Ekopol ikerketa taldeak eta GuraSOSek elkarlanean egindako ikerketa baten arabera, Zubietako erraustegiak ez ditu ingurumen baimena izateko baldintzak betetzen. Bere arduradunek ez dute aurkeztu energia-efizientzia egiaztatzeko kanpoko txostena, ondorioz, ez dago sailkatua balorizazio energetikoko instalazio gisa. Erraustegiak, bestalde, bi aste geldirik daramala salatu dute.
Ikerketa egiteko administrazioaren "dokumentu guztiak" eskuratu eta aztertu dituzte Ekopolek eta GuraSOS elkartearen talde juridikoak. "Ziurtatzeko moduan gaude Zubietako erraustegiko kudeatzaileek ez dutela zenbait dokumentu aurkeztu", azaldu dute.
Gorka Bueno EHUko irakasle eta Ekopoleko kideak sinaturiko txostenean eman dituzte argitara ikerketaren emaitzak. Azaldu dutenez, Zubietako erraustegiaren energia-efizientzia egiaztatzeko kanpoko txostenik ez dago, eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez du modurik kalkulu hori egiteko. Balio hori gabe, gainera, ezin izan da hondakinen balorazio energetikoko instalazio gisa sailkatu.
2016ko txosten bat erantzun gisa
Ikerketa taldeak 2022ko apirilean eskatu zion lehen aldiz informazio publiko hori Eusko Jaurlaritzari. Ingurumen Zaintzarako Planaren urteko txostenak Zubietako planta R1 kodearekin identifikatzen du –hondakinen balorizazio energetikoa egiten duen planta gisa–, baina txostenak ez du horretarako "inolako justifikaziorik" eskaintzen, ezta arestian aipaturiko energia-efizientziaren baliorik ematen ere.
Hori horrela informazio gehiago eskatu zioten Jaurlaritzari. Baina honek, SGS Tecnosek egindako neurketa baten balio hutsa zekarren dokumentu bat eta 2016an egindako energia-efizientzia egiaztatzeko kanpoko txostena baino ez dizkie igorri, hau da, erraustegia eraiki gabe zegoenean idatzitako txosten bat, kalkulu teoriko batzuekin egina. Kasualki, bietan balio bera errepikatzen da gainera (0,82).
Ikerketaren arabera, bistan da Zubietako erraustegiaren kudeatzaile eta arduradunek ez dituztela plantaren efizientzia-energetikoa neurtzeko kanpo-txosten eguneratuak egin, eta bistan da administrazioak ez dituela egiaztatu eta kontrolatu kalkulu horiek.
Ingurumen baimena ere zintzilik
Egoera horrek erraustegiaren ingurumen baimenari ere eragiten dio. Izan ere, Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) barruan hondakinak tratatzeko operazioen baimena dago, beste batzuen artean, baina baimen hori lortzeko beharrezkoa da egiaztatzea errausketa gutxieneko efizientzia maila batekin egiten dela.
Energia-efizientizaren egiaztapen txosten horren faltak ondorio bat dakar: IBBak bere "indarraldi hori galtzea edo iraungitzea". Beraz, Ikerketa honen arabera, Zubietako erraustegia ingurumen baimena indarrean eduki gabe ari da hondakinak erretzen.
Bi aste geldirik
GuraSOSek, bestalde, salatu du erraustegiak bi aste daramala geldirik, gutxienez apirilaren 17tik, eta zaborra pilatzen ari dela. Elkarteak jakin duenez, elektrizitatea sortu behqar lukeen generadore bat matxuraturik dago.
Orain arte instalazioak izandako akats ugarien errepasoa ere egin du GuraSOSek eta "proiektuaren funtsezko bost elementuetatik, generadorearena zen huts egiteko falta zen bakarra", esan du. Lehendik labe-galdarek edo gasa erauzteko sistemek ere huts egin izan dutela dio: "Beste era batera esanda, ez dago behar bezala funtzionatzen duen instalazio moderno eta seguruaren elementurik. Lardaskeria handia da, iruzur galanta".
GHK-k oharra kaleratu du bere aldetik, GuraSOSek salaketa publiko egin ostean. Azaldu du "matxura txiki bat" gertatu dela elektrizitate barra batean, baina segurtasun sistemek "automatikoki" funtzionatu dutela. Apurtutako pieza berritu zain daude orain.