argia.eus
INPRIMATU
Zuhaitz zaharrek uste zena baino bi aldiz karbono gehiago gordetzen dute, ikerketa batek erakutsi duenez
  • Oxfordeko unibertsitateko irkerlari talde batek puntako teknologiak erabili ditu zuhaitz zaharrek metatutako karbonoa kalkulatzeko eta orain argitaratu berri duten txostenean erakutsi dute, eraitsitako baso zahar hektarea bakoitzeko alferrik galtzen (eta atmosferara isurtzen) uste genuena baino askoz karbono gehiago, ia kopuru bikoitza. Zuhaitz zaharren mozketa eragozteko eta antzinatik iritsi zaizkigun basoak bizirik zaintzeko aldarria izan beharko luke ikerlan berriak.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 26a
Wytham oihaneko (Oxford, Erresuma Batua) zuhaitz zahar bat. Argazkia: Family Ticket.

Zuhaitz eta baso zaharrek –landatu berriek eta, batik bat, zutoin-soroak baizik ez diren espezie bakarreko basoek ez bezala– daukaten garrantzia asko aipatzen da aspalditik, izan biodibertsitatea bermatzen dutelako, uraren zikloan daukaten garrantziagatik edo, azken hamarkadotan nabarmentzen denez, klimaren zoratzearen erantzule nagusietakoa den CO2 karbono dioxidoa beren zurean pilatu dezaketelako. Orain ikerketa berri bat etorri da erakustera CO2a airetik kenduta metatzeko zuhaitz zaharrek daukaten garrantzia uste zena baino are handiagoa dela.

Oxfordeko (Erresuma Batua) unibertsitateak badu hiri inguruan, Wytham Woods deitu aspaldi ukitu gabeko oihan txiki bat, 1940tik erabili duela ekologiari buruzko ikerketan. Orain British Ecological Society aldizkariak plazaratu du Wythameko basoko 1.000 zuhaitz ingurutan egindako ikerketa berri baten emaitza: ”Laser scanning reveals potential underestimation of biomass carbon in temperate forest”.

Azterlan berriak erakutsi du zuhaitz zaharrek Lurreko bizi-baldintzen kontserbazioan jokatzen duten funtsezko papera, ikertzaile britainiarrak Wytham Foresten ohartu baitira karbonoa beren egurretan metatzeko ahalmenari dagokionez zuhaitzok orain arte uste zenaren bi halakoa dela. Pentsa liteke agiri berriak eskaintzen dituen emaitzek eragina beharko luketela zuhaitz zaharrak moztearen aurkako babesetan, ez bakarrik Erresuma Batuan, baita Europa osoan ere.

Wythameko oihanean ikerlariek 3D ereduan kartografiatutako zuhaitzetako batzuk. Irudia: Oxfordeko unibertsitatea.

Ingalaterra, Flandria, Estonia eta Finlandiako 10 ikertzailek Wythameko 1.000 zuhaitz zaharrok kartografiatu dituzte laserrak eta 3D-an modelizatzeko sistema informatikoak erabiliz. Landareen zauririk txikiena ere egin barik zehaztasun handiz kalkulatu dute zuhaitz bakoitzaren bolumena, hortik ateratzeko enbor eta adarretan metatutako karbono kantitatea. BBC hedabide publikoari Londresko unibertsitateko irakasle Mathias Disneyk azaldu dionez, "zuraren dentsitatea ezagutzen duzunean, bolumena masa bihur dezakezu. Zuhaitzen masa horren erdia karbonoa da, beste erdia ura».

Metodo zehatzago horiekin kalkulu berriak burututa, emaitzak erakutsi du Wythameko zuhaitzek beren enbor eta adarretan jasota daukatela orain arte uste zenaren ia bi halako karbono kopurua, zehazki uste zena bider 1,77. Wythameko oihan txikia Erresuma Batuan dauden horrelako  hostozabal-baso ugarien berdintsua denez, ikerlariek uste dute datu berrien argitan eguneratu beharra dagoela uharte hartako zuhaitz zaharrek metatuta daukaten karbonoaren kalkulua: "Ziur aski ez bakarrik Erresuma Batuko basoetan, baina baita Europa osoko oihan zaharrei dagokienez ere, gutxietsi egin da horiek metatutako karbono kopurua" esan du ikerlanaren zuzendarietakoa den Kim Calders  irakasle flamandarrak.

Mathias Disney ikerlariak, bere aldetik, nabarmendu du Europa eta mundu osoan baso berriak landatzeko politikak ugaritzen diren garaiotan lehentasuna eduki behar duela lehengo baso zaharrak ez eraistea, horiek bizirik atxikitzea: “Zuhaitz handi eta zahar hauetan daukagun balioak ez du preziorik eta, beraz, alde batera utzita zenbat zuhaitz berri landatzeko asmoa daukazun, kosta ahala kosta lortu behar dugu zaharrak ez galtzea. Zuhaitz handi horiek oso garrantzitsuak dira“.