argia.eus
INPRIMATU
Zuloa ez da fisikoa

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2023ko irailaren 08a

Baginaren bakarrizketak

Autorea: Eve Ensler

Itzulpena: Inma Infiesta.

Zuzendaria: Begoña Bilbao

Zuzendari laguntzailea: Martin Agirre

Aktoreak:  Intza Alkain, Ainhoa Etxebarria eta Itziar Urretabizkaia

Konpainia: Txalo produkzioak

Noiz-non: Abuztuak 17an, Donostiako Antzoki Zaharra

-------------------------------------------------------

Esaten da izena duenak izana duela eta zer dakigu baginaz apenas ahoskatzen ez badugu. Ahopeka, lotsati edota ezjakintasunetik begiratu ohi diogu, eta begiak itxita, gainera. Baginaren bakarrizketak obrak hiru aktore igo ditu eszenatikora sekretua hausteko asmoz, edukitzearen eta izatearen aldea nabarmenduta.

Zera hori, hor azpikoa. Badakizu, neska: asuntua, larrosa, meloia, poxpolina, potorroa, jaiotza, motxina, zuloa… Pitilinaren kontrakoa. Izendapen gutxi batzuk baino ez dira hauek, zalantzarik gabe antzezlanak duen une onenetariko batean oihukatzen direnak, bagina hitzaren tabuari jarritako ordezkari guztien manifestazioa egiten duten unean, ehunka baitira izendaezina den izena izendatzeko ahaleginak.

Adin, jaioterri eta baldintza sozial desberdinetako 200 emakumeri egindako elkarrizketa du oinarrian Eve Enslerren jatorrizko liburuak, obra hau egiteko abiapuntuak, alegia. 1996an antzeztu zen lehengo aldiz, ingelesez, Ameriketako Estatu Batuetan. Euskaraz eta Euskal Herrira 2011n ekarri zuten Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai aktoreek. 50 hizkuntzatara itzuli eta 140 herrialdetara zabaldu da dagoeneko. Begoña Bilbao zuzendariak berriro mahaigaineratu nahi izan du aurten. Hiru ahots oholtzan, gainontzekoen hotsak txukuntzen, oraindik gaurkotasunez ulertzen dugun testuinguruan eta apunte berriekin: transexualitatearena, esaterako.

Umorea nonahi darabilte, baita gure buruaz barre egiteko eta naturala den zerbait ezkutatzearen absurdoa publiko egiteko gogoa ere. Kontatzeko modukoak diren testigantzak intimitatetik ateratzekoak direla frogatu dute, publikoak lehen pertsonan ulertu baititu bestearen negarrak, batez ere, bagina dugunok. Motxinaren misterioak sortu dituen angustia, trauma, sentsazio, poz eta esperientziak hainbat esketxetan interpretatu dituzte modu dinamiko eta dibertigarrian, pertsonaien karakterizazio berezirik bilatu eta eszenografian galdu gabe, eta gorputzen adierazpena azpimarratuta. Soinu banda etengabekoa izan da, egunetan gordetzen den horietakoa, intzirien doinuek eta publikoaren algara nekaezinek sortutakoa.

Bizipenak, ordea, ez dira denak gozoak eta hori ere sentituko du ikusleak. Erreprodukzioaz gain, hilekoaz, bortxaketaz, minaz, plazerez, eiakulazioaz, orgasmoaz, orgasmorik ezaz eta jaiotzaz hitz egiten dute, besteak beste, negarra eragiteraino, batzuetan gordetako malkoak barre egitean ere ateratzen baitira. Horretarako ere badira antzokiak, jendeak badaki eta bilatu egiten du, gutxi izan baitziren libre geratutako eserlekuak.

Obra hau, beraz, hitz egin zuten emakume haien omenez eta isilik zein berritsu gaudenon eta datozenen mesedetan egindakoa da. Emakumearen sexualizazioak ikuslegoa plazerez lehertzeak asko pozten nau.