Asteazken honetan bildu dira Donostiako Udaleko alkate Eneko Goia eta Espainiako Espetxeetako Zuzendari Miguel Contreras Madrilen. Mahai gainean gai nagusi bakarra zuten biek; Martuteneko espetxearen itxiera. Baina antza, ez dute aurrerapauso nabarmenik eman ahal izan.
Martuteneko espetxea ahal bezain laster itxi eta Zubietako Eskuzaitzeta eremuan, aurreikusia dagoen espetxe berria ahalik eta lasterren eraikitzea beharrezkoa eta premiazkotzat jo dute bi alderdiek. Aldiz, espetxearen leku aldaketa gauzatzeko neurririk ez dutela zehaztu adierazi dio Espainiako espetxeetako zuzendariak Donostiako alkateari. Espainiako Gobernuko Barne Ministeritzari eta Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Orokorrari erabakiren bat hartzera bultzatzeko konpromisoa hartu du halere, Contrerasek.
2018ko erronken artean kokatu zuen urte hasieran Eneko Goiak, Martuteneko espetxearen itxiera eta Zubietara lekuz aldatzea. Gaurko bilera garrantzizkotzat jotzen zuen, espetxearen leku aldaketa gauzatzeko konpromisoa datekin zehaztu asmo baitzuen.
Bilera ostean, gehiago ezin dutela itxaron zioen Goiak, gai honi berehalako irtenbidea eman behar zaiola. Gogoan izan, Martuteneko espetxea ixtea ezinbestekoa du hiriburuko Udalak Donostia zonalde horretan hazi eta garatzeko, etxebizitza berriak eraiki ahal izateko alegia. Gainera ingurune horretan uholdeak saihesteko egin diren hobekuntza lanak tarteko, inguratzen duen zonaldearen altueraren azpitik geratu da Martuteneko espetxea, lau metro beherago. Uholdeen kalteak jasateko arrisku handiagoa du orain aipatu espetxeak.
Espainiako Gobernuko Barne Ministro Juan Ignacio Zoidok lehen lerrora ekarri zuen berriz, Zubietako makrokartzelaren gaia. Zehazkiago esanda, bere adierazpenek. Zubietako makrokartzela eraikitzen amaitu aurretik itxi dezakete Martutenekoa eta honenbestez lur eremu horretan Donostia hazi eta garatzeko tokia utzi. Horixe adierazi zion Zoidok azaroa amaieran Espainiako Gobernuaren Diputatuen Kongresuko kontrol saioan, EAJ-ren diputatu Mikel Legardak Martuteneko zentroaren inguruan dituzten aurreikuspenen inguruan eginiko galderari erantzunez.
Datozen egunotan, gai honetan aurrerapausoak emateko espetxe ekipamendu eta azpiegituren sozietateko lehendakaria Donostiako alkate Eneko Goiarekin biltzekoa dela iragarri zuen barne ministroak. EAJ-ko diputatuak esandakoarekin bat eginez, ezinbestekotzat jo zuen egoera argitzea, Martuteneko espetxea itxi, bertako espazioa libre utzi eta hiriburua Martutene aldean garatu ahal izateko. Hori guztia, Zubietako makrokartzelako eraikitze lanak amaitu gabe egin daitekeela zioen Zoidok.
Zubietako makrokartzela beharrezkoa ote den zalantzan jarri dezakete adierazpenok. Zoidok kontrakoa dio. “Beharrezkoa da. Zergatik? Martuteneko espetxea oso zaharkitua dagoelako, gabezia asko ditu eta ez da zentzuzkoa XXI. mendean, presoak dauden espetxearen arabera, XXI. mendeko instalakuntzez gozatu ahal izatea edo Espainian dugun zentro zaharrena den Martutenekoa bezalako kartzela baten gabeziak jasan beharra izatea”.
EAJ-ko diputatuak esandakoarekin bat egin zuen barne ministroak. Alegia, Martuteneko espetxearen berehalako itxiera defendatzen dute, eragin larria suposatzen duelako bertako langile eta presoentzat. Legardaren esanetan, Martuteneko espetxea Espainiako zaharrenetarikoa da eta gabezia funtzional eta egiturazko larriak ditu. Espetxea txikia, zaharkitua eta hondoratua geratu da, uholde arriskua saihesteko berritua izan den auzune batean.
Espetxeen kudeaketarako eskumena euskal erakundeen esku uzteko eskaera ere egin zion Legardak barne ministroari. Zoidok gai honen inguruan ez zion erantzun, azaroa amaierako Kongresuko saioan.
2005ean Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak eta Donostiako Udalak Zubietako makrokartzela eraikitzeko protokoloa sinatu zuten. 2011n bi aldeek hitzarmen berri bat sinatu zuten baina Zoidok azaroa amaieran aitortu zuenez, arazoak sortu dira bai lurzoruan baita Zubieta gainean erraustegitik gertu kokatzea aurreikusten duten proiektuan ere. Gogorarazi zuenez, ezponda eraikitzeko plana esleitu berri dute. Horren gainean eraiki asmo dute Zubietako makrokartzela.
Albiste hau Usurbilgo Noauak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.