2011n jaio zen Kiribilore Permakultura proiektua, Euskal Herri mailan permakultura ezagutzera emateko eta landa nahiz hiri inguruetan bere erabilerak aplikatzeko helburuarekin. Proiektu berriei haien laguntza eskaintzen diete permakulturako irizpideen arabera eraiki ditzaten.
“Nekazaritzaren arloan, hezkuntzarenean nahiz arlo sozialean interesa genuen hainbat lagun elkartu ginen, eta denborarekin proiektu hau forma hartzen joan zen”, azaldu du Pedro Ferrero Diez Kiribiloreko arduradunak.
“Permakulturaz hitz egiten dugunean, bizi filosofia batez baino, diseinuez eta habitat jasangarriez ari gara gehiago hizketan. Jendeari proiektu eta bizitza jasangarriagoak sortzeko laguntza emateaz”, dio Ferrerok. Eskola bat, ostatu bat, aisialdirako gune bat, baratze bat… espazio horietan guztietan aplika daitezke permakulturan oinarritutako diseinuak Kiribiloreko lagunen arabera, eta horretan ari dira laguntza ematen.
Baina, zeintzuk dira proiektu horiek sortzeko permakulturaren oinarriak? Bada, oinarri etikoak eta jarrerari eta diseinuari dagozkionak banatzen dituzte Kiribiloren: oinarri etikoak lurraren eta pertsonen zaintzari eta baliabideen, denboraren eta diruaren banaketa justuari dagozkionak dira. Jarrerari lotutako oinarriek, berriz, proiektu bat diseinatzen duen pertsonaren begiradari egiten diote erreferentzia: “Begiratzeko modua oso garrantzitsua da, ulertzea proiektu bateko elementu batek sistema horretan funtzio bat baino gehiago bete ditzakeela”. Azkenik, diseinuari lotutako oinarriek, proiektuko elementuen kokapenak hartzen ditu kontuan, energia aurrezteko, adibidez.
Permakultura ezagutzera eta praktikara eramateko hainbat ekimen antolatzen dituzte Kiribiloretik. Irailean zehar, esaterako, bi tailer emanen dituzte Gasteiz ondoan, elkarteak permakulturaren oinarriei jarraituz martxan jarri zuen etxaldean. Irailaren 26an, eta urriaren 3, 10 eta 17an helduentzako baratzeen leheneratzeari buruzko tailerra antolatu dute: lurraren analisia eta kromatografia, mikroorganismo eta landareak, bio-ongarrien prestaketa eta baratzea leheneratzeko diseinua landuko dute lau saio hauetan.
Haurrekin eginen duten saioan, berriz, permakulturara hurbiltzeko aukera izanen dute tailerreko parte-hartzaileek. Lurraren eta pertsonen zaintzari begira jarriko dira 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta antolatu duten ekimenean irailaren 18an eta 25ean, eta urriaren 2an eta 9an.
Ikastaro hauetan interesa duenak, harremanetan jar daiteke telefono zenbaki honetara deituta: 635 74 33 22.