argia.eus
INPRIMATU
Zumarragan erraustegi bat jartzeko asmoa salatu dute
  • Plastic Energy enpresak Zumarragan hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa jartzeko asmoa "kezka handiz" ikusten du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak. Azpimarratu du pirolisiak osasunarentzat kaltegarriak diren kutsatzaile kimikoak askatzen dituela, eta "arduragabekeria" dela etxeetatik eta hirigunetik metro gutxira jartzea. Maiatzaren 3an 19:00etan, Zumarragako kultur etxean egingo duten informazio bilerara joateko gonbita zabaldu du.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 25

Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak herrian ezarri nahi duten "plastiko erraustegia" salatu du eta, instalazio horrek "balorizazio kimikoko sistema" baten bidez hondakin plastikoak erreta beste sustantzia batzuk bihurtzen dituela argitu du.

Plastic Energy enpresak urtean 30.000 tona plastiko baino gehiago pirolizatu nahi ditu. EAEko biztanleek 62.000 tona material plastiko inguru bereizten dituzte edukiontzi horira, EUSTATen arabera; beraz, "EAEko plastikoaren zabortegi bihurtu" nahi dutela salatu du.

Adierazi dutenez, enpresak pirolisia izeneko teknologia erabiltzen du Europako zuzentarauek eta Espainiako Gobernuaren dekretuek (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa) errausketa prozesutzat hartzen duena, ez birziklatze-prozesutzat. Hortaz, Arcelorren egin nahi dutenari errausketa ez den beste modu batera deitzea, "herritarrak engainatzen saiatzea" dela salatu dute.

Pirolisia "oso arriskutsua" dela salatu du plataformak

UZ Bizi!-k azaldu du zientziak "argi utzi" duela zeintzuk diren pirolisiaren ondorioak: kutsatzaile kimikoak, kontrolaezinak eta osasunarentzat kaltegarriak, ingurumenera askatzea. Adierazi dute gasak erretzeko eta hozteko prozesuetan, substantzia kimiko ugari sortzen direla kontrolik gabe, eta horietako batzuk osasunean eta ingurumenean izan ditzaketen eraginak ez daudela behar bezala aztertuta oraindik.

Plataformak baieztatu du Plastic Energi enpresak Andaluzian dituen proiektuen datuak lortu ditu eta instalazioak dioxina eta furanoak bezalako "substantzia kutsatzaileak" isurtzen dituela: "Frogatuta dago substantzia hauek izaki bizidunengan eragiten duten kaltea: larruazalean, hormonetan, sistema hepatikoan, ugalketa sisteman... minbizia sortzeraino. Bereziki arriskutsuak dira fetuaren eta haurren garapenean".

Instalazioa eremu populatuan jartzea "arduragabekeria galanta" dela esan dute

Gainera, kezka adierazi dute plataformako kideek instalazioa Arcelorreko lurren inguruko eremu populatuan kokatu nahi dutelako: "Antonio Oraa, Aparicio, Artiz, Argixao edo Ipar Haizea auzoetako bizilagunei plastikoa erretzen duen eta osasunerako kaltegarria den erraustegi bat jarri nahi diete metro gutxira".

Beraz, uste dute balorazio kimikoko faktoria bat biztanle kontzentrazio handiko lekuetatik hurbil jartzea "arduragabekeria galanta" dela osasun publikoaren ikuspegitik: "Zumarragako Udalak ingurumen baldintzarik onenak zaindu behar lituzke, eta Zumarragako eta Urretxuko biztanleen osasunarentzat eta ingurumenarentzat hain sentibera den erabakia ezin da alde bakarretik hartu".

Informazio bilera maiatzaren 3an

Maiatzaren 3an, asteazkena, 19:00etan, Zumarragako kultur etxean egingo duten informazio bilerara joateko gonbita zabaldu du UZ Bizi! plataformak, herritarrak informatu eta hemendik aurrerakoak adosteko: "Egoeraren larritasuna kontuan izanda, mugitu beharra daukagu, proiektuari buruzko informazio zehatza eskatzeko, erabakian herritarrek parte har dezaten eta, arreta printzipioaren arabera, gure osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioak argitu arte, proiektua geldiarazteko.