argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegiaren kontratua sinatu dute
  • Aurreko astean Gipuzkoako Kontratu Helegiteen Auzitegiak argi berdea eman ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratua sinatu du Urbaser txinatarra buru duen enpresa taldearekin: Meridiam Investments SAS, Altuna y Uria SA, Moyua SL, Murias SA eta LKS Ingenieria S.COOP. Kontratua erakusteko eskatuz sinadura bilketa martxan du Gipuzkoa Zutikek.

ARGIA @argia 2017ko apirilaren 03a

FCCk Zubietako erraustegiaren adjudikazioari jarritako helegiteak hilabetez geldiarazi dio Aldundiari eraikuntza enpresekin kontratua sinatzeko aukera. EH Bilduk gelditu zuen erraustegi proiektua egitea berari zegokiola nabarmendu zuen FCCk helegite horretan baina Gipuzkoako Kontratu Helegiteen Auzitegiak Aldundiari eman zion arrazoi aurreko astean, 2011ko adjudikazioa berriz ezartzea "ezinezkoa" dela iritzita.

"Olano, egia jakin nahi dugu, erakutsi kontratua"

Gipuzkoa Zutikek sinadura bilketari ekin dio, zehazki sinatutakoa zer den publiko egiteko eskatuz. Testua euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta arabiarrez jarri dute. Bertan zera azpimarratzen dute: "Jakin dugu erraustegiaren proiektua sinatuz gero, ondoren albo batera uzten bada 600 milioi euro oparitu beharko dizkiegula enpresei, 'kalte ordain' kontzeptuan. Herritarron dirua, zerga bidez jasoa, zuzenean %1aren boltsikora kontratu eta kalte ordain kontzeptuetan. Horregatik, eta gai hauei buruz ere erabaki nahi dugulako, zera diogu: Gure izenean sinatuko duten kontratua ikusi nahi dugu. Egia jakin nahi dugu".

Ezagutzen dena: Deloitteren txostena

Pello Zubiriak 2016ko uztailean argitaratu zuen "Ez nire izenean" artikuluan laburbildu zuen Deloitte “aholkularitza” enpresak GHKri prestatutako “Informe de fiscalización previa del gasto y certificado de existencia de crédito”. Bertan zehazten diren irizpideak dira Zubietako erraustegiaren baldintza ekonomikoez herritarrok gaur arte dugun informazio bakarra.