Ostegun arratsaldez utzi zituen baldintzapeko askatasunean Maria Sanchez-Ortega instrukzioa daraman Durangoko Auzitegiko epailek. Kautelazko neurri gisa, atxilotuek hilean behin auzitegira joan beharko dute eta pasaportea kendu zaie.
Ertzaintzaren Eibarko komisaldegian pasatu dituzte 48 ordu Jose Ignacio Barinaga enpresaren jabeak, Arrate Bilbao kudeatzaile eta aurrekoaren lobak, eta Juan Etxeberria ingeniariak. Azkenean atxilotuek ez deklaratzea erabaki zuten, haien abokatuek jakinarazi zutenez, auziari buruzko ehunka orrialdeko Ertzaintzaren txostena ordubete lehenago jaso zutelako eta aztertzeko denborarik ez zutela argudiatuz. Lehen biek abokatu talde bat dute, eta ingeniarik beste abokatu bat. Alberto Sololuze eta Joaquín Beltran langile desagertuen abokatuek ere bide beretik jo zuten.
Nahasmen handia egon da atxiloketen harira, hasieran Segurtasun Sailetik atxiloketa agindua epaileak eman zuela jakinarazi zelako. Epaileak, aldiz, gezurtatu egin zuen hori eta, geroago, Jaurlaritzatik jakinarazi zuten gaizki ulertu bat egon zela eta agindu baino, epaileak baimena eman zuela atxilotuei deklarazioa hartzeko.
Berez bi auzitan dago Zaldibarko hondamendia orain: Durangoko Lehen Instrukzioko Salak pertsonen aurkako balizko delituak ikertzen ditu –oraingo atxiloketekin auzia ere berak darama– eta Bigarren Salak ingurumenaren aurkakoez arduratzen da. Orain, ordea, Bizkaiko Lurralde Auzitegia aztertzen ari da ea bi auziak batean batzen dituen eta, iturri juridikoen arabera, badirudi hori litzatekeela logikoena.
Gara egunkariko Iñaki Iriondo kazetariak ostiral honetan jakinarazten duenez, atxiloketa hauek auziaren tempus horiekin lotuta omen daude. Horren arabera, behin auziak batuta, zailagoa litzateke atxilotuak halako kautelazko neurri txikiekin baldintzapeko askatasunean uztea, eta horregatik egin dira atxiloketak auziak batu aurretik. Espainiako Estatuan zuhurtziagabekeriazko hilketa delitua sei hilabete eta lau urteko arteko kartzelarekin zigortu daiteke.