Asteroko papertxo honetarako, kolkoa landarez betetzeari eman diot urte hasiera. Kolkokoenetakoen arteko bati helduko diot, eta bere ele-mandazain natorkizu. Oso gurea dugun zuhaitz ttipi bat da, baina ez dut bere izenik aipatuko. Huts egin gabe ea igartzen diozuen. Asmakaiari ekiteko hutsak berak asko dio bere adarrei buruz…
Zuhaitz eitez ttipia bada ere, izatez izugarria da. Ezin konta ahala arrazoi badago izate hori aitortzeko. Etxe ondoan, atarian eta oilategian, maiz ikusten da. Santi Onaindiak ederki jaso zuen bere baserria deskribatzen zuten olerkien arteko “Zugaitz artean” deitutakoan. Hobe esanda maiz ikusten zen. Gure nagusitasun usteak buhatuta aurrekoen landareen jakintza gutxietsi eta gero eta pantailazkoagoak gara, eta etxe inguruan ere igartzen zaio. Hala ere, bizitzen ari garen garai eder honetan sumatzen dut zuhaitz hori bueltan datorkigula, bere premia sentitzen da.
Etxe inguruan nahi izan dugu, zeregin ugaritarako zeharo aproposa baita. Berak sugeak, lapurrak eta jendilajea uxatzen ditu. Sugeak uxatzeko atari ondoan, ukuilu sarreran eta aziendaren azpien azpian jartzen zen. Jendilajearena argi dago: jarri bat, azkar, ate aurrean.
Gurtzen dugun landarea da. Udako solstizioan bere eragin ona lortzeko, ateetan jartzen zen eta bere loreari “san juan lili” esaten zaio Erronkarin. Galizian “bieiteiro” edo “bedeinkatu” esaten zaio. Bere adaburua iratxoen eta intxixuen etxea zela uste zen eta, haiek ere gure lagun zirenez, adarrak zaindu egin behar. Ez zen nolanahi mozten bere adakirik, lehenik barkamena eta baimena eskatu behar zitzaizkion. Jostailuak, txilibituak eta abar egiteko erabiltzen da bere zura. Alemanian ohikoa zen bere aurrean kapela kentzea, bertan bizi den Holda (Ederra) jainkosa agurtzeko; Holda jakituria eta ontasunez beteak ugalkortasunean, haurdunaldian eta erditzean emakumeei laguntzen die. Esaera bat ere badute: “Vor den Holunder soll man den Hut abnehmen”, bere aurrean buruhastu behar da.
Etxe utzietsietan maiz ikusten da. Bere alea gozoa da oso, eta txoriek maite dute. Ugaldu ere beraiek egiten dute, fruituaren mamia jan eta hazia zirinetan banatuz; bere ondorengoak elikatuko dituzten zuhaitz berriak ereiten dituzte. Guretzat ere jangarri gozoa da, eta marmelada, erreximenta, konfitura eta antzeko ugari egiten da. Baita edari ahulak eta uxualak ere. Erle eta polinizatzaile ugarirentzako festa dantzagarria eskaintzen duten bere lore laruekin edari apardun harrigarria sortzen da, eta beste edari batzuk ontzeko ere badarabilte, sagardoa adibidez.
Sendabelar ikusgarria da: lorea, azala, fruitua… Zer ez du osagai! Era guztietara eta makina bat gaitzi aurre egiteko erabiltzen da.
Satorra uxatzeko ere hura dabilen lurretan bere adarrak sartzea ona omen da.
Nor ote da?