Zuloak ezagutzen ez dugunaren leihoa izan daitezke. Ohartzen bagara zuloek izugarrizko misterioa sortarazten digute. Zulo bat ikusten dugunean, beti behatu nahi dugu barruan zer dagoen ikusteko, eta barrukoa ikusten ez denean, eskura daukagun zerbait botatzen saiatzen gara sakontasuna neurtzeko asmoz.
Jaurtitzen dugun objektua aztertzen dugu beste hainbat gauza aurkitzeko. Segun eta zer botako dugun, soinuak transmititu egingo digu zer dagoen zolan edo nolakoa den. Eta kolpe horren doinua gure belarrietara iristen denean, irudikeriak hasten dira.
– Zer egongo den beltz horren barruan? Zenbat eramango du han?
Zuloek aukera anitz uzten digute. Zulo baten zehar begira dezakegu gu ikusiak izan barik. Baina ikusten denarekin kontuz ibili behar dugu, askotan ez baita espero genuena. Gure begiradak zeharkatzen ditu, baina bestaldean suertatzen dena, edo egiten ari direnek, ez dakite aztertuak izaten ari direla. Beraz, inoiz imajinatuko ez genituzkeen gauza itzelenak ikus daitezke. Hain izugarriak zeren eta, Chejov-ek deskribatu zuen legez, zulo batean zehar geure burua ikus genezake ondo erreparatzen badugu. Akaso, horregatik askotan ez dugu behatu nahi.
Zuloek aukera anitz uzten digute. Zulo baten zehar begira dezakegu gu ikusiak izan barik. Baina ikusten denarekin kontuz ibili behar dugu, askotan ez baita espero genuena
Kuriositatea, beldurra… Denek eramaten gaituzte haietara, grabitate indar moduko bat izango balute bezala. Baina pizgarri horrek ez dauka eragin berdina guztiongan.
Askotan, izakiek, zelatatuak sentitzen ez direnean, zuloak aprobetxatzen dituzte haien gaiztakeriak ezartzeko, ahaztuak izatea nahi dituzten gauzak gainean jartzen duten lurrak haien lotsak estal ditzan.
Bizi naizen estatua guztiz zulatuta dago. Punta batetik bestera. Hobi komunez, hain zuzen ere. Zulo bakoitzak istorio sakonik gordetzen du. Jende askok zuloak ireki nahi ditu iraganeko zauriak sendotzeko, uste dutelako, barruan dagoena aurkituz, familiaren kapitulu beltz hori ixteko kapazak izango direla.
Ordea, lehen deskribatu dudan pizgarri hori baztertuz, eta izakiari dagokion jaiotzeko kuriositate horren barik, pertsona batzuek ez dituzte zulo horiek ireki nahi. Gainera, gutxi balitz, ireki nahi dutenei uko egiten diete. Bitxia.
Agian ez dituzte ireki nahi barnean dagoenaz dakitelako.
Beharbada, barruan dagoena ezagun dute, beraiek bota baitzuten.