argia.eus
INPRIMATU
Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz
  • NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak izango dira Eguzkiaren atmosfera ezagutzeko. Alderdi zientifikotik ez ezik, alderdi teknologikotik ere interesgarria da jakintza hori; adibidez, etorkizunean baliagarria izan daiteke eguzki-ekaitz handienak iragartzeko, eta Lurreko sistemetan eta telekomunikazioetan ekaitzok izan ditzaketen eragina prebenitzeko.

Elhuyar @elhuyaraldizk Ana Galarraga @AnaGalarraga1 2025eko urtarrilaren 03a

Parker zunda 2018an jaurti zuten. Orbita obalatua du, eta Artizarraren orbitatik gertu mugitzen da. Hala, planetak bere bidaiaren kanpoaldean zundarekin topo egiten duen bakoitzean, bere abiadura handitzen duen bultzada grabitazionala jasotzen du, eta gero eta gehiago gerturatu du Eguzkira. Azken topaketa (zortzigarrena) eta, beraz, azken grabitazio-bulkada 2024ko azaroaren 6an izan zen, eta abenduaren  24an gerturatu zen inoiz baino gehiago Eguzkira. Hurbilketa horrek ez die kalterik egin zundaren sistemei, ondorengo egunetan Lurrean jasotako seinaleek baieztatu dutenez. Horrenbestez, igarotzea arrakastatsua izan dela berretsi du NASAk.