Enpresa batzordeko presidente Leo Botek esan duenez, 350 langileak Asturiaseko lantegira lekualdatzea iradoki die zuzendaritzak. Gonzalo Urquijo enpresak Espainiako Estatuan duen ordezkariak txosten bat aurkeztu du, “lantegiaren lehiakortasun eza” azpimarratuz. “Europar Batasunetik kanpoko inportazioak, merkatu prezio murritzak eta argindarraren gehiegizko prezioa” lirateke enpresa ixtera bultzatu dutenak, besteak beste.
Bere aldetik, lantegia bideragarria dela dio enpresa batzordeak eta ixteko erabakiak “zuzeneko eta zeharkako lanpostu ugari” suntsituko dituela salatu du. Enplegu osoa berma daiteke beren arabera.
ELAk argindarraren prezio altuaren argudioa gezurtatu zuen martxoan, EHUko irakasle Gorka Buenok gaiaren inguruan eginiko ikerketan oinarrituz. Azterketak baieztatzen du Espainiako Estatuko argindarraren batez besteko prezioa Europako beste hainbat herrialdetan baino merkeagoa dela, batez ere, industria alorreko kontsumitzaile handientzat.
Protestak iragarri dituzte
Langileek protestak iragarri dituzte: ostiralean bat egingo dute Sestaoko ACB enpresako langileek Bilbon antolatu duten manifestazioarekin eta 24 orduko lanuztea egingo dute datorren asteartean. Elkarretaratzea ere iragarri dute egun horretarako. Arcelor Mittalek Olaberrian eta Bergaran dituen fabriketako langileek ere lau orduko lanuztea adostu dute datorren astearterako, aldarriarekin bat egin nahian.
Krisian dauden enpresei laguntzeko 800 milioi euroko diru funtsa sortzea proposatu du EH Bilduk. Bestalde, Zumarragako lantegirako “plangintza bideragarria” babestuko duela iragarri eta Eusko Jaurlaritzaren geldotasuna kritikatu du. Koalizioak gaiaren inguruan galdegingo dio Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuari Eusko Legebiltzarrean.