argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzak Zumarragan erraustegi bat eraiki nahi duela salatu du ELAk
  • Zumarragan 2023 amaierarako eraiki nahi duten plastikoak tratatzeko plantan pirolisia erabiliko da olioa lortzeko (takoil), eta olio hori plastiko berria eta erregaiak egiteko erabiliko da. "Hondakin solidoak errez erregaia sortzen du, eta Europar Batasunaren beraren auraudiaren arabera ere, erraustegi bezala definitzen da", azaldu du ELAk. "Hondakinen tratamendu hau onartezina da".

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 23a
Trenbidearen eskuinetara, ArcelorMittal enpresarena zen fabrika / ELA

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren baitan, hamar fabrika ireki nahi ditu Eusko Jaurlaritzakoak. Zumarragakoa, Arcelor enpresari erositako lursailean eraikiko da, eta Plastic Energy konpainia britainiarrak kudeatuko du.

"Horrelako instalazioek ez dute lekurik gaur egun sufritzen dugun krisi klimatiko eta ekologikoan", dio ELAk. "Bergarako erraustegia eraikitzeko asmoa salatu genuenean ere esan genuen: alternatiba hondakinak gutxitzean datza. Ekoizpenean neurriak hartu behar dira horrenbeste hondakin ez sortzeko. Industria politika ekonomia zirkularra bultzatzean oinarritu beharko litzateke, baina oraingo industria politikak ez du ekoizpenean eraldaketarik planteatzen, bultzatzen duen bakarra arazoa areagotzen duen internazionalizazioa da". Halaber, proiektuaren inguruko "informazio eza" salatu du sindikatuak.

Gaineratu du hondakinen pirolisi bidezko errausketak ez duela bultzatzaileek saltzen duten ekoizpen energetikoa eskaintzen: "Ekologikoki ez dira jasangarriak, ezta ekonomikoki ere". Esaterako, sindikatuak zehazten duenari segi, Erresuma Batuan publikoki finantzatutako lau gasifikazio eta pirolisi erraustegitatik bi ez ziren heldu martxan jartzera ere, hirugarren bat ez zen behar bezala funtzionatzeko gai izan eta itxi egin zuten, eta laugarrenak hainbeste akats zituen, berreraikitze fasean dagoela.

"Behar bezala garatutako teknologia ez den neurrian", ingurumenarentzako mehatxua izateaz gain, herritarren eta instalazioetako langileen segurtasunerako ere "arriskutsuak" direla ohartarazi du ELAk –"Alemaniako gasifikazio instalakuntza batean jazotako hondamendia kasu, non emisioen eta erabilitako muturreko errausketa metodoen ondorioz, erraustegiaren tximinia eta sabaia kolapsarazi zituen"–.