argia.eus
INPRIMATU
Zumeta eta sagarreta

Jakoba Errekondo 2020ko apirilaren 30
Argazkia: @XingolaUsurbil.

Gure kulturako beste handi bat joan zaigu, Jose Luis Zumeta. Gure belaunaldikooi, gazte denborako eta ondorengo jakintza ongarritu zigun beste bat. Usurbilen bagenuen sortzaile talde izugarri bat: Jose Luis bera, Alejandro Tapia, Jesus eta Joxanton Artze anaiak. Artean, baina batez ere bizitzearen artean ikasi dugu haiekin. Obraz, hitzaz eta ekintzaz ikasi dugu haiengandik. Beren lana, lanegina, egintza eta egikera; dena izan dugu ikasgai. Bazekiten bai erakustun izaten; denokin maisu eta lagun. Maisulana.

Ez dut berehalakoan ahaztuko Zumeta herriko errebote plazaren horma nagusiaren atzeko alderako zeramikazko irudi handia egiten ari zenean haurrok nola joaten ginen bere lantegira bisitan. 1973ko data du idatzia. Hilabeteetako lana izan zen, eta ez genuen ondo ulertzen zer zen lurrean zabaldutako kolore bizitako trikote zikulusaltsa hura; herritarron artean makina bat kontu sortu zuen. Gero, 144 metro koadroko artelana zutitu zenean mututu egin gintuen. Mututu beharko, izan ere ez dago hitzik hura adierazteko. Artelan erraldoi horrek erreboteko horma bisagra bihurtu eta Goiko Plaza esaten zaion errebote plaza eta haren oinean eraiki zen plaza berria lotu zituen. Gaur egun Mikel Laboa Plaza du izena azken horrek, eta Zumetak berak diseinatu zuen. Beste inon ere ez ziren burdinazko jostaleku-egitura galant batzuek janzten zuten plaza berria, tartean bi konkorreko txirrista luze sonatua zuena. Plaza horrek duen forma bera ere artelan ikusgarri bat da.

Plaza horretan zuhaitz gutxi batzuk daude, baina ez edozein, ederki asko hautatutakoak. Hagina (Taxus baccata “Fastigiata”), gure kulturako zuhaitz esanguratsuenetakoa eta mende batzuk lehenago herrigune hori eraikitzeko garaian aginagarrek izan zuten garrantzia gogorarazten duena. Lizarra (Fraxinus excelsior) zuhaitz sakratua; bazka, zura eta egurra eta babesa ematen diguna. Ginkgoa (Ginkgo biloba), zuhaitz exotiko baina era berean apaingarria, historikoki esanguratsua, botanikariei, arkitektoei eta lorazainei burura egiten dien forma duena. Urki dilindari (Betula pendula) bat ere bada plazan; bigarren bat ere bazen, baina aldameneko etxekoei enbarazu egiten zien, eta pixkanaka akabatu egin zuten. Plaza eraiki zenean bazen hosto gorriko astigar zorrotz bat ere (Acer platanoides “Crimson King”), baina ez zen sekula bertako baldintzetara makurtu eta, figura eskasa zuenez, epaitu eta bota zuten. Usurbildar guztion lotsagarri, azken horien zuloak edo txorkoak hor daude hutsik eta ginkgoari aurten zentzugabeko inausketa bat egin zaio.

Zuhaitz eredugarrien sorta hori osatuz plazaren ingurua eraberritu zenean (2012-2014), sagarrondoak (Malus “Evereste”) landatu ziren. Sagarrondo berezi horiek loraldi izugarria dute, eta hostoak erortzean arbola guztia sagar gorri ttikiz jantzita geratzen da udaberrira arte. Sagarrondo horiek Usurbildarron sagargintza eta sagardogintza kulturari ohore eta, nola ez, Zumetak utzi digun lan izugarri horren koloreen osagarri dira. Jose Luis sagarrondoak loretan direla joan zaigu.