argia.eus
INPRIMATU
Zumarraga-Azpeitiko haurrak osasun mentalerako zerbitzurik gabe utzi dituzte Osakidetzan
  • Zumarragako eta Azpeitiko Osasun Mentaleko Zentroek ez dute haurrentzako arreta zerbitzurik, pasa den urtarrilaren 31tik. “Osakidetzak bizi duen egoeraren beste adibide bat da”, salatu du ELAk.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 07a

Pasa den irailaren 30era arte, eskualdean haur psikologo bat zegoen, aldi baterako kontratuarekin. Kontratua amaituta, zerbitzua ordezkatzeko aldi baterako beste kontratu bat egin zitzaion haurren psikiatra bati, baina hilean zortzi egunetan baino ez du eman zerbitzua. Arrazoia: profesionalak falta direla, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen Zuzendaritzaren arabera. “Profesionalak egon badaude, baina lan baldintza duinak ez, eta horri lotuta dago profesional gabezia. Behin-behinekotasun handia dago (% 50etik gorakoa), lanaren gainkarga sistematikoa, ordezkapen eza eta erosahalmenaren galera etengabea ari dira sufritzen”, salatu du ELAk.

"Egoerarekin oso kezkatuta daude oinarrizko gizarte zerbitzuak, ikastetxeak eta Osasun Zentroko pediatrak"

Bada, urtarrilaren 31n haurren psikiatra horren aldi baterako kontratua ere amaituta, zerbitzurik gabe daude gaur egun eskualdeko umeak. “Egoerarekin oso kezkatuta daude oinarrizko gizarte zerbitzuak, ikastetxeak eta Osasun Zentroko pediatrak, haien eguneroko lana eta eskualdeko haurren osasun mentala okertzen eta zailtzen dutelako”, ohartarazi du sindikatuak.

Aseguru pribatuen gorakada

ELAk gogoratu du halako egoeren aurrean herritarrak gero eta gehiago ari direla jotzen osasun pribatura: “Gipuzkoan, mediku aseguru pribatuen kontratazioa %8 handitu da pandemiatik, eta 2021ean azken hamarkadan beste inon baino mediku aseguru gehiago sinatu ziren”.