argia.eus
INPRIMATU
Zubietako erraustegiaren gatazkarako irtenbide adostua eskatu dute milaka pertsonak Donostian
  • GuraSOSek deituta milaka pertsonak manifestazioa egin zuten igande eguerdian Donostiako kaleetan. Zubietako erraustegiaren gatazkari irtenbide adostu bat topatzeko eskatu dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 20a
GuraSOSek deitutako manifestazioa Donostiako bulebarrean. (Arg.: GuraSOS)

“Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna besterik ez! Sin conflicto. La solución es el acuerdo” lemapean, 10.000 pertsona baino gehiago bildu dira GuraSOSen arabera, eta manifestazioa historikotzat jo dute.

Antolatzaileak oroitarazi dute lanen inguruko azken erabakia Gipuzkoako Aldundiak duen arren, legea, eta batez ere, herritarren nahia errespetatu behar dutela. GuraSOS plataformako kide Joseba Belaustegik irtenbidearen aldeko deia egin dio aldundiari: “Irtenbide hori adostua, kontsentsuzkoa eta iraunkorra izan dadin eskatzen dugu. Eta batez ere, urte asko irauten ari den eta gizartea bereizten hari den gatazkari irtenbidea ematea”.

Manifestazio amaieran, GuraSOSeko lehendakari Joxe Mari Izetak aldarrikatu du Gipuzkoako etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea dutela, eta aldundiari galdera zuzena bota dio: “Zergatik ez duzue martxan jarri parte-hartze prozesua?”.

Bestalde, eta Berriak jaso duenez, aldundiari ohartarazi diote Europar Batasuneko legediaren arabera sei urtetik behin berritu behar dela hondakinen inguruko legedia, eta arlo horretan Gipuzkoan "berandu" dabiltzala.