GHK-k espedientea ireki dio Zubietako errauste-planta kudeatzen duen Ekondakin enpresari, honek jakinarazi ostean amoniakoa isuri zutela aldameneko Arkaitzerrekara. Ehunka arrain hilda agertu ziren ondorioz. Aurretik, Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak ziurtatu zuen "ezinezkoa" zela kutsadura erraustegitik irten izana.
Maiatzaren 7an kamioi zisterna batek amoniakoa isuri zuen Zubietako errauste-planta ondoan dagoen Arkaitzerrekara, haren kudeatzailea den Ekondakin enpresak (Urbaser, Meridiam, Altuna y Uria, Moyua eta LKS-k osatua) jakinarazi duenez. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ohar bidez azaldu du zigor espedientea zabaldu diola enpresari. Horren berri eman dio Gipuzkoako Diputazioari, Eusko Jaurlaritzari eta Uraren Euskal Agentziari.
Asteburuan zientoka arrain hilda agertu ziren erreka horretan eta kutsadura erraustegitik etor zitekeela ziurtatu zuten lekukoek. Alabaina, Gipuzkoako ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ukatu egin zuen loturarik, esanez erraustegiak "ura kudeatzeko sistema itxia" duela.
URA agentziaren esku utzi zuten isuria ikertzea eta honek laginak hartu zituen horretarako. Hain justu Asensio bera da, EAJ eta PSEeko beste hainbat kargurekin batera, agentzia publiko horren administradore eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak salatu du "agintariek soka motzetik kontrolatutako" erakundea dela.
Usurbilgo Udalak bere kabuz ere laginak hartu zizkien hildako arrainei eta berretsi du amoniako kopuru oso altua aurkitu dutela Arkaitzerrekan: "Inguruko erreketan 1mg/l amoniako izan ohi da kontzentrazio ohikoa, baina igandean, 62 mg/l amoniako neurtu ziren", azaldu dio Noaua-ri.
"Ez genbiltzan oker, Asensio jauna: Arkaitzerrekako kutsadura errauste-plantak eragin du. Eta orain zer? Ze neurri zuzentzaile hartuko dituzue berriz ez errepikatzeko? Zeintzuk dira kontrol-mekanismoak? Nork babestuko gaitu? Erantzunak behar ditugu: gardentasuna", adierazi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak.
GHKren esanetan, Gipuzkoako Ingurumen Zentroa osatzen duten azpiegituretan (erraustegia, TMB planta...) zirkuito itxiak "behar bezala" funtzionatu du. Planta barruan ez baina kanpoan egin dute isuria, emaitza kaltegarri berarekin.