argia.eus
INPRIMATU
Zubietako hondeamakinaren aurkako erasoa gaitzetsi du Gipuzkoako Aldundiak
  • Zubietako erraustegia egiten ari diren eremuan hondeamakina bat matxuratu dute hiru ekintzailek, gidatzeko kontrola hautsiz. Ekintza gaitzetsi du José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak. Azaldu du gisako erasoek garai bateko ekintzak ekartzen dituztela gogora.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 30

“Dirudienez, denek ez dute iraganeko ildoa baztertu”, esan du Asensiok. Gaineratu du zilegi dela proiektu baten aurka egotea, “baina inoiz ez horren kontra indarkeria erabiltzea”.

Adierazi du hondeamakinak ez duela zerikusirik erraustegiarekin, “obrak oraindik hasi gabe daudelako”. Astelehenekoa ekintza isolatua izatea espero du Ingurumen diputatuak.

Zubietako errauskailuaren obren hondeamakinari palanka hautsi diote

Hiru lagunek Gipuzkoako errauskailua eraiki nahi duten eremuan ekintza egin dute, obretarako erabiltzen ari diren hondeamakina gidatzeko palanka hautsiz. Azpiko bideoan ikus daiteke.

2013an gelditu zituzten Zubietako obrak, orduko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko agintarien eskutik. 2015eko hauteskundeek utzitako panorama instituzional berriaren ondoren, proiektua berriz martxan jartzea erabaki zuten erakundeek.

Aurten jakin denez, errauskailua eraikitzearen truke enpresa pribatu batek kudeatuko luke planta hurrengo 30 urteetan. Obrak oraindik hasi ez diren arren, irailean martxan jartzeko asmoa adierazi zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek.