Badatoz urteko asterik magikoenak, edo hobe esanda, kontsumistenak. Askori gustatuko litzaieke opariak Olentzeroren zakutik jasotzea, zerutik erorita bezala, baina errealitatea da Gabonetan gure zakutxoak direla gehien sufritzen dutenak, poltsikoak hustuta hasten dugula urtea. Magiaren izenean, etxeko txikienen ilusioa ezin zapuztuko baitugu. Zenbat konfiantza ikazkin xume musugorriaren ahalmenean.
Baina euskal tradizioak sutsuki defendatzen dituzten askok ere ez dute nahikoa Olentzerorekin, eta Errege Magoen etorrera ere ospatzen dute. Gure kaleak desfile koloretsuz betetzen dira, eta hiru gizonek jantzi ponposoak eta urrezko bitxiak luzitzen dituzte pajeen babesean. Zein da zure erregea? Kontuz, herri askotan badago errege bat, ikatzez belztutako Olentzeroren aurpegiak baino margo beltz gehiago duena, eta haurrari masaila zikinduko diona muxu ematerakoan. Bai, Baltasar da, Baltasar zuria, 2024an oraindik ere blackface praktika arrazista egiten jarraitzen duena.
Ez, kritika ez da “faltsua eta kutrea” dela aurpegia margotuta izatea, eta umeek atzeman dezaketela ez dela “benetako” Baltasar. Ez. Kontua da aurpegia beltzez pintatzea pertsona arrazializatuen aurkako iraina izan dela duela hainbat mendetatik (XIX. mendean lortu zuen arrakasta AEBetan, baina XV. mendeko adibideak ere badaude), eta hala izaten jarraitzen duela. Antzerki eta musikaletan erabiltzen zuten “mozorro” hori pertsona zuriek, eta esklabizatutako pertsona beltzak irudikatzen zituzten, azala beltz-beltzez eta ezpainak lodi eta gorri makillatuta, haien itxura karikatura bihurtzeko. Alegia, umorearen izenean zuriek barre egiten zieten beltzei, Ana Bueriberi kazetariak Afrocolectiva hedabidean gogorarazten duenez.
Umorearen muga horiek pasa zituen, hain zuzen, 2020an ETBko Barre Librea saioak, eta Bizkaiko SOS Arrazakeriak eta beste zenbait elkartek salatu zuten telebista saioan egindako blackface-a arrazista zela. Salaketa horri esker eszena ezabatu eta barkamena eskatu zuten egileek. Arrazakeria zer den ondotxo dakiten AEBetatik hasita, munduko txoko ugaritan pentsaezina da egun blackface-a kalean eta lasai ederrean egiten jarraitzea. Euskal Herrian oraindik ez gara konturatu? Egia da azken urteetan herri batzuetan praktika arrazista hori egiteari utzi diotela, eta eztabaida piztu izan dela, Iruñean, kasu. Baina oro har ez dago kontzientziarik, bestela ez lirateke hainbeste Baltasar makillatu ikusiko urtarrilaren 5eko kabalgatetan; gaian oso galduta gabiltza, “aurrerakoienok” ere bai. Olentzerok aurten magia antirrazista ekarriko du gurera? Ala eraginkorragoa izango da geuk aldatzea Baltasar arrazista?