argia.eus
INPRIMATU
Tologorri
Zuku eta marmelada ekologikoak, hamaika zaporetakoak
  • Familiako baserriari jarraipena emateko apustua egin zuen 2000. urte inguruan Mikel Kormenzana urduñarrak, unibertsitateko ikasketak amaitu eta gero. “Esne behiak zeuden lehen gure baserrian, baina ni sartzean familiako abentura batzuk berreskuratzeko erabakia hartu nuen”, azaldu du. Zein zen familiako abentura hori? Bada, fruta arbolei berriz ekitea. Izan ere, amona bere garaian asko aritzen omen zen fruta arbolak lantzen, eta bide hori berriz jorratzen hastea izan zen erreleboaren gakoetako bat. Hurrengo urteetan, esne ekoizpena pixkanaka alde batera utzi eta zukua eta marmelada ekoizteari ekin zioten Tologorrin. Haragitarako behiak ere mantendu dituzte, dena den.

Garazi Zabaleta 2023ko irailaren 04a

“Inguru hauetan lehen arbola asko zeuden, eta justu ni hasi nintzen urte horietan baziren Urduñan baratze batzuk fruta arbola askorekin, baina bertan etxebizitzak egin behar zituzten, eta hango barietateak atera genituen mantendu ahal izateko”, gogoratu du Kormenzanak. Zukuak eta marmeladak egiteko darabilten fruta gehiena etxekoa dute: gerezia, okarana, sagarra, madaria, zitrikoak, fruitu gorriak… Ez dute azalera oso handia lantzen, baina barietate handia dute. “Gure estrategia ez da inoiz izan asko egitea, baizik eta barietate handia eskaintzea”, gehitu du.

Fruta arbola gehienak baserrian bertan dituzte, baina zitrikoen eta fruitu tropikalen kasuan, Ean dute ekoizpena, lagun batzuek utzitako lurretan. “Erabiltzen ditugun lehengaien zatirik handiena gurea da, etxekoa, baina hemen ematen ez duten arbolen kasuan, ahabia edo kiwia adibidez, Euskal Herriko beste ekoizle batzuei hartzen diegu”, azaldu du. Ekoizpen osoa eredu ekologikoan egiten dute.

Eraldaketarako gune kolektiboa

Ekoizpen ekologikoan jende askorik ez zen ari Kormenzanak proiektua abiatu zuen garaian, eta produktuak eraldatzeko obradore txikia jarri zuen martxan hasiera hartan. 2010ean, ordea, ekologikoan ari ziren inguruko beste lau baserritarrekin batu eta obradorean elkartea sortu zuten: Ekotarro izena du egitasmoak. Herrian bertan beste ekoizleekin sortutako sare horretaz gain, bestelakoetan ere parte hartzen du Tologorrik, Nekasarean, EHNE sindikatuan, EHKOlektiboan eta Bizilurren, besteak beste. “Nekazaritzari lotutako mugimenduetan egotea garrantzitsua da guretzat”, dio.

Salmenta zuzena egiten du urduñarrak, eta azoketan saltzen du ia guztia. Ekoizpenaz eta salmentaz gain, bestelako ekimenak ere egiten dituzte Tologorrin. Baserrian bisitak maiz antolatzen dituzte inguruko eskolekin edo udalekuekin, eta COVID-19 garaian gosari agroekologikoak egiten zituztela kontatu du. “Lehen ekologikoaz hitz egitean jendeak arraro begiratzen zigun, baina orain nabaritzen da leku batzuetan kontzientzia sortzen ari dela. Oraindik asko dago egiteko, baina tira, hasi ginenean baino hobeki ikusten dut egoera”.