argia.eus
INPRIMATU
Zumarragak ez du luzatuko Aquarbe enpresa pribatuarekin ura kudeatzeko zuen kontratua
  • Zumarragako Udal Plenoak Aquarbe enpresarekin zuen kontratua etetea erabaki du, kontu hartzailearen txosten batek hala aholkatuta. Onura Publikoa plataformak uraren kudeaketa munizipalizatzeko exijitu du, Zumarraga eta Urretxu baitira oinarrizko baliabide hori zerbitzu pribatu baten bidez eskaintzen duten Gipuzkoako udalerri bakarrak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko uztailaren 15a
Uraren kudeaketa publikoaren aldeko mobilizazioa Zumarraga eta Urretxun (argazkia: CCOO Euskadi)

Suez multinazionalarena den Aquarbe enpresa pribatuaren bidez kudeatzen da ura Zumarraga eta Urretxun 2007az geroztik. Orain, Zumarragako Udalak sinaturik zuen bost urterako kontratua salatu eta ez luzatzea erabaki dute, kontu hartzailearen txosten batek hala gomendatzen duelako. Asteazkeneko udal plenoan erabaki dute pauso hori ematea, nahiz eta Mikel Serrano PSE-EEko alkatearen ustez Aquarbek zerbitzu "bikaina" eskaini duen, Goierriko Hitza-n Asier Zalduak egindako kronikak jasotzen duenez: "Herri askotan gure zerbitzua nahi lukete, baina kontu hartzailearen txosten batek kontratua ez luzatzea aholkatzen du", azaldu du Serranok.

Oso iritzi bestelako dute oposizioan dauden EH Bilduko eta Elkarrekin Zumarragako udal taldeek. Enpresaren "abusua" salatzeaz gain, hemendik aurrera kudeaketa publikorako urrats tekniko gehiago eman beharko liratekeela diote. EH Bilduko ordezkariak gogorarazi du uraren kontsumoa %20 jaitsi den arren, enpresaren irabaziak %32 igo direla azken urteetan.

Hainbat eragile biltzen dituen Onura Publikoa plataformak ere zerbitzua munizipalizatzeko exijitu du, bere esanetan ez delako zilegi oinarrizko baliabide batekin negozioa egitea. Bide beretik, langileen egoera ere hobea ez dela azpimarratu du plataforma horretako kideak, Aquarbeko soldatapekoek Epainiako Estatuko hitzarmena baitute, erakunde publikoen esku dagoen Gipuzkoako Uren Kontsortziokoek dutena baino okerragoa, alegia.

Zumarraga eta Urretxu dira uraren kudeaketa pribatizaturik duten udalerri bakarrak Gipuzkoan –Ipar Euskal Herrian ere hainbat herritan zerbitzu hori kanpoko multinazionalei azpikontratatu izan zaie– eta egoera horren aurrean protestak eta salaketak egin dituzte herritar eta eragileek,  Aquarberekin duten lizitazioa aurten automatikoki luzatzeko arriskua ikusita.

Problematika horren inguruan eta udalerri horietan oinarrizko eskubide horren alde jokatzen ari diren batailaz Estitxu Eizagirreren erreportajea kaleratu dugu berriki ARGIA astekarian.