argia.eus
INPRIMATU
Zuen etxean ere emakumeak arduratzen al dira opariak erosteaz?
  • Opariak erosteaz batik bat emakumeak arduratzen direla diote azterketek. Durangoko Azokan murgilduta eta Gabonak gertu, gai aproposa dirudi inkestek erakusten duten errealitateaz, gizonek jartzen dituzten aitzakiez eta emakumeek duten "zama mental ikusezina" kontzeptuaz hitz egiteko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko abenduaren 06a
Opari gehienak emakumeek erosten dituzte, arropa baldin bada alde handiz, baina haurrentzako jostailuak erosten ere emakumeak dira gehiengoa. Argazkia: Racool Studio / Freepik

Solasaldi informalean atera da gaia: Gabonetako bazkari-afariez etxeko emakumeak arduratu ohi direla oraindik, dena prest eta txukun izateaz... eta baita opariez ere. "Erosteaz, eta horren atzean dagoen guztiaz: oparia egingo diogun pertsonak dituen gustu eta beharretan arreta jartzeaz, ilusioa zerk egingo dion pentsatzeko denbora hartzeaz, aukeraketan mimoa jartzeaz, detaileetan erreparatzeaz...", gehitu du emakumezko solaskideak.

Gure solasaldiak balio estatistikorik ez duen arren, egin diren ikerketetan apur bat arakatzea baino ez dago, ustea berresteko: opari gehienak emakumeek erosten dituzte, arropa baldin bada alde handiz, baina haurrentzako jostailuak erosten ere emakumeak dira gehiengoa, eta teknologia tartean bada gizonek gehiago hartzen dute parte. Aurtengo inkesta batek dio AEBetako emakumeen erdiak baino gehiagok erosten duela beretzat den oparia ere, gero bikotekideari edota seme-alabei eman eta haiek berari oparitzeko.

Sakonean, jakina, generoaren araberako heziketa eta espektatibak daude, eta badu izena: zama mental ikusezina.  Zer den gehiago, zama ala ikusezin, ez dago argi

"Jende pilaketak ez ditugu gustuko"

Inkesta hauetakoren batean irakurri dugu gizonek diotela opari perfektua aurkitzeko ez direla gai, eta ez dituztela jende pilaketak eta ilarak maite. Tira, gizon edo emakume, ez dira izaten horiek inoren gustuko. Arropa kontuetan asmatzea ezinezkoa dela, gustu txarra dugula, oparia egin behar diogun pertsona "oso zaila" dela... ere entzungo zenuen inguruan, opariak erostetik libratzeko.

Sakonean, jakina, generoaren araberako heziketa eta espektatibak daude, eta badu izena: zama mental ikusezina. Zama horren barruan sartzen dira etxeko antolakuntza, agenda, konpromisoak… eta, kasu honetan, opariak. Azken finean, dedikaziotik, mimotik –sarri buruhaustetik– eta denboratik asko du opariak, aipatu moduan. Zama ikusezin hori osatzen duen zerrenda amaigabea da, eta ohikoena da emakumeen bizkar erortzea, zeregin horiek haien arduratzat hartzen direlako maiz. Zer den gehiago, zama ala ikusezin, ez dago argi.