argia.eus
INPRIMATU
Zupiriak ukatu egin du ertzainek “indarra modu desegokian” erabili zutenik Ágredoren aurka
  • 31 urteko emakume kolonbiarra osasun zentrora eraman ordez ertzain etxera eramatean agenteek "akatsa" egin zutela aitortu du Segurtasun sailburuak, baina azpimarratu du ez zuela "jipoirik" jaso.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 27a
legebiltzarra.eus

Berak hala eskatuta, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du asteazken goizean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. EAEko polizia jardueren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak Donostiako Manterola kalean gertatukoaren inguruan eginiko ikerketaren ondorioak azaldu ditu: bertan zeuden ertzainen testigantzak kontuan edukita, Zupiriak adierazi du agenteek ez zutela "indarra modu desegokian edo gehiegikeriaz" erabili.

Ertzaintzaren esku hartzeak arautzen dituen prozeduraren arabera, ordea, Karen Daniela Ágredo ertzain etxera eraman zuten ertzainek "akatsa" egin zutela aitortu du Zupiriak: protokoloaren arabera, atxiloketa "indarrez" egiten denean edo atxilo eramandako pertsonak "lesioak, alterazio psikikoak edota abstinentzia sintomak" baditu, atxilotua erietxera eraman behar da ertzain etxera eraman aurretik. "Ez daukat azalpenik akats edo zabarkeria horretarako", azaldu du Segurtasun sailburuak.

Otsailaren 2ko gaueko gertakariaren inguruan Ertzaintzak bildutakoaren kontakizuna egin du Zupiriak: bi gizonezkoren arteko liskar bat zela eta bertaratu ziren ertzainak Manterola kaleko diskoteka baten atarira. Orduan, emakume bat [Karen Daniela Ágredoz ari da] "bere onetik aterata" eta "mozkortuta" agenteen aurka oldartu zen, eta ondorioz agente batek borra "era proportzionatuan" erabilita emakumearen eskuineko izterra "kolpatu" zuen. Egoerak "okerrera" egin ondoren, autoan sartu eta eta ertzain etxera eraman zuten, bertan identifikatzeko.

Gardentasun eta informazio falta

Zupiriak salatu du "akusazio larriak" egin direla Ertzaintzaren aurka, eta gogorarazi du hiru ikerketa zabalik daudela oraindik: Ertzaintzaren barne ikerketa, polizia jardueren Kontrol eta Gardentasun Batzordearena eta emakumearen familiak Donostiako Udaltzaingoen aurrean jarritako salaketarena. 

EH Bilduk "gardentasunez ez jokatzea" leporatu dio Segurtasun sailburuari, hiru aste beranduago egin baita gertakaria ezaguna, emakumearen familiako kideek El País egunkariaren Kolonbiako edizioari eginiko adierazpenen ondoren. EAJk eta PSE-EEk Segurtasun Sailaren jarrera babestu dute.