Gipuzkoako erraustegitik behera doan Arkaitzerreka errekan ehunka angila eta arrain aurkitu dituzte hilda larunbatean. Ezin da baztertu isuri toxikoren bat gertatu izana. ARGIAk bertan egon den pertsona batekin hitz egin du. "Erraustegitik behera dator erreka, ez dago eragina izan dezakeen bestelako jarduerarik hemen. Erreka osoa hilda dago", adierazi du.
Zubietako erraustegiak zeresana ematen jarraitzen du, oraindik ofizialki inauguratu ez badute ere. Maiatzaren 9an, larunbata, bertatik Oria ibaira doan Arkaitzerreka errekan ehunka arrain agertu dira hilak, batez ere angilak, ARGIAk jakin duenez.
Hedabide honek lekuko batekin hitz egin du eta honek adierazi du errekako parte askotan aparra ikusten zela. 112 larrialdi zerbitzuetara eta Usurbilgo udaltzaingoari deitu diola, eta bigarren hauek adierazi diotela URA agentzia jakinaren gainean zegoela. URA agentziak ez du publikoki ezer adierazi.
Gipuzkoako agintariek argitu beharko dute zer den gertatu dena, eta ea isuri toxiko bat gertatu den erraustegian. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko pertsona honek hildako arrain batzuk eta uraren laginak hartu ditu, analitika egitea baztertu gabe.
Zubietako erraustegia "froga" fasean dagoen arren, egunean 200 tona hondakin erretzen ari direla adierazi zuen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen Diputatuak, eta Espainiako Gobernuak Alarma Egoera amaitutzat joko duenean, berehala inauguratuko dutela.
Orain bi egun Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak hamar galdera zuzendu zizkien agintariei, erantzun zitzaten eskatuz.
Azpiko bideoan egoeraren azalpena bertatik bertara.