argia.eus
INPRIMATU
Zupiria, zauritutako Realeko zalearen kasuaz: “Ezin da baieztatu foam jaurtigaia izan zenik”
  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak orain arteko bertsioari eutsi dio. Bestalde, esan du Amaya Zabartek, martxoan PSGren kontrako futbol partiduan Anoetan larri zauritutako Realeko zaleak, ez zuela bere deklarazioan aipatu ertzain batek ostikoa jo zionik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko irailaren 04a

PSG eta Realaren arteko Txapeldunen Ligako futbol partiduan larri zauritu zen Realeko zalearen kasuaz galdegin dio Sumarrek Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari.

Zupiriak azaldu du martxoaren 5ean Donostian jokaturiko partidu hartan "ordena publikoaren kontrako hainbat istilu" hasi zirela eta Ertzaintzak esku hartu behar izan zuela. Bere esanetan, Realeko zalea "testuinguru horretan nahastuta suertatu zen, nahi gabe, berak probokatu ez zituen gertakarietan".

Lehendik bere aurreko sailburu Josu Erkorekak emandako bertsioari eutsi dio Zupiriak, eta "zantzu berriak agertu ezean", esan du ezin dela "baieztatu herritarrak jasandako lesioak Foam motako jaurtigai bat jaurtitzearen ondoriozkoak direnik".

Familiak salatu du buruan kolpe gogor bat jaso ondoren lurrera erori zela eta hori foam jaurtigai batek baino ezin ziola sortu. Zalea larri ingresatu zuten ZIUn, barne odol isuri batekin

Amaya Zabarte Anoetako Reale Arena estadioaren kanpoaldean zegoen egun hartan, mugikorraren estaldura bila, Ertzaintzak erasoaldia jo zuenean. Familiak salatu du buruan kolpe gogor bat jaso ondoren lurrera erori zela eta hori foam jaurtigai batek baino ezin ziola sortu. Ondoezik sentitu eta gero, zalea larri ingresatu zuten ZIUn, barne odol isuri batekin

Ekainean Noticias de Gipuzkoa-k zabaldutako bideo batek bat egiten du familiak emandako bertsioarekin. Are gehiago, ikus liteke ertzainetako batek itxuraz ostikoa jotzen diola lurrean bazter batean dagoen zaleari. Bideo hori Ertzaintzak erabili du bere barne ikerketa egiteko.

Horren inguruan ere galdetu dio Sumarrek Zupiriari, eta sailburuak esan du bideoa atestatuaren parte dela eta epaitegiaren esku dagoela jadanik; baina, "datu garrantzitsu gisa" nabarmendu du zaleak bere deklarazioan ez zuela "gai hau aipatu" eta epaile instruktoreak ere ez zuela "inolako erasorik antzeman".

Segurtasun sailak ez du agenteen erantzukizun penal edo diziplinarioen berririk eman, Ertzaintzak barne ikerketa duela ia sei hilabete hasi zuen arren, eta talde parlamentarioari bidalitako erantzunak aditzera ematen duenez, ez dirudi halakorik egingo duenik, eraso "hipotetiko" bat gertatu zela erakusten duten "zantzu edo froga berririk" agertzen ez den bitartean.

Zupiriak, bestalde, esan du "bihotzez" sentitzen duela zaleak jasandako sufrimendua, baina "gertatutakoa argitzen lagundu ez duten argitaratutako informazio nahasgarriak" deitoratu ditu segidan.