Saran martxoaren 1etik 3ra burutzen ari dira Zuhaitz mugarroen 2 biltzarra. Elikagaien ekoizpenean soroetan zuhaitzak integratzearen abantailak lantzen dituen agroforesterian gero eta interes handiagoa pizten dute egurretarako bezala aziendak elikatzeko lepatu edo mugarrotutako arbolek.
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak hartu du Saran hiru egunetako jardunaldiak antolatzeko lana, baina oihanen eta soroen integrazioan Europa mailako erreferentzia diren erakundeen zuzeneko parte hartzearekin: Agroforesteriako Frantziako elkartea, Munduko Agroforesteria zentroa, Britainia Handiko ORC Agroekologiaren Ikerketarako zentroa... Hamar herrialde baino gehiagotik etorri dira nekazari, teknikari, lurralde kudeatzaile, hautetsi eta ikerlariak Lapurdiko Sararaino. Antolatzaileek aldi bereko itzulpen zerbitzua agindu dute, edonork jarraitu ahal izateko elkarrizketak frantses, ingeles eta euskaraz.
Herritar askok mendian ikusita basati edo naturaltzat dauzkaten zuhaitz asko benetan mugarroak dira. Ikatzetarako bezala sutarakok edo eraikuntzan erabiltzeko hobeto ustiatzeko gizakiak tarteka aizkoraz era berezian moztutako zuhaitzok sarritan aipatu ditu Jakoba Errekondok bere artikuluetan. 2011ko batean honela deskribatzen zituen: "Lepatu, mugarrotu egiten zen zuhaitza, hiru bat metrora zast moztu. Han goian berrituko da, adar mordo bat emango du. Hainbat urtez behin, adarrok behar dugun tamainakoak egin direnean berriro bertan mugarrotu. Guk egurra eskuratu dugu eta zuhaitza goi horretan berrituko da. Behor lepaluzeenaren zorrotzetatik urruti. Zuhaitzaren ipurdian eta enborrean sortutako altsumak harrapatu eta jango ditu abereak, baina hori ona da, goiko adar berriak indartuko dituen inausketa. Honela sortzen dira zuhaitz motzak, modorroak edo mugarroak. Basogintza perfektura hurbiltzen den paisaia kulturala, bertako kulturaren ekonomiaren premiak denak asetzera bideratutakoa: abereen bazkak, ikazkinen egurrak eta arotzen zurak".
Ostegunean, martxoak 1, goizean Europatik iritsitako zenbait adituk mahai inguruan landu dute honako gaia: "Zuhaitz lepatuak paisaietan : historia eta perspektibak". Arratsaldean Sarako oihana bisitatuko dute, Europan zuhaitz mugarroak hustiatzeko hemen mende luzez erabili diren teknikak lekuan bertan ezagutzeko. Ostiralean eta larunbatean zehar hitzaldi, mahai inguru, material eta tresna erakusketa eta denetariko esperientzia trukatzeak izango dira.