbia gara, taldea gara, eta elkarrekin erabakitzen dugu. Ez dugu zerikusirik Petronor eta Repsolekin. Petronorrek 135 milioi euroko irabaziak izan ditu 2019an, eta horietatik, zero kotizatu du Sozietateen Gaineko Zergan. Ez dugu zerikusirik enpresa horiek mundu globaleko lurraldeetan eragindako estraktibismo harrapakariarekin. Ez dugu irabazi-asmorik, uste dugulako irabaziak ez direla eurotan zenbatzen eta ez dutela burtsan kotizatzen. Gure emaitzen kontabilitatean munduko lurralde guztien bizitza eta kontserbazioa daude.
Batzuei asko gustatuko litzaiguke Athletic sinbolo bat izatea gaurko eta biharko umeentzat: tokiko kontsumoarena, elkartasunarena, tolerantziarena, arrazakeriaren aurkakoa, parte-hartzearena... eta Athletic aipatzen digutenean, bai, Athletic horretaz hitz egitea.
Bizitza ala kapitala, bata bestearen aurrez aurre jartzen gaituen beste istorio bat da, harrobitik, tokian-tokian hasita eraiki behar duguna, bizitzari esker eta bizitzarentzat eredugarri izango dena. Eta istorio honetan ere bizitzak erdigunean jarri behar ditugu.