Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak Eusko Legebiltzarrari azaldu dioenez, erraustegiak ez du sistema automatiko bat kutsadura maila handia denean hondakinak erretzen segitzea eragozten duena. Horrez gain, Arkaitzerrekan izandako isurketek kutsadura eragin dutela ere dio Arantxa Tapiak.
Zubietako erraustegian izaten ari diren arau hauste eta irregulartasunen inguruan galdetu dio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak, eta honek erantzunean aitortu du erraustegiak ez duela sistema automatikorik partikulen kontzentrazioa onartutakoaren gainetik (150mg/Nm3) denean labeari hondakinak jaurtitzen segi dezala eragozteko.
Naiz.eus-ek argitaratutako informazioaren arabera, Tapiak bere garaian GHK-k esandakora jo du erantzunean: "Atmosferara egiten diren isurketei dagokienez, ez dago errekuntzan automatikoki eragiten duen kontrolik", azaldu du. Gaineratu duenez, labera hondakinak ez botatzea langile baten eskutan dago "guztiz". Langile horrek "aurre-alarma" bat jasoko luke isurketen kutsadura maila gainditzera doala abisatzen diona.
Nolahai ere, Tapiak dio "erabat faltsua" dela Zubietako erraustegiari ingurumen baimen bateraturik eman zitzaionik baldintza guztiak bete gabe.
Arkaitzerrekan izan diren isurketa ugarien inguruan, sailuruak onartu du amonioaren eta bestelako gai kutsatzaileen "balio gehiegizkoak" jaso direla, eta URAk GHKri isun espedientea zabaldu ziola gogorarazi du.
Naiz.eus-ek nabarmendu du Tapiak "abuztuko" isurketa batez hitz egiten duela, baina ondoren uztaileko datuak ere eman dituela. Izan ere, egunkari horren arabera Ingurumen sailak baditu txostenak esaten dutenak errekako kutsadura 2019ko abendutik zetorrela gutxienez, hain justu erraustegia martxan jarri zen unetik.