argia.eus
INPRIMATU
Zuhaitzen espirituak eta gure motozerrak
  • Irratsaioa mikazten didaten galdera horietako bat egin didate duela ez asko. Haur-eskola bateko jolastokian bizi zen urki (Betula spp) batek aurten ez du hostorik eman.

Jakoba Errekondo 2022ko irailaren 29a
Tokioko Meiji Jingü santutegia. Zuhaitzak bisitatzeko protokolo berezi bat dute: bideetatik ez dira ateratzen zuhaitzen lurra ez zapaltzeko; eta inork ez du zuhaitzetik hostorik, hazirik eta ezer hartzen, basotik ez da ezer kentzen.

Uztailerako hostorik eman ez badu, hil den seinale. Ez dut egundo ezagutu (ezta erreferentziarik izan ere) inon sasoi oso bat hostorik gabe iraun eta ondoren bizi izan den zuhaitzik. Azak ontzeko enborrean jo, tak-tak, eta hutsa dagoen soinua egiten omen du.

Bidali digun argazkia kalitate kaxkarrekoa izanagatik, ederki antzematen da gertaturikoa. Enborretik zabaldu beharko liratekeen adar nagusiak falta dira. Horien ordez, adar mehe luxe batzuk besterik ez da ikusten. Bateren batek ederki sartu du motozerra; inolako gupidarik gabe, brun-brun eta blaust lurrera. Zuhaitzari luzatzen utzi beharrean, hobe beharrez adarrak moztu eta berriak zabalera eman eta umeak dabiltzan tokian adar horiek erortzeko arriskua gutxitxeko asmoarekin egiten dira horrelako astakeriak. Hasteko, urkiak zur ahula du, zauri handiak ixteko gaitasunik ez du eta konturatzerako barrua usteldu eta hustu zaio. Orduan bai dela arriskutsua; zauri horiek indarrak desorekatu egin dituzte, eta, ondorioz, haustura gertatzeko arriskua askoz ere handiagoa da. Haurrak itzalik gabe eta arriskuan. Bururik gabe hartutako erabakiak. Gu denon ondarea den landaredia publikoaren aurkako erabakiak; beste behin, ezta ikasteko ere balioko ez duen ekintza okerra. Ezjakintasunaren kultura hezurretaraino sartu zaigu, eta beldurra sortzen digute gu baino handiago, bizitza askoz luzeagoko eta adimentsuago diren zuhaitzek. Beldurrean igeri dabiltzan usteak oinarri pentsatzen dugu, ito beharrean.

Japonian beste bukoiko sagardoa eta sakea dituzte. Badakite, zuhaitzek onura asko ematen dute: aire garbia, karbonoa xurgatzea eta hain neurgarriak ez diren hainbat onura: han, antzinako zuhaitzak eta basoak aspalditik estimu handitan dituzte, eta euren esanahi kulturala eta espirituala aintzat hartzen dituzte; hala, herrialdearen iraganaren eta orainaren arteko harremanak sustatzen dituzte. Zuhaitzek eguneroko bizitzako zalapartan atsedena eskaintzen dute. Zuhaitzekiko begirunea aspaldikoa da japoniar kulturan. Han sortu zen Shinto erlijioa eta horrek dio ehun urtetik gorako zuhaitzetan espirituak bizi direla. Kodama izeneko espiritu horiek zuhaitzaren nortasunean garatzen dira. Lehen Japonian, zuhaitz zaharrak errespetuz eta kontu handiz hartzen ziren. Gaur egun, zuhaitz zahar horiek soka sakratuekin markatzen dira, inork moztu edo kalterik egin ez diezaien eta zuhaitzaren espirituak ez daitezen haserretu.

Tokion Meiji Jingü santutegia eraiki zuten 1920an, eta “betiko basoa” sortzeko 100.000 zuhaitz landatu. Egun hamar bat milioi bisitari jasotzen ditu urtero, eta zuhaitzak bisitatzeko protokolo berezi bati lotzen zaizkio: bideetatik ez dira ateratzen zuhaitzen lurra ez zapaltzeko; eta inork ez du zuhaitzetik hostorik, hazirik eta ezer hartzen, basotik ez da ezer kentzen; eroritako hostoak ere lurrean geratzen dira.

Tokitan gaude gu. Gure haur-eskolako urkia han jaio izan balitz…