argia.eus
INPRIMATU
Zuhaitzen tragedia eta kriminalak
  • Hona nire maldizioa: egun animalienganako tratuari buruz zabaltzen ari den jendartearen jarrera bera etorriko da landareekin egiten diren krimen horiei buruz.

Jakoba Errekondo 2021eko azaroaren 01a
Zumaiako Erkibe etxeko kimaketa, udalaren aginduz, agi danean, 2021eko urriaren 26an. Platanoak hosto betean zirelarik... Argazkia: Baleike.

Espainiako Malagako lagun batek beti berdin adierazten du, On Kixote Mantxakoaren ezpainetan jarritako esaldia berrituz: “Elizarekin egin dugu topo”. Esaera hori askatzen eta argitzen oso zaila edo ezinezkoa denean erabiltzen dute; izan ere Elizari buruz ia buru adina aburu.

Ba antzera gertatzen da zuhaitz eta arbolekin. Zuhaitzei buruz eta bereziki bere inausketari buruz mundu guztiak daki, eta iritzia ematen du. Behin Itsasondon bide ertzeko parketxo batean zuhaitz eta arbola batzuei kalte latzak eragin zizkieten errepideko lan batzuk egiterakoan. Hor joan ginen, lanen ardura zuen ingeniari jaun bat eta biok, ni udalaren izenean, kalteak aztertu eta zer egin adostera. Ingeniaria omen zen, noski, eta berak ba omen zekien “zuhaitz ziztrin” horiek zauri larriei buelta eman eta bere onera etortzeko gai zirela. Harroputz nazkantea! Nola bururatzen ote zitzaidan zuhaitza aldameneko errepidearekin alderatzea, ezta bide seinale batekin ere! Hori omen zen garrantzitsua, errepidea! Eta noski, ez zegoela inola ere zuhaitz horietakoa kaltea zenik aitortzeko prest eta gutxiago hura erreparatzeko dirurik jartzeko. Buruharro haizetsu fanfarroia!

Ingeniari asko dago bazterretan. Gehitxo, gauza onerako. Eta zuhaitzak hankapean darabiltzagu: porlanak, burdinak, altzairuak, plastikoak, edozein gai eta materialek zuhaitz bizidun eta bizi-emaileak baino kontu handiagoa merezi du. Zuhaitzak balio handiko ondarea direla jabetu ezinik gabiltza. Baita onura saldoaren sortzaile ere: CO2 eta antzekoen xurgatzaile, bioaniztasunaren aberasle, tenperatura jaisle eta itzal emaile, urari eusten diote eta hondamendi naturalak saihestu, etxeen balioa areagotzen eta pertsonen osasun fisikoa eta mentala hobetzen dute. Agian horrexegatik ari dira zuhaitzen kontra, noiznahi eta nonahi, pitzatuta daudelako, burutik joanda.

Gure herri eta hirietan hasi eta gaur egun mendi muturreko azken zokoraino zabalduak dauden eta zuhaitzetan gauzatzen diren inausketa topiko eta praktika txarrak landareon kudeaketatik baztertu behar dira. Erabat ezabatu.

Negargarriak dira espezialisten aholkuari segika egiten omen diren krimen horiek zuritzeko politikari ezjakin eta ezer jakin nahi ez dutenek, buruzut, duten jarrera. Tragedia bat bizitzen ari gara: gure ondarerik handienetakoaren suntsipen masiboa. Hori bai, gero erraustegiaren aurka gaude, AHT txarra da, klima aldaketak itoko gaitu eta abar.

Ba hona nire maldizioa: egun animalienganako tratuari buruz zabaltzen ari den jendartearen jarrera bera etorriko da landareekin egiten diren krimen horiei buruz. Etorkizunean, moztu eta moztu, landareen izerdiarekin eskuak lerdatzen ari zareten horiek guztiek jakingo duzue, alabak gogoraraziko dizue: kriminalak izan zineten. Tragedia bat bizitzen ari gara. Buelta ere ikusiko dugu.