Zuhaitzak eta arbolak landatzeko sasoia zela idatzi nuen lehengo astean eta ildo horretatik batek baino gehiagok galdetu dit ea zer alde dagoen zuhaitzaren eta arbolaren artean. Ez al diren bada gauza bera. Gure etxean aitonak eta anaiek zurarekin eta egurrarekin lan egin izan dute, eta guretzat denak arbolak ziren. Gero, alfabetatu ginenean ikasi genuen zuhaitzak ere bazirela. Itxuraz arbolari “zuhaitza” esatea txukunagoa da; “arbola” hitza kanpotarra da eta zuhaitza bertakoa. Gaur ia jende guztiak “zuhaitza” erabiltzen du. “Arbola” izena soilik fruitua, guretzako fruitu erabilgarriaren uzta ematen dutenekin erabiltzen da, frutaondo esaten diegun horiekin (sagarrondo, Malus domestica, adibidez) fruta-arbola, fruta arbola, fruitu-arbola eta fruitu arbola. Egunen batean baten batek aurkituko du eta ohartuko da fruta-zuhaitza ere badela hiztegian jasoa eta, akabo, orduantxe amaituko da gure “arbola” hitzaren erabilera. Kuxidadearen izenean edozer gauza!
Eskerrak 2009an Josetxo Azkona Garzia poeta iruindarrak Arbola naiz, eta zuhaitza liburua argitaratu zuen. Hor dago jasoa bere deskubrimendua, zuhaitza ez da arbola. Garai hartan irrati batean egin zioten elkarrizketa bat zorioneko ezustekoz entzuteko egokiera izan nuen. Ederki adierazten zuen zuhaitzaren eta arbolaren arteko aldeaz jabetu zenean zenbaterainoko harriduraz bizitu zuen. Eta olerki sail batera eraman.
Liburuaren atzeko azalean honela dio: “Arbolak gara, eta zuhaitzak. Jo dezagun hirira! Gera gaitezen basoan”. Hortxe dago koxka. Arbolak landu egiten dira: hazitik sortu, zeharraldatu, aldatu, inausi… Zuhaitzek berezko sorrera eta bizimodua dute. Arbolak kulturalak dira; zuhaitzak naturalak. Arbolak zibilizazioa du oinarrian. Zuhaitzak natura.
Josetxok atariko sarrera batekin hasten du liburua eta argi asko utzi kontua; hona esaldi batzuk: “Baratzezainak ontzitik atera eta tentuz darama eguterako xoko batera […]. Gereziondoa aldagarria da, toki batetik bestera aldatu edo mudatzen delako (dugulako). Arbola da eta ez zuhaitza […]. Fruitu ahogozagarriak emanen ditu gereziondoak […]. Honexegatik ere, arbola da, eta ez zuhaitza.
Hagina, gereziondoa ez bezala, ez da haztegietan sortzen. Ez du, bera den modura izateko, inoren obratzerik behar. Izatezkoa da eta iraunkorra, guztiz basa, berez sortua delako basoan edo oihanean, pagoaren edo ametzaren antzera. Zuhaitza da, eta ez arbola […]
Gereziondoa eta hagina gara: arbolak eta zuhaitzak”.
Beraz, arbolak etekina ateratzeko lantzen ditugu: fruitua, zura… Eta zuhaitza berezkoa ia ukitu gabea. Baina etekina ere kentzen diegu, ezta? Ingurumena, perretxikoak, egurra… Horra zalantza! Denak zuhaitz eta denak arbola. Edo?